Koronabirusagatik ezarritako alarma-egoeraren ondorioz, martxoaren 14an ikastetxeak eta unibertsitateak itxi zituzten. Ikasleak etxetik ari dira ikasten, Internet bidezko klaseak jasotzen dituzte edota zuzenean etxerako lanak bidaltzen dizkiete. Ezohiko ikasturte amaiera bizitzen ari dira ikasleak. Hamaika egoera desberdin daude. Tartean unibertsitate ikasleen egoera dago. Unibetsitateetatik esan zuten ikasturte honetan ez direla klaseetara itzuliko, baina klaseek eta azterketek jarraitzen dute, ikasleen ezinegona areagotuz. Tasio Mertxan altsasuarra Zientzia Politikoak graduko ikaslea da, Leioako Gizarte eta Komunikazio zientzien fakultatean eta Unibertsitate Indar Batasuneko militantea da. UIBk krisialdiari aurre egiteko hainbat dinamika landu ditu.
Zer da UIB?
Unibertsitateen Indar Batasuna. Unibertsitatearen barruan dagoen langileria batzeko eta izendatzeko sortu zen. Duela bi urte inguru sortu zen eta gaur egun arte hainbat erronka izan ditu.
Zer egiten ari zarete egoera honen aurrean?
Alde batetik, egoeraren analisia egin dugu, eta, bestetik, bi dainamika abiarazi ditugu ikasleon arteko laguntza eta elkarlana sustatzeko helburuarekin: ikasleen babes sarea eta apunteen bankua. Ikasleen babes sarea arazoak izan ditzaketen ikasleak laguntzeko sortu da. Unibertsitateko ikasleek boluntario sare bat sortu dugu DBH, Batxilergo eta Unibertsitateko ikasleak azterketen prestaketan laguntzeko. Baita sor daitezken edozein motatako arazoen berri eman ere.
Beraz, egoeraren hausnarketa egin duzue. Zein ondoriotara iritsi zarete? Zein da zuen egoera?
Alarma-egoerak Eukal Herriko Unibertsitatearen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ixtea ekarri zuen. Horrekin, martxan zeuden langileen hainbat aldarrikapen eten ziren ere. Esaterako, EHUko garbitzaileek lan baldintzak hobetzeko eskatzeko abiarazi zuten greba eten zen. Bestetik, argi geratu da hezkuntza sistema hau ez dagoela edozein egoeratan ikasleria laguntzeko prest. Kontrakoa baizik. Izan ere, edukiak lantzeko modua guztiz aldatu da, eta kasu batzuetan ezinezkoa da aurrera eramatea. Unibertsitatetik eskuak garbitzeko ebaluazio jarraia idartzeko apustua egin dutela esaten dute, hori saldu zuten, baina orohar azterketak mantendu dira, edukiak emateko modua zaildu eta okertu den arren.
Zergatik okertu da? Nola ari zarete ikasten?
Kasu desberdinak daude. Nire kasuan zenbait irakasgai modu telematikoan mantendu izan ditut, baina edukia emateko ez da modurik hoberena. Ezta barneratzeko ere. Ikasleok ez ditugu klaseak jaso eta bakarrik lanen bidez jasotzen dugu informazioa. Kasu batzuetan ez dago irakasleen partetik inolako komunikaziorik.
Unibertsitateen inplikazio eza somatzen duzue?
Bai. Inplikazio eta informazio gehiago. Lehenenego momentutik, klase presentzialak itzuliko ziren jakin gabe egon gara duela gutxira arte. Azkenean ezetz esan zuten arte. Berreskurapenekin ere zergertatuko zen ez genekien… ez ziguten ezertaz informatzen. Bitartean, ikasleak egun hauetan bizitzen ari garen lan pilaketa izugarria izan da. Egunero lanak aurkeztu behar ditugu, horrek dakarren lan kargarekin.
Horren aurrean, zuek ikasleen arteko elkarlana sustatzen duzue.
Hori da. Aipatutako bi dinamika horiekin: babes sarea eta apunteen bankua. Ikasketetan laguntza behar dutenak gurekin harremanetan jar daitezke uibnazionala@gmail.com korreoan, 688646697 telefonoan edo sare sozialen bidez. Apunteen bankua Euskal Herriko ikasketa guztien apunteen poltsa bat osatzeko dinamika bat da. Sakanan ere martxan dago, eta dagoeneko ikasle batzuk apunteen bilketan parte hartu dute eta apunteak erabili dituzte.
Beraz, apunteen bankuan nahi duenak parte har dezake?
Aste batzuk daramatzagu banku hori osatzen. Oinarri bat sortu dugu eta ikasketa batzuk falta diren arren, dagoeneko erabilgarri daude. Apunteak MEGA. nz sarean dago, Unibertsitateko Indar Batasuna helbidean. Besteak beste, apunteak zuzenean sar daitezke. EHUko eta NUPeko ikasketak izan daitezke.
Distantzian egon arren elkarrekin ikasteko modu bat da, ez?
Bai. Kaltetutako sektore bat gara, eta gure artean laguntzea ezinbestekoa da. Badakigu unibertsitateen partetik ez dugula laguntzarik ez erraztasunik jasoko. Esan bezala, ikasleen arteko laguntza eta elkarlana sustatzeko dinamika bat da. Bide honetan jarraitzeko ikasleon artean harremana sortzeko modu bat ere bada.
Sare sozialetan ikasleek salatzen dutenez, irakasleek garrantzia gehiago ematen diote ez kopiatzeari edukiak barneratzeari baino. Nola kudeatu dituzte azterketak?
Nik kontu hori ez dut gertutik bizi, baina jakin izan dut kasu batzuetan kontrol zorrotzak jarri dituztela azterketetan ez kopiatzeko: azterketa egiteko momentuan web-kamera aktibatuta izan, pantaila zatituta eduki edo, beste kasu batzuetan, beste kamera bat aktibatu behar izatea mahaiaren zonalde osoa kontrolatu ahal izateko.
Zer ondorio ekarriko ditu krisialdi honek unibertsitatean? Sistema aldatuko dela uste duzu?
Hori jakitea zaila da. Baina ikasleek unibertsitatean oraingoz eragiteko gaitasun txikia dute. Gure artean sustatu ditzakegu dinamikak eta abar, baina EHUk, baita NUPek ere, nik EHUren kasua gertutatik ezagutzen dut, nahi dutena egiten dute. Beraz, datorren ikasturtea berdin hasiko da. Klaseak normal hasiko dira eta dena lehen bezala. Ez du eraginik izango.
Unibertsitatean ikasteak gastu batzuk dakartza: matrikula tasak eta alokairuak. Zer gertatzen da gastu horiekin?
Ikasleek jasoko ez ditugun klaseengatik matrikula ordaindu dugu eta diru hori ez zaigu bueltatuko. Gainera, egoeraren arabera ere, badira ikasle asko alokairua ordaintzeko lan egin behar dutenak. Eta haien diru sarrerak eten dira. Dirudienez gastuek jarraituko dute. Gainera, ikasketekin jarraitzeko matrikularekin ez ezik, hau da, datorren ikasmailaren matrikula ordaindu ez ezik, gainditzen ez ditugun irakasgaien tasa bikoiztu egiten da; eta ordaindu beharko dugu. Salbuespen egoera batean egon arren, ez dauzkagu salbuespenezko neurriak.
Pertsonalki nola daramazu ikasturte bukaera?
Nahiko ondo. Pertsonaren eta ikasketen araberakoa da. Ni ondo ari naiz... Baina ezagutzen dut jendea kokoteraino dagoela bai ikasketekin bai egoera guztiarekin. Mundu guztia gaude kokoteraino etxean egoteaz, baina, gainera, egun askotan 1:00ak edo 2:00ak arte lanak egiten egon behar izatea… Nire ikasketetan praktika zuzenak ezin direnez egin, zorionekoa naiz.