Patxi Ruiz presoaren egoera salatzeko mobilizazioak

Guaixe 2020ko mai. 18a, 12:06

Ostiralean egindako mobilizazioa.

Ostiralean eta larunbatean egin ziren Altsasun.

Patxi Ruiz euskal presoak gose eta egarri greban zortzigarren eguna bete du gaur. Murtzia II espetxean preso dago Ruiz. Maiatzaren 5ean, 8. moduluko hainbat preso elkarretaratzeak egiten hasi ziren COVID-19ak eragindako egoera dela eta hainbat eskaera egiteko: gaixo dauden presoak eta zigorraren zati handiena betea dutenak askatzea eskatzea, bisitak jasotzeko eskubidea aldarrikatzea eta ez kutsatzeko neurriak hartzea. Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako Mugimenduak azaldu duenez, elkarretaratze horietako batean Ruizi eskuan zeraman kartela kentzen saiatu zen kartzelako langileetako bat, eta, ondoren, kartzelako zuzendaritzak mehatxatu egin zuen euskal presoa: “zuzendariarekin, segurtasun zuzendariordearekin eta zerbitzuburuarekin biltzera eraman zuten, eta han, mehatxuen artean, kontzentrazioen bultzatzailea izatea leporatu zioten”. Horren ondoren ekin zion protestari Ruizek. 

Presoaren egoera salatzeko ostiralean megafoniaz lagundutako kontzentrazio ibiltaria egin zuten Altsasun eta atzo manifestazioa egin zen. Bi mobilizazioak gertutik zaindu zituen Guardia Civilak. Larunbatean, esaterako, lau patruila izan ziren. Bestalde, euskal presoen eskubideen alde ostiral arratsaldean Foru plazan kontzentrazioa egin zen eta Guardia Civila ere inguruan izan zen.