Balear uharteetako txikiena da Formentera. Irlaren punta batetik bestera 20 kilometroko luzera dago, eta 84 kilometro koadroko azalera du. 12.000 biztanle inguru ditu. Iristeko modu bakarra Ibizan hartu behar den ferrya da. Uhartearen ezaugarriengatik koronabirusak eragin gutxi izan du, eta aurreko astelehenean, maiatzaren 4an, lehen fasera pasa ziren. Irantzu Saez de Adana Collado eta Patxi Galan Morcillo altsasuarrak Pitiusa irletan bizi dira duela 15 urte.
Zergatik Formentera?
Irantzu. Oporretara etorri ginen, gustatu zitzaigun eta hemen bizitzen geratu ginen. Hasteko, ez du hainbeste euri egiten, eguzkitsua da, eta hondartza dago. Hemengo giroa ere oso ona eta polita da. Azkenean, hemen geratu ginen, lanean hasi ginen, denbora pasatzen joan da eta 15 urte ondoren hemen jarraitzen dugu.
Patxi. Oso leku desberdina da.
Nolakoa da bizitza Formenteran?
P. Neguan oso lasaia izaten da. Udan aldatzen da oso turistikoa delako.
I. Guk urte osoan lan egiten dugu, astelehenetik ostiralera, baina uda denboraldian lan egiten dutenek ez dute astelehena, igandea edo zer egun den desberdintzen. Azkenean, egun guztiak ia berdinak dira. Nire ustez desberdintasun handiena da Altsasun edo Sakanan lanetik ateratzen zarenean taberna batera joaten zarela edo lagunekin elkartzen zarela eta hemen hondartzara joaten garela. Orduan, badirudi beti oporretan gaudela. Baina ez. Hango zuhaitzen edo mendien falta sumatzen dugu.
Zein izan da koronabirusaren egoera?
P. Formenteran kasu gutxi izan dira. Sei edo zazpi gaixo egon dira. Hemengo sentsazioa da ez dela ezer gertatzen. Giro arraroa da. Hemen ez dago ospitalerik, kasu larri bat egon zen, eta Ibizako ospitalera eraman zuten. Beraz, hemen ez zegoen arrisku sentsaziorik.
Uharte bat denez kontrolatzea lortu zuten, ezta?
I. Konfinamendua jarri eta hurrengo astelehenean portua itxi zuten, eta bakarrik kamioietako eta janaria ekartzeko txalupak etor daitezke. Goizean beste txalupa bat etortzen da hemen lan egiten duen Ibizako jendearendako eta arratsaldean itzultzen da Ibizara. Egunean bakarrik hiru txalupa ibiltzen dira. Guri ez digute hemendik ateratzen uzten. Lan egitera bakarrik atera zaitezke.
Beraz, nahiz eta kasu gutxi egon konfinamendua bete behar izan duzue. Nola eraman duzue?
I. Ni pisu batean bizi naiz eta terraza eta balkoi handi bat dauzkat, orduan, ez zitzaidan hain itogarria iruditu.
P. Ni itsasoaren ondoan bizi naiz, 200 bat metrotara, eta konfinamendua oso gustura pasa dut. Itsasoari begira, baratza landatzen, musika sortzen… normalean egiten ez ditudan gauzak egin ditut. Denbora aprobetxatu dut. Momenturen batean buruari bueltak eman dizkiot, baina orokorrean oso gustura egon naiz. Pixka bat motza egin zait. Hilabete bat gehiagorekin disko bat kaleratuko nukeen.
Jendeak konfinamendua errespetatzen al zuen?
I. Konfinamendua egon denean, bai. Baina maiatzaren 4an lehen fasean sartu ginenean, gainera, lan egiten dudan lekuan kontrolatu behar izan dut, nire sentipena izan da jendea etxean egoteaz nazkatuta zegoela eta ospatzera atera dela. Lehenengo bi egunetan neurrigabekeria izan zen. Terrazetan eta kalean jende asko zegoen, eta orokorrean urrunketa soziala ez zen mantentzen. Orain lasaitu da. Guretako nahasmen handia da. Bi egun 0 fasean egon ginen, aurreko astean lehen fasera pasatu ginen eta zuek lehen fasean hasi zaretenean guri pribilegio batzuk kendu dizkigute. Aurreko astean kalera nahi genuen bezala ateratzeko aukera genuen, distantzia mantenduz eta neurriak hartuz, baina ordutegirik gabe; orain zuena sartu digute. Paseoak gehienez kilometro bateko distantziara egin behar ditugu. Orduan, zer arautuko duten zain egoten gara. Bigarren fasean sartuko gara eta ez dakigu nolakoa izango den ere. Nahasmen sentsazio hori daukagu, eta jendeak dio nazkatuta dagoela. Gu saiatzen gara betiko lagunekin ateratzen eta distantziak mantentzen.
P. Jendea kokoteraino dago. Aste bat baino gehiago daramagu kutsaturik gabe. Jendea gutxi gorabehera bizitza normala egiten ari da.
Hierro, Gomera eta Graciosa Kanariar uharteek hasieratik eskatu zuten konfinamendua hain zorrotza ez izatea uharteen ezaugarriengatik. Formenteran ere eskatu zuten?
I. Uste dut Formenterako presidenteak ez zuela eskatu. Kanariar irlek bai eskatu zutela. Baina nik uste hemen antzeko egoeran geundenez lehen fasera pasatzea erabaki zutela.
Nola aldatu zaizue bizitza?
I. Nire ustez aldaketa izan da orain bizitza pixka bat lasaiagoa dela. Lehengo bizitzarekin alderatuta, lana, gero haurraren eskolaz kanpokoak, gaur gauza bat eta bihar beste bat… Konturatzen ez zaren martxa batean sartzen zara. Orduan, momentu hau izan da gelditzeko eta konturatzeko orain lasaiago bizi naizela. Lan egiten jarraitzen dut, baina beste erritmo bat daramat dena. Arratsaldean ez dugu presarik leku batetik bestera joateko. Konturatu gara ere hemen bizi garenok uda ez dugula guztiz bizitzen jende asko dagoelako, eta aurten pentsatzen ari gara irla guretzat izango dugula. Hasiera batean ez dakigu turista asko etorriko diren, beraz, aurten bizi garen lekua guretzat izango da. Ez dakit, Formentera turismoaz bizi delako. Nik uste saiatuko direla edozein modutan jendea etor dadin. Gero agian gaixotasunaren beste agerraldi bat ekarriko du. Baina hori irailean izango litzateke, uda pasata.
P. Luxu bat da irla guretzako izatea. Eta konfinamenduan home school izan da, egun guztia ariketak egiten. Gauza on asko ekarri ditu: natura oso polita dago.
Formenterako jarduera ekonomiko nagusia turismoa da, zein da egoera?
P. Jendea oso gaizki pasatzen ari da. Jende asko lanik eta diru sarrerarik gabe dago. Diru sarrera nagusia turismoa da, ez dago gehiago. Irantzuk eta biok lana daukagu udaletxean funtzionarioak garelako. Zortea dugu. Baina jendea oso egoera larrian dago. Gainera, Formentera oso garestia da; etxeak eta supermerkatuak garestiak dira. Itxoiten ari dira ea noiz jarri ahal den martxan turismoa dirua sartzeko. Bestela drama bat izango da.
I. Agian jendeak hilabete batzuk edo negura arte irauten du… baina hurrengo udara arte itxoitea ezinezkoa da. Badago jendea irlatik ospa egitean pentsatzen ari dena.
Lehen fasean tabernak ireki zituzten?
I. Herrietako taberna batzuk ireki dituzte. Lan egiteko aukera ematen dieten terrazak zituztenak. Badaude taberna asko terrazarik gabe eta txiringitoek ez dute irekitzeko baimenik. Hotelak ezta ere. Ez daude hainbeste taberna irekita.
P. Tradizionalenak ireki dituzte. Baina azpiegitura turistikoa momentuz itxita dago. Garbitzen eta denboraldia hasten denerako prestatzen ari dira. Istorio hau nola doan itxoiten ari dira.
Bigarren fasera pasako zarete, eta gehiago irekitzea aurreikusten da. Nola ikusten duzue?
I. Ez dakit nola ikusten dudan (aurreko asteartean). Oraindik ez dute esan bigarren fasea nolakoa izango den. Orain arte terrazak bakarrik irekitzen utzi dituzte eta bigarren fasean agian barruko zonaldeak irekitzeko aukera dute. Baina ez dakigu ezer. Hirugarren fasera arte ezin gara Ibizara joan. Orain arte aritu garen bezala, igandeetan Formenterako jende guztia hemengo irratia entzuten egoten gara eta bertan presidenteak arauak esaten ditu. Galderak bidaltzeko aukera ematen digute eta horrela astelehenean badakigu gutxi gorabehera nola atera gaitezkeen.
P. Esaterako, hondartzara paseatzera joan gaitezke, baina ezin dugu ez eguzkia hartu ez bainatu ere. Bakarrik federatuek dute bainatzeko aukera; kirol igeriketarako bainatu zaitezke.
Nola bizi izan dituzue hemendik iristen ziren albisteak?
I. Askotan pentsatu izan dut, zortea izan dugula hemen bizitzeagatik ez gaudelako bitxo horren eraginpean. Batzuetan beldurrarekin ere ikusi ditut, gehien bat hasieran. Entzuten genuen Altsasu inguruan kasuren bat bazegoela eta gurasoak han daudenez, pixka bat larritu ginen. Baina honekin bizitzen ikasi beharko dugu.
P. Familiarekin kontaktua izan dugu eta zer moduz zeuden galdetzen genien. Ondo erantzuten zutenez, azkenean, lasai geratu gara. Dirudienez, gutxi gora behera pasatu da, eta, momentuz, aurrera doaz.
Aste Santuko oporrak eta maiatzeko zubia pasatu dira, bisitak izatea espero zenuten?
I. Ez ditut bisita asko izaten, eta gehienak udan izaten dira. Iraila aldera gurasoak etortzen dira. Altsasutik Formenterara etortzeko denborarekin etorri behar zara, ez da lau edo bost egunetarako etortzeko leku bat. Bidaia luzea da eta etortzen zarenez, hobe hamar edo hamabost egunetarako etortzea. Gainera, normalean Aste Santuan euria egiten du. Aurten izan ezik, ez du euririk egin eta etxean geunden.
Eta udan joango al diren esan dizuete?
I. Momentuz ezetz esan dute. Agian hirugarren fasera iristen bagara edo. Hala ere, lehen fasera pasatuko ginela esan zutenean jende askok deitu zidan esanez etorriko zela… Esaten dutenez aurten estatu barruko turismoa egiten utziko dute eta agian etorriko dira. Hori begiratzen ari dira, izan ere, hemengo turistak italiarrak, frantziarrak eta alemaniarrak izaten dira. Baina espainiar gutxi etortzen da.
P. Nik uste jendea etorriko dela. Aurreko egunean irakurri nuen bikote asko Caribera ezin direnez joan, Formenterara etortzea aurreikusten zutela. Lagunak ere etorriko direla uste dut. Gainera, toki guztietan dakite Formenteran eta Hierron eta irla txikietan ez direla kasu asko egon eta seguruago dela.
Eta hilabete hauetan etortzea aurreikusita zenuten?
I. Aurten ez. Aurreko urtean San Pedro egunean egon nintzen larunbata zelako, baina aurten ez neukan pentsatuta. Azkenean, ezin. Bide batez, goraintziak Altsasuko jendeari.
P. Nik galdu nuen Aste Santuan egin behar nuen bidaia. Baina ahal dugunean joango naiz familia ikustera.
Konfinamendua musika egiteko aprobetxatu duzuela esan duzue, eta bideo bat ere. Nola sortu zen ideia?
P. Konfinamendua hasi zenean jendea nahiko sentikor zegoen eta nik abesti bat egin nuen gitarrarekin. Abestia Whatsapp bidez mugitzen hasi nuen. Lagun musikariek esan zuten oso polita zela eta jende askoren artean bideo bat egin genezakeela eta bideo hau atera da. Konfinamendutik gauza polit asko atera dira. Jendea balkoietatik kantatzen… sormena piztu da eta artista asko sortu dira.
I. Patxik abestia grabatu zuen eta lagunei bidali zigun. Bakoitzak entzuten zuen eta batek gauza bat sartzen zuen eta besteak beste bat. Azkenean, bakoitzak bere etxean bere zatia grabatu zuen eta beste lagun batek muntaia egin zuen.
Patxi, abesti asko sortu dituzu. Zer egingo duzu haiekin?
P. Ez dakit. Musika niretzat egin dut, nire etxean bakarrik. Musikariak hemen turismo denboraldia hasten denean aritzen dira lanean, eta orduan aprobetxatu dut orain gelditzera behartuta gaudela gauzak egiteko. Hilabete bat gehiago izanez gero agian disko bat egingo genukeen. Momentuz oraindik musikariak lan egiten ari dira, agian aprobetxatu dezaket pixka bat gehiago.
I. Baina lagunak kalera ateratzen hasi dira, eta ez daude hainbeste etxean. Gauzak pixka bat aldatu dira.
Nola ikusten duzue etorkizuna?
I. Nik gaizki ikusten dut esan dugunarengatik. Hemen ez daukagu industriarik, turismoaz bakarrik bizi gara. Eta orduan, uda hau ahal den moduan pasatuko da. Baina hurrengo negua gogorra izango da. Jende askok hemendik alde egingo du. Edo ez daki agian denon artean beste gauza bat pentsatu beharko dugu, zerbait egitea, irla hau beste modu batera mugitzeko. Baina zaila ikusten dut. Nire ustez gogorra izan behar da. Orokorrean hemengo jendeak lehengo egoerara itzuli nahi du. Aurten geldiune bat egingo dutela esaten dute, baina datorren urtean aurrekoa bezalakoa izatea nahi dute. Aurreko urteko erritmoa berreskuratu nahi dute.
P. Orain gauzak aldatzeko aukera dugu. Baina, ez dut uste egingo dugunik. Gaztetan esaten genuen etorkizunik ez zegoela, eta azkenean arrazoia genuen. Gauza asko aldatu behar ditugu. Lehen geneukan erritmo horrekin ezin da bizi, eta flipatu egiten dut mundu osoa gelditu duelako. Izugarria iruditzen zait. Ez da herri bat edo herrialde bat, mundu ia osoa izan da. Ikusi dugu posiblea dela erritmoa jaitsi eta lasaiago joatea. Baina nik uste ahaztuko dugula eta aurreko egoerara itzuliko garela. Jendeak lehengo normaltasunera itzuli nahi du.