Gorde agendan: Iortiaren denboraldi berria

Guaixe 2020ko mai. 14a, 13:06

Koronabirusak sortutako egoeraren ondorioz, Altsasuko Iortia kultur guneak 2019-2020 denboraldia amaitutzat ematea erabaki du. Martxoan, apirilean eta maiatzean programatuta zeuden ikuskizunen data berriak aurkeztu dituzte. 

Zinema, zuzeneko eta erakusketa denboraldiari amaiera ematea erabaki du Iortia kultur guneak. Irailean 2020-2021 denbirakdia hasiko dutela jakinazi dute kultur gunetik, eta alarma egoeraren ondorioz bertan behera geratu diren ekitaldiak denboraldi berrian berprogramatu dituzte, 2020ko udazkenaren eta 2021eko urtarrilaren artean. Maiatzaren 26an ikuskizunen data berrietako sarrerak eskuratu ahal izateko edo aldatzeko Iortia kultur gunearen lehiatila zabalduko dute. Hiru aukera daude: ikuskizunaren data berrirako sarrerak mantentzea, egindako erosketak berta behera utzi eta kredituaren zenbatekoa etorkizunean sarrerak erosteko utzi, edo atzeratutako ikuskizunetan dirua itzultzea erositako kanalaren bidez itzuliko dena. 

Iortia kultur guneak jakinarazi duenez, programazioaren zati handi baterako sarrera guztiak salduak edo erdi salduak zituen, eta, horregatik, ikuskizunak programazioan mantentzeko eta ikusleen eta programatutako emanaldien langileen arteko topaketa bermatzeko lan egin dute. Esan dutenez, ez da erraza izan egutegiak egokitzea, baina "ahalegina eta erantzuna bikaina izan da". Beraz, datorren ikasturterako berprogramatutako emanaldien datak aurkeztu dituzte: 

  • Gauekoak. Kukai Dantza (Max sarietara nominatuta)
    2020ko irailaren 6an (martxoaren 21erako aurreikusia)
  • Orquesta de Malabares. Pistacatro eta Haize Berriak Banda
    2020ko urriaren 18an (apirilaren 18rako aurreikusia)
  • Juntos. Txalo Produkzioak
    2020ko azaroaren 21ean (martxoaren 28rako aurreikusia)
  • Etxerik txikiena. Jarleku Teatro
    2020ko abenduaren 3an (martxoaren 22rako aurreikusita)
  • Luces, musica, ¡accion! Suakai
    2020ko abenduaren 8an (martxoaren 19rako aurreikusita)
  • Rock Cirk. Cía Rolabola
    2021eko urtarrilaren 8an (maiatzaren 18rako aurreikusita)
  • Pequeño Big Blue, PanicMap
    2021eko urtarrilaren 24an (martxoaren 29rako aurreikusita)

Trasteando, Burundar Txistulariak, Haize Berriak Banda eta Erkudengo Ama Abesbatza herriko taldeek ikasturte amaieran egiten dituzten jaialdiak ere bertan behera gelditu dira, eta "beste aukera batzuk baloratzeko" taldeekin harremanetan jarriko direla esan dute Altsasuko kultur gunetik.