Mauthausen askatu zuteneko 75. urteurrenean, deportatuak eta zendutakoak gogoan

Guaixe 2020ko mai. 6a, 11:56
Nafarroako Gobernuak argitaratutako deportatuetako baten fitxa.

Kontzentrazio-esparru nazietan deportazioa eta nazien exterminoa jasan zuten ia 60 nafarren behin-behineko errolda argitaratu du Gobernuak, eta tartean hiru altsasuar daude

Mauthausengo kontzentrazio-esparru nazia askatu zuteneko 75. urteurrena bete da aurten eta Nafarroako Gobernuak bat egin nahi izan du gertakari horren oroitzapenarekin, izan ere, nafar askok deportazioa eta nazien exterminoa jasan izan zuten. Haiek gogoan, Nafarroako Memoriaren Institutuak “Deportacion navarra a los campos nazis” izeneko ekimenean Nafarroako deportatuen biktimen behin-behineko errolda argitaratu du. Tartean hiru sakandar daude: Victor Restituto Andueza Ranero eta Miguel Iriarte Uribe, garaian zendutakoak edo desagertuak, eta Valeriano Albistur Mazkiaran, askatua izan zena. 

1936ko estatu kolpearen ondoren errepublika defendatu zuten askok Frantziako erresistentzian bukatu zuten borrokan. Eta zoritxarreko asko nazien esku gelditu ziren. Esaterako, Restituto Victor Andueza Ranero (1906-12-09 / 1941-02-14) altsasuarra Gusen-Mauthausen kontzentrazio eremuan hil zen, eta Miguel Iriarte Uribe altsasuarra (1905-07-19 // 1942-07-10) Gusen esparruan zendu zen. Valeriano Albistur Mazkiaran, aldiz, askatua izan zen.