Maria Angeles Rubio Mendiluze altsasuarra duela 30 urte Irlandan bizi da. Hasieran Dublinen bizi zen, baina duela 17 urte County Clare eskualdera joatea erabaki zuten, Irlanda mendebaldean. Lisdoonvarna herrian bizi da, Mastchmaking Festival ospetsua egiten duten tokian. Gainera, Moher amildegiengatik zonalde oso turistikoa da. Baina, orain, leku ia guztietan bezala, tabernak, jatetxeak, hotelak eta abar itxita daude. Irlandan kurba ospetsua "zapaltzea" lortu dute.
Zein egoeratan dago Irlanda?
Irlandan momentu honetan nahiko baikor gaude. Kutsatuen kasuak jaisten ari dira. Otsailaren 29an izan zen lehenengo kasua eta martxoaren 12an lehenengo neurriak hartu zituzten. Orduan, garai hartan esan zuten martxoaren bukaeraraino 150.000 kasu inguru aurreikusten zituztela eta ez da iritsi. 20.000 kasu inguru izan ditugu. Beraz, ez gara tontorrera inoiz iritsi. Hemengo helburua zen kurba delakoa zapaltzea, eta lortu dugu. Momentu honetan esan dezakegu kurba hori zapalduta dagoela eta transmisioa bat baino gutxiagoa dagoela, hau da, pertsona bat kutsatzen bada pertsona bat baino gutxiago kutsatzen duela.
Zergatik gertatu da hori? Zer neurri hartu ditu gobernuak?
Ikastetxeak eta unibertsitateak, eta areto publiko guztiak, liburutegiak, museoak, erakusketa gelak eta abar, itxi zituzten martxoaren 13an. Lehenengo txanda batean, nolabait esateko. Hemen eskolak ixtean mugimendu asko murrizten da. Jende gehienak kotxez eramaten ditu haurrak eskolara nahiko sakabanatuta bizi garelako. Dublinen eta hiri handietan izan ezik. Beraz, alde horretatik kontaktu hori, transmisio hori, murriztu zen. Gainera, kontuan izan behar da irla batean bizi garela. Mugaren kontrola oso erraza da, eta nabaritzen da. Neurri horiek martxoaren 12an hartu zituzten. Baina ikusi zen transmisioa oso handia zela, eta osasun zerbitzua ez kolapsatzeko, helburua gain horretara ez iristea eta kurba zapaltzea zenez, apirilaren 12tik aurrera erabaki zuten neurriak zorroztea eta dena ixtea: jatetxe batzuk irekita zeuden, denda guztiak… Ikusi zuten horrela ezin zela. Gehien bat Italiako edo Espainiar Estatuko kasuak ikusita. Beraz, lock down deitzen dena, hau da, dena ixtea erabaki zuten. Supermerkatuak, farmaziak, lore-dendak eta burdindegiak daude irekita. Momentu honetan arrisku handiena zaharetxeetan, ospitaleak ez diren, baina, behar bereziak dituzten pertsonak artatzen eta gaixoak zaintzen dituzten guneetan dago.
Zer gertatzen da gune horietan?
Transmisioa gune horietan dago orain. Gune horietan sartu da eta laurden bat alarma gorrian daude. Gobernuak osasun zerbitzuetan lan egiten zuten langileak egoitza horietara bidali ditu, eta norberak babesteko ekipamendua eraman du. Berez, egoitza horiek ospitaleak ez direnez, ez zituzte ospiltaleetan zituzten segurtasun neurriak. Eragin handia dago.
Zenbat hildako egon dira?
1100 bat hildako izan dira, eta penagarria da gehienak zaharegoitzetakoak direlako. Egunero telebistan esaten dute gaur 20 edo 30 hildako egon dira. Gehienak, 67 izan ziren, baina bi egunetakoak batu zituztelako. Bataz besteko adina 82 edo 84 urtekoa da. Estadistikak zenbakiak dira, baina zenbaki horien atzean pertsonak daude, eta telebistan hildakoen argazkiak agertzen dira eta pertsona horiei hitz batzuk eskaintzen dizkiete.
Omenaldi bezala?
Hildako horien atzean familiak daude eta hemen hiletak oso garrantzitsuak dira. Ez dira hangoak bezalakoak. Kultura aldetik oso garrantzitsuak dira. Hileta batean herri guztiak parte hartzen du. Familia egun osoan zehar beilatokian egoten da eta jendea bertatik pasatzen da doluminak emateko. Hurrengo egunean, goizean normalean, hileta egiten da, ehorzten dute, eta, ondoren, festa egiten dute. Luzeak izaten dira. Garai batean hiru egunekoak ere izaten ziren. Orain, ezin dira hileta horiek egin. Beraz, oso polita da esaterako oso saio ospetsu batetako aurkezleak esatea ez dakit noren ama hil dela eta berari buruzko hitz batzuk esatea. Ez direla zenbakiak adieraztea. Pertsonak dira, eta familiak doluan daude.
Apirilaren 12tik itxialdian zaudete?
Gure konfinamendua irlandar estiloan da: bi kilometrotara atera gaitezke. Zoragarria da. Ni herrigunetik 3 kilometrora bizi naiz, eta inguruan baratza, lorategia, bizilagunak 200 bat metrotara… Sakabanaturik gaude. Orduan, konfinamedua hori da. Baita hirietan ere. Dublinen bi kilometrora atera daitezke; jendea parkera joan daiteke. Gehienez lau pertsona joaten behar dira, eta familia bat sei kidez osatuta badago seiak joan daitezke. Baina ezin ditugu bisitak egin. Etxeak etxekoendako da. Adibidez, nire alaba Galwayn bizi da, hemendik 60 kilometrotara, eta ezin da etorri. Ezin da bidaiatu. Bakarrik supermerkatura joateko, sendagilearengana edo behar beharrezkoa baldin bada.
Eta segurtasun neurriak jarraitu behar dituzue?
Toki guztietan. Dendetan, lurrean, marrazkiak egin dituzte, itxoiten gauden bitarteanbi metrotako urrutitik mantentzeko. Bizilagunekin elkartzen garenean ere distantzian hitz egiten dugu. Hemen askotan kotxe batetik bestera hitz egiten du jendeak. 70 urtetik gorakoendako etxean egotea gomendatzen dute. Sasoi ezin hobean badaude ere. Ez da araua, gomendioa da. Nahiko ondo eramaten dute, nahiz eta hemen herrietan traktorean edo behiekin ibiltzen direnak 70 urtetik gorakoak izan.
Bizitza aldatu zaizue?
Erabat. Apirilaren 12tik gehiago. Esaterako, igeri egitera joaten naiz eta orain itxita dago, lagunak ezin bisitatzea, eta semea eta senarra 24 orduz ditudala etxean. Gainera, zonalde hau turismotik bizi da: hotelak, jatetxeak, dendatxoak… eta orain idena itxita dago. Eta gazteak lanik gabe geratu dira. Denboraldia hasi berria zen eta orain dena itxita dago. Hala ere, gobernuak neurri ekonomiko bat hartu du eta langabezian geratu direnei dirulaguntzak ematen dizkie. Hangoekin konparatuz, hemen oso ongi ari dira. Online bidez koronabirusaren laguntza deitutakoa eskatu dezakete, eta astean 350 euro jasotzen dituzte. Hasieratik. Hemen astero ordaintzen da, eta berehala iritsi zaie laguntza.
Nola bizi izan dituzu hemendik iristen ziren albisteak?
Irlandan nahiko sentsazionalistak dira, baina egia esan ikusgarria zen. Geroz eta zenbaki handiagoak ematen zituzten, Madrilgoa ematen zuten gehien bat eta zahar-etxeetan gertatzen ari zena kontatzen zuten. Hilak zeudela eta langileek alde egin zutela. Orduan, egoera hori ikusita herrietara berehala iritsiko zela uste genuen. Ahizpa batek arlo horretan lan egiten du. Eta kezkatuta ikusten nuen. Beldurra nuen hemengo konfinamendua hangoa bezain zorrotz a izatea. Hemen ezinezkoa da. Pentsatzen nuen: zer puntutaraino egon zaitezke pisu batean sartuta, kirola egitera eta San Pedrora joatera ohituta bazaude. Psikologikoki oso gogorra izango zela pentsatzen nuen. Baina beste alde batetik familiakoak eta lagunak nahiko kontzientziatuta zeudela ikusten nuen.
Hemengo albisteak ematen jarraitzen dute?
Bai. Lehenengo Irlandako egoera azaltzen dute, eta gero Italiako, espainiar estatuko eta Estatu Batuetako egoerak aipatzen dituzte. Egunero Madrilgo kazetari bat agertzen da eta azken albisteetan pozik daudela esan zuen, kasu gutxiago eman zirelako. Igandeko egunkarietan ere Bartzelonako eta Madrilgo kaleak agertzen ziren, jendez gainezka. Ulergarria da. Izan ere, hemen gutxi gorabehera jende guztiak lorategi txiki bat du. Baita hirietan ere.
Nola ikusten dute hemen hartutako neurriak?
Gogorrak, baina ulergarriak. Hemen sakabanatuak bizi gara eta kontaktua izateko aukera gutxiago dugu, baina han atea ireki eta erraz kutsatzeko aukera ikusten zuten. Haurren kasua oso gogorra iruditzen zaie. Astean pare bat aldiz etxetik ateratzea kontrola zezaketela uste dute.
Eta nola dago jendea?
Jendea nahiko izututa dago. Nik uste azkeneko astean, aurreko asteburuarekin alderatuta, jendea lasaitzen ari dela. Jende eta kotxe gehiago ikusten dira. Herrigunera joaten naizenean, supermerkatuan kotxe gehiago ikusten ditut. Gainera, eguraldi oso ona egin zuen eta gazte asko atera ziren. Alkoholaren kontsumoa asko igo da. Supermerkatuetan erosten dute, baina ulertzekoa da. Azkenean, pub guztiak itxita daude, eta hemen bizitza pubetan eta jatetxeetan egiten da. Baina adineko jendea izututa dago gazteak gehiegi ateratzen direlako. Transimisioa kontrolatu beharko luketela uste dute. Segurtasun neurriekin jarraitu beharko genukeela uste dute. Bi bizilagun ditut, 70 eta 74 urtekoak, eta orain arte astean behin supermerkatura joaten ziren. Orain erosketak ekartzeko eskatuko dutela esan didate. Jende gehiegi ikusten dutelako. Kontuz ibiltzeko esaten ari dira.
Datuak onak direnez, jendea lasaitu da?
Bai. Dena egonkortu da eta aurreko astean testak egingo dituztela esan zuten. Lehentasuna eman diete egoitzetan lan eta bertan bizi direnei, baina helburua test horiek biztanleria osoari egitea da. Maiatzaren bigarren asterako astean 100.000 test egin nahi dituztela esaten dute. Gutxi gorabehera hemengo biztanleria kontuan hartuta, bi hilabetetan guztiei egingo zaiela aurreikusten dute. Erantzun inmunitarioa ikusi nahi dute. Gainera, oso garrantzitsua da positiboa ematen baduzu kontaktua izan duzun jendeari jakinaraztea. Horretarako aplikazio bat aterako dute. Frogatzen ari dira. Hasieratik esan ziguten eztula, sukarra edo sintomaren bat bageneukan, etxean gelditzeko eta azken egunetako kontaktuak zerrendatzeko.
Neurriak luzatzea espero duzu?
Gogorra iruditzen zaie maiatzaren 5ean neurri horiek mantentzea. Beraz, egoera honetan jarraituko dugula uste dut. Agian bi kilometro horiek handituko dituzte… izan ere, herrira joateko kotxea hartu behar dut. Ikastetxeak oraindik itxita mantenduko dituzte. Maiatzaren 1a, astelehenera mugitzen dute, bank holiday deitzen da, eta aste honetan bigarren etxebizitzara ez joateko esateko operatibo berezi bat egon da. Gainera, egoera honek gobernurik gabe harrapatu zigun. Hauteskundeak otsailaren 7an izan ziren eta elkarrizketekin hasi ziren, baina koronabirusa etorri zen eta elkarrizketekin jarraitzen duten arren, oraindik gobernua osatu gabe dago. Atzeratu egin da. Orain badirudi denak oso ongi ulertzen direla eta lagunak direla. Duopolia, betiko partiduak, ezberdintasunak alde batera utzi dituzte eta moldatu dira.
Osasun krisia politikaren gainetik egon da.
Erabat. Hemengo politikoak hangoak baino zibilizatuagoak dira. Han gertatzen dena, onartezina da. Hemen ez dituzte puntuak irabazi behar. Hala ere, jendea ari da esaten hilabete pare bat daramatzagula gobernurik gabe, eta osatzea eskatzen dute. Partidu horiek elkartzen badira aldaketa gutxi egongo dira, baina beno. Krisi honek ondorio onak ekarri ditu. Hutsuneak ikusteko balio izan du. Hemen osasun publikoa eta pribatua daude. Publikoa nahiko gaizki dago. Orduan, legin zuten lehenengo gauza, modelo bakarra jartzea izan zen. Dena publikoa jarri zuten. Estatuak pribatuak xurgatu ditu beharren arabera. Beharrezkoa bazen, pribatua publiko bihurtzen zuten. Ez dituzte asko behar izan, ez delako sistema kolapsatu. Baina osasun seguru pribatua dugunoi aseguru etxeak esan digu % 40 itzuliko digutela krisi honek irauten duen bitartean, dagoeneko osasungintza pribatua ez dagoelako.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Nik espero dut hegaldiak egotea eta Altsasura joan ahal izatea. Udan joaten naiz. Gabonetan egon nintzen ere. Normalean udaberrian, jubilatuta nagoenez, Alikantera joaten gara eta aurten ez dut uste joango garenik. Agian uztailean edo abuztuan Altsasura joateko aukera dugu. Ez dakit. Kotxez joatea pentsatu dugu. Baina mentalizatzen ari naiz agian ezingo dudalako joan. Itxaropen txiki bat dut. Dena den, asteka bizitzen ari gara. Ezin da asko planeatu. Egia esan, lasai bizi gara hemen.