Musika eta dantza ikasketak egokituz

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko mai. 25a, 12:33

Altsasuko Musika eta Dantza Eskolan matrikula egiteko epea zabaldu dute.

Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako irakasleek klaseen jarraipena egin dute konfinamenduan ere. Matrikula garaia iritsi da, eta badaezpada datorren ikasturterako "ezohiko egoerara" egokitu dute eskola

Egun batetik bestera Altsasuko Musika eta Dantza Eskola itxi behar izan zuten. Irakasleendako erronka hasi zen orduan. "Egun oso zailak izan dira. Guztiontzat egoera berria izan da eta moldatu behar izan dugu modu batera edo bestera". Jokin Borromeo Musika eta Dantza Eskolako zuzendaria da, eta konfinamenduan musika eta dantza ikasleen jarraipena egin dutela esan du. "Argi dago ez dela berdina izango klase presentzialak edo telematikoak ematea. Baina ikasleen jarraipena mantentzen saiatu gara. Horretan gabiltza". Matrikula epea ireki berri da, eta datozen bi astetan Altsasuko Musika eta Dantza Eskolan izena emateko aukera izango da. "Egoera berri honetara egokitu dugu eskola".

Hizkuntza musikala, hainbat musika instrumentu, kantua eta taldeko instrumentuak ikasketak eskaintzen dira, besteak beste, Altsasuko Musika eta Dantza Eskolan. Koronabirusak sortutako ezohiko egoeran ere klaseekin jarraitu dute. Etxetik eta ikasleen egoeretara moldatuz. "Bakarkako klaseak, instrumentuak eta kantua, esaterako, errazagoak dira. Ikaslearekin ordua adosten duzu eta streaming bidez zuzenean eman daiteke klasea. Baina konturatu ginen familia bakoitzaren egoera desberdina zela". Hortaz, zuzenean klaseak jasotzeko aukera ez zutenei bideoen bidez eskaini dizkiete klaseak. "Ikasleak bideoa grabatzen du, irakasleari bidaltzen dio eta irakasleak ikusten eta aztertzen du". Irakasleek "izugarrizko lana" egin dutela eta egiten ari direla azaldu du Borromeok.

Hizkuntza musikala edo taldeko klaseak emateko zailtasunak areagotzen ziren. Alde batetik, familien egoera desberdinak zeuden, eta, bestetik, irakasleek etxean ez zituztela klaseak behar bezala emateko materiala. Beraz, jarraipena "lanen bitartez" izan dela esan du zuzendariak. "Postaz etxerako lanak bidali, irakasleari eginak itzuli eta horrela astero". Orain arte egindakoaren "errefortzua" egin dutela azaldu du Borromeok. "Ez da materiarekin aurrera egin. Ezinezkoa zen". Hezkuntza Departamentutik bidalitakoaren pean aritu dira. Konfinamenduaren lehenengo asteak "zailagoak" izan ziren arren, ikasleek erantzun dute. "Denbora pasa ahala eta ikustean egoera luzatzen ari zela geroz eta errazagoa izan da".

Musika eta dantza
Konfinamenduak iraun duen bi hilabetetan 20:00etan hainbat musikari balkoietara atera dira bere musika elkarbanatzera. "Leku guztietan izan da. Familiek esan digute atera direla". Gainera, musika eskola mailan "zerbait prestatzen" ari direla aurreratu du Borromeok. "Klaseetara ez garenez itzuliko, kurtsoari amaiera desberdin bat emateko zerbait egiten ari gara".

Izan ere, Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako musikariak hasieratik ohitzen dira kalera eta eszenatokira ateratzera. "Helburu pedagogietako bat da. Musikariak eta dantzariak egiten dutena erakutsi behar dute, eta hasieran gogorra bada ere, gero ohitzen dira". Aurten ikasturte amaieran egiten duten kontzertu erraldoia, zein beste hainbat emanaldi bertan behera gelditu dira.

"Hainbat arrazoi daude musika eta dantza ikasteko. Ikerketek erakutsi dute psikologikoki laguntzen duela. Ez bakarrik maila pertsonalean, talde lanean aritzean ikasleentzat oso onuragarria da". Beste pertsonekin harremanak egiten laguntzen duela gaineratu du Borromeok. Hala ere, egoera ikusita datorren kasturtea nolakoa izango den pentsatzen ari dira orain. "Matrikula garaia ireki dugu eta bi astez irekita egongo da". Taldeak osatuko dituzte ere eta matrikula ofiziala ikasturtea hasi aurretik egin beharko dutela esan du musika eta dantza eskolako zuzendariak.

Hurrengo ikasturteari begira Altsasuko Musika eta Dantza Eskola ezohiko egoera honetara egokitu da. "Errepikatuko balitz prest gaude". Horrela, klaseak etxetik jaso behar badituzte ere, irakasleek bete beharreko baldintzak izango dituzte. "Eskolan orain arte ez genuen Internet, jarri dugu, eta, beraz, irakasleek bertatik eman ditzakete klaseak orain.

Ikasketak
Altsasuko Musika eta Dantza Eskolak 3 urtetatik aurrerakoentzat ikasketak eskaintzen ditu. 3 eta 6 urte bitartean musika eta mugimendua eskaintzen dute, eta 5 urtetatik aurrera dantza. Musikan hiru ziklo daude, eta ziklo bakoitzean hiru kurtso. Hizkuntza musikala, esaterako, sei kurtso derrigorrezkoak dira. Instrumentuetako klaseak ere badira, eta ikasleek nahi duten instrumentua aukeratu dezakete, "betiere lekua badago". Horregatik, matrikula egiteko orduan ikasleei hiru instrumentu aukeratzeko eskatzen diete, "instrumentu batean plazak betetzen badira, bigarrena eskaini ahal izateko". Dantzaren kasuan hiru ziklo daude, baina kurtsoak desberdinak dira.