BTT / Mendi Txirrindularitza

Altsasuko BTT Zeharkaldia, bertan behera

Guaixe 2020ko mai. 5a, 09:39

Barranka Txirrindularitza Taldeak bertan behera utzi du ekainaren 14an ospatzekoa zen XXV. Altsasuko BTT Zeharkaldia 

Barranka Txirrindularitza Taldea gogo askorekin ari zen prestatzen aurtengo Altsasuko BTT Zeharkaldia, probak data borobila baitzuen, 25. edizioa, hain zuzen ere. Ekainaren 14an jokatzekoa zen aurtengo zeharkaldia, eta edizio berezia izatea nahi zuen antolakuntzak, sorpresaz betetakoa. Baina pena handiz, proba bertan behera utzi behar izan dute, COVID-19 birusak sortutako pandemia eta osasun krisia dela eta. 

“Egoera honek ez du proba beharrezko berme eta segurtasunarekin ospatzea ahalbideratzen. Txirrindularien, babesleen eta boluntarioen erabateko segurtasunaa bermatzea ezinezkoa zaigu; horregatik, proba bertan behera uztea, ez dugu besterik. Penatuta gaude, aurtengo ediziorako lan handia egiten ari ginelako, eta sorpresa asko genituelako, baina arduratsuak izatea dagokigu, ez baitugu inoren segurtasuna eta osasuna arriskuan jarri nahi. Horregatik, aurten ezingo da proba ospatu eta 25. Altsasuko BTT Zeharkaldia 2021eko ekainaren 13ra atzeratzea erabaki dugu, guztiok merezitako egunaz eta probaz disfrutatu ahal izateko” dio Barranka Txirrindularitza Taldeko zuzendaritzak.