Tximista batek jo eta erre egin du San Pedro egunean txistulariei itzala egiten zien haritza. Makina bat zortzikoren, kanturen, parrandaren lekuko mutua joan da. Baita pareko ermitan egindako hainbat ezkontzena ere. Tokiarekiko estimazioak ekarri zuen hildako altsasuar bat baino gehiagoren errautsak haren inguruan zabaltzea, San Pedro zelaiko plazan, altsasuarren egun handiaren festaren erdigunean. Horregatik, zuhaitza ikusteko, makina bat altsasuarrek San Pedro zelaiko bidea hartu zuten.
Tximista eta San Pedro. Altsasuar asko aspaldiko kontu batez gogoratu ziren domekan. Horren berri ederki daki Felix Goikoetxea Lopezek. San Pedro egunean, urtero, hutsik egin gabe, makina bat altsasuarrek galdetzen baitiote zenbat urte betetzen diren tximistaren pasadizoaz. 1986ko San Pedro egunean izan zen, duela 34 urte. Goikoetxea akademian trebatzen ari zen udaltzain izateko. Garaiko alkate Emilio Boulandier Maizak eskatu zuen udaltzain berriek praktikak San Pedro egunean egitea. Lan eguna izan zen, beraz, hura Goikoetxearendako.
Goikoetxea ermita ondoan egon zen lanean. Lanaldia 17:00etan bukatu zuen eta lagunekin festa ospatzeko presa zuen. Momentu berean, bat-batean ekaitz handia lehertu zen, “tximistak, euria eta dena”. Goikoetxea ermitatik atera eta alkateari lanerako erabili zuen besokoa bueltatu zion. Udalak ardoa banatzen duen tokiaren ondoan zeuden. “Halako batean soinu handi bat entzun zen. Eta bat-batean osasun etxeko ohatila batean nengoen. Ez nekien zer gertatu zen”.
Jendeak kontatuta daki zer pasa zitzaion: “nigandik aparte zegoen haritz batean tximistak jo, lurrean sartu, atera, altxatu ninduen eta hegan egin nuen ez dakit zenbat metro eta ´a plomo´ erori nintzen. Zapatilarik gabe. Sufre usain handia zegoen. Ni hori-horia nengoen”. Goikoetxeak gogoratu du “zorte handia” izan zuela: “Gurutze Gorria beti San Pedro egunean han egoten zen (egun DYA). Eta nire ondoan sendagile bat zegoen, Luis De la Vega altsasuarra. Eskerrak! Bestela, han geratuko nintzen. Bihotz-masajea egin zidan eta anbulantzian osasun etxera eraman ninduten”. Erietxean “bat-batean esnatu nintzen. Nire arreba han zegoen oihuka. Begiak zabaldu nituen eta, aiba! Zer gertatzen da? Ez nekien zer gertatu zen”. Tximistak Goikoetxea bete-betean harrapatu zuen. “Nire kide Jose Antonio Vilasi zerbait eman zion. Eta uste dut Boulandierri ere”.
Gertaeraren testigantza da “tente eta seko” dagoen haritz hila. Udalak garagarrilaren 29ro haren ondoan zerbitzatzen die altsasuarrei ardoa eta mostoa. Bizitakoa bizi ondoren, Goikoetxeak dioenez, “hiltzeko modurik hoberena da: konturatu gabe!”
Txondorraren pare
Nafarroako AEMETeko ordezkari Peio Oria Iriartek azaldu digunez , "joan den astean Burundan izan genituen ekaitzak bai astelehenean bai asteburuan. Asteburuko ekaitzek sortutako tximistak Bakaiku eta Ergoiena aldean izan ziren. Astelehenekoak, 4koak, berriz, hiru tximista ermitatik oso-oso gertu zeuden. Gainera, joan den asteleheneko ekaitza nahiko lehorra izan zen. Ziur aski tximista hori duela aste bat baino gehiago erori zen".
Oriak azaldu digunez, "tximista bat zuhaitz baten gainean erortzen denean, batzuetan sua sortzen da. Euriaren eta hezetasun baldintzen arabera, euri zaparrada handiak badaude, normalena da sua bere kabuz itzaltzea". San Pedrokoa tximista latente edo gorra zen. Hau da, "batzuetan tximistak zuhaitzen enbor barrutik bidaiatzen du eta sustraietara heltzen da. Hor hasten da errekuntza. Oxigeno falta badago errekuntza poliki-poliki egiten da. Batzuetan egun osoak irauten ditu. Kanpotik ez da ezer ikusten, baina zuhaitza barrutik, eta sustraiak, oso bero daude. Erretzen doaz, pixkanaka. Eta barneko suak segitzen badu atera daiteke kanpora eta batzuetan baso suteak eragiten ditu".
Nafarroako Gobernuko Sakana eta Mendialdearako mendi-teknikaria Iñigo Villanueva Zeberiok tximista gorra txondorrarekin parekatu du: "barruan egosi, erre, ke pixka batekin, batzuetan ia-ia nabaritzen ez dena. Haize ufadak etorritakoan, edo tenperaturak igotzerakoan, sua bizitzen dute eta sortzen diren garrak ikus ditzakegu. Baina ikusi den bezala, garrekin, hori arraroxeago da". Villanuevari haritzean garrak ikustea arraro egin zitzaion: " barneko izerdia-eta mugituta dute eta zuhaitza heze samar izaten da. Hori piztu ahal izateko energia edo bero gehiago eman behar zaio. Guk uste dugu barrutik zerbait usteltzen hasia zegoela. Horrela, lehorxeago egonda, errazago pizten da".Oriak gogoratu du "duela bi urte Valentzian sute oso-oso handi bat izan zen eta uste da halako tximista gor baten oinarria zeukala".
Villanuevak gaztigatu duenez, tximistek zuhaitzetan jotzea "ezin dugu esan normala denik, baina guk uste baino maizago gertatzen dira". Tximistak erakartzen dituztenak koskak, puntak, gailurrak, zuhaitz altuak direla gogorarazi dute. Oriak azaldu duenez, tximista batzuk zuhaitzaren kanpoko aldetik bidaiatzen dutela eta beste batzuk barrutik. Horren zergatia ez dakitela aitortu du Villanuevak: "baina zuhaitza beraren egoera, urtaroa, negu partean geldirik dute izerdia, sano daudenek hezetasuna dute barnean eta horiei gehiago kostatzen zaie su hartzea eta tximistarekin lotutako aldagaiak izanen dira".
Guztiak ez dira berdinak
Oriak tximistak nola sortzen diren azaldu digu: "ekaitz hodei barruan oso mugimendu bertikal gogorra eta aire bortitza izaten dira. Horiek ur tanten karga elektrikoa bereizten dituzte: batzuek gora joaten dira eta besteak gelditzen dira hodeiaren beheko aldean. Azkenean, bi nukleo berezituta dituzu, bata karga positiboarekin eta, bestea, negatiboarekin. Eta alde handia dagoenean sortzen da tximista. Eta karga garraioa alde batetik bestera".
AEMETeko ordezkariak argitu digunez, tximista gehienak hodeien barruan gertatzen dira. Baina, San Pedrokoa bezala, hodeietatik lurrera doazenak ere badaude. Hodeitik lurrera jaisten direnen artean daude tximista positiboak eta negatiboak daude. "Positiboek karga elektriko positiboa hodei gailurretik lurrera eramaten dute eta negatiboek karga elektriko negatiboa hodei erditik lurrera eramaten dute. Maizago izaten dira tximista negatiboak. Baina, normalean, positiboek intentsitate bortitzekoak dira. Hemen denetarik dugu. 4ko tximista positiboa zen eta oso intentsua". Ostotsa edo trumoia zer den ere argitu digu Oriak: "karga bereizte horretan kanalak sortzen dira eta aireak oso bortitz, oso azkar bidaiatzen du kanal horietan eta horrek sortzen du halako soinua".
Oriak aholkatu digu "ekaitz arriskua badago edota meteorologia-abisua eman bada, mendira edo kirola ateratzea saihestu behar da. Baina mendi erdian harrapatzen bazaitu, lehenik muino, punta, koxka edo gailurretik jaitsi". Aholku gehiago ere eman ditu: "gauza metalikoez aldendu eta ez ikutu; ura dagoen tokietatik urrundu; korrikarik ez egin, horrek elektrizitatea erakar lezakeelako. Eta tximistak hurbil baldin badaude, adituek esaten dutena da ttuttuipiko edo kukubiko jartzeko, oinak elkartuta, besoak belaunen gainean gurutzatuta, burua besoen artean sartu".
Etorkizunaz
Tximistak jotako haritzean adar txiki bat gelditu da. Hark aurrera eginen duen jakitea "zaila" dela uste du Villanuevak. "Haritzak zuhaitz sendoak dira eta erre zaion zatia da pixka bat hila dagoena. Bere funtzioa da gehiago euskarriarena. Bizirik duen zatia, normalean enbor batean, kanpo aldean dagoen zatia da, adaburu, hosto eta zati horiekin batera. Horren zati txikia geldituta, ezin dugu esan hilabete batera, edo bostera, baina normalena da hiltzera kondenatuta egotea jada. Agian gainditzen, baina harrituko nintzateke. Sorpresa handia litzateke".
Tximistak jotako zuhaitzak 17 metro inguruko altuera zuen eta 1,6 metro inguruko diametroa. Villanuevak azaldu duenez, "eremu komunala da eta zuhaitzak ere komunalak dira eta hori udalaren erabakiaren baitan gelditzen da. Normalean mendi teknikariekin edo basozainekin hitz egiten da: behar bada epaitzetarako edo toki bereziren batzuetan bankuren bat egiteko erabili izan dute, tamainaren arabera". Astelehenean bertan udaleko langile batek eroritako adarrak egurretarako markatu zituen.
Javier Ollo Martinez alkateak azaldu digunez, “zutik geratu den enbor zatia horrela mantenduko dugu”. Beti ere, segurtasun kontuengatik, zati horren egurra nola dagoen aztertu beharko dute teknikariek. "Beti ere, arriskurik ez badago, zeren inguruan jendea pilatuko da", Villanueva zutik gelditu den haritz zatia dagoen bezala mantentzearen aldekoa da: "Altsasu erdiaren pasealekua da eremu hori. Gainera, heldu den hilabete bukaeran hor egiten den festa dugu. Edozein baso eremuk duen balioaz aparte, paisaia edo soziokulturala den balio berezia da. Hor zutik gelditzea uste dut bideragarria dela, polita".
Mendi teknikariak azaldu duenez, zutik gelditzen den haritz zatia bera bertan xahutzen edo kontsumitzen joanen da. Gaztigatu duenez, "zuhaitz hilen inguruan fauna bat dago, badira intsektu batzuk, hurbiltzen dira okil eta beste txori batzuk… Dena prozesu bat da, dinamikoa.
San Pedro egunean dantzarako plazaren ertzean zegoen haritza eta ospakizunean txistulariei itzala ematen zien. Funtzio bera egiteko, beste haritz bat noiz landatu beharko litzatekeen galdetuta, Villanuevak esan digunez, "izerdia geldirik dutenean" izan behar duela, hau da, "neguan, abendutik martxo bitartean. Baina esan behar da ere haritz gazte bat landatuz gero, bizpahiru urte dituenak, hiruzpalau edo bost txistulariri itzala emateko oraindik urte batzuk beharko lituzkeela. Bitartean txistulariak beste haritzen itzalean gorde beharko dira".
Sakanako hiztegia
Sakanaren zabalean hainbat euskalki biltzen dira eta horietan tximistari eta trumoiari esateko modu desberdinak daude. Jose Luis Erdoziaren Sakanako Hiztegi Dialektologikoan opatu dugu bilduma hau.
Tximista nola esaten da
- Iñuzture, Irañetan eta Uharte Arakilen
- Iñezture, Sakana erdialdean
- Oineztura, Urdiainen
- Inazturia, Olatzagutian.
Trumoia nola esaten da
- Ortotz, Irañetan eta Uharte Arakilen.
- Ostots, Sakana erdialdean.
- Jostai, Urdiainen.