Pentsio duinen aldeko kontzentrazioak bueltan

Guaixe 2020ko mai. 22a, 10:25
Pentsio duinak aldarrikatuko dituzte atzera ere.

Astelehenean, 11:00etan, Altsasuko udaletxe parean. 10 pertsona gehienez, eta 2 metroko distantziara eginen dute aldarrikapena.

Bi hilabeteko etenaren ondoren, Sakanako Jubilatuen eta Pentsiodunen Koordinadorak asteleheneroko kontzentrazioei helduko die heldu den astelehenean.  COVID-19ak eragindako pandemiak pentsio duinen aldarrikapenak kaletik etxeetako balkoietara eraman ditu bi hilabetez. 

Koordinadorak bilkuraren bidez nabarmendu nahi du "pertsonen eskubideak adinarekin ez direla iraungitzen." Horregatik, gaurko eta etorkizunerako pentsio duinak aldarrikatu dituzte. Hori hala izateko 1.080 euroko pentsioa eta lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea aldarrikatu dute. Bestetik, pentsioak Barne Produktu Gordinaren pare eguneratzea aldarrikatuko dute. Baita pentsio sistema publiko eta propioa ere. 

Buelta ere koronabirusak baldintzatuta eginen dute: gehienez ere hamar pertsona elkartuko dira kontzentrazioan eta haien artean 2 metroko distantzia gordeko dute. Bilkura Altsasuko udaletxe parean izanen da astelehenean, maiatzaren 25, 11:00etan.