2013an Madrilera master bat ikastera joan, eta bertan bizitzen gelditzea erabaki zuen Itsaso Lopez Aguado altsasuarrak. Koronabirusaren krisian Madril gune informatibo garrantzitsua izan da, alde batetik, espainiar estatuko kasu gehienak bertan eman direlako eta, bestetik, Madrilgo politikariek zer esan handia eman dutelako. Birusaren eragina handia izan denez, aurreko astelehenean sartu ziren lehen fasean, Nafarroa bigarren fasean sartu zenean.
Zer dauka Madrilek bertan bizitzen gelditzeko erabakia hartzeko?
Sormen Literaturako Master bat ikastera etorri nintzen. Urte bat pasa ondoren, lana bilatzea eta hemen geratzea erabaki nuen. Madril aukera pila bat dituen hiria da.
Espainiar estatuko koronabirusaren lehenengo kasuak Madrilen eman ziren. Nolakoak izan ziren lehenengo egun horiek? Noiz konturatu zineten zerbait gertatzen ari zela?
Lehendabiziko egun horiek batez ere ziurgabetasun handiko egunak izan ziren. Gogoan dut urrutiko zerbait bezala ikusten genuela; Madrila koronabirusa irits zitekeela sinestuko ez bagenu bezala. Jendea urduri samar zegoen. Lehenengo kasua diagnostikatu zenean, otsailaren 16an gutxi gora behera, Google Maps aplikazioak alerta bat jarri zuen Covid-19a Madrilera iritsi zela adieraziz. Bitxia izan zen. Hortik aurrera, denok ezagutzen dugu istorioa.
Zein zen giroa?
Nire enpresan aste bat lehenago bidali gintuzten etxera. Salbuespen egoera eta konfinamendua ezarri aurretik telelana egiten hasi ginen. Dagoeneko susmoa zegoen zerbait larria eta guztiz ezezaguna gertatzen ari zela. Giroa nahiko mugitua zegoen. Ilara galantak ikusten ziren supermerkatuetan eta beharrezko produktuak bukatzen hasi ziren, komuneko papera, alegia. Jendea beldur zela nabaritzen zen.
Orain zein da egoera?
Oraintxe egoera aldatu egin da. Argi dago jendea aurretik genuen bizitza berreskuratzeko irrikitan gaudela, eta, hori lortzea zaila izango den arren, behintzat etxetik ateratzeko, jendea ikusteko eta errutina berriro hartzeko gogoak ditugu.
Zer moduz eraman duzue konfinamendua?
Konfinamendua luzea izan da. Hala eta guztiz ere, modu batean edo bestean horrela bizitzera ohitu garela dirudi. Nik uste ondo eraman dudala, azkenean gustuko ditudan gauzak egiteko aukera bikaina izan da: asko irakurri dut, musika entzun dut, sukaldatu dut…
Jendeak errespetatu al du?
Denetarik egon dela uste dut. Azkenean, Madrilen dagoen biztanleria kontrolatzea oso zaila da. Uste dut oro har erantzukizun zibila pixka bat izan dugun pertsonek ondo egin dugula, hala ere, Tinderrekin etengabe egon diren ezagunak baditut. Salaketa asko ibili dira botiloi egiten diren inguruetan ere, eta auzokide edo balkoietako poliziaren figura sortu da. Konfinamendu honek gizartea zekenagoa bihurtuko duela dirudi.
Nola izan da Madril hutsik ikustea?
Egoera nahiko berezia izan da. Madrilen ohituta gaude, hiri handietan bezala, soinuarekin eta jendearen mugimenduarekin bizitzera. Hori izango litzateke hiriaren nortasuna. Birusarengatik hirian sustatzen den bizitza nolabait galdu egin da. Eta faltan botatzen dut. Hala ere, trafikoaren eta poluzioaren beherapena primeran etorri zaigu. Inoiz baino euri gehiago egin du, eta hori Madrilen oso arraroa da. Ez dakit. Hemendik aurrera gobernuek aztertu beharko lukete hirien berregituratze zorrotz bat egitea, ekosistema berde eta ekologiko batean bizi ahal izateko eta poluzioa jaitsi ahal izateko. Orain Ayuso atera da esanez lurzoruaren legea berregitea nahi duela. Ezin dugu hori onartu, horrek esan nahi duelako espazio berde gutxiago egongo direla eta, beste alde batetik, lege horren berregituraketak 2008ko krisiaren hasiera gogorarazten duelako.
Nola aldatu zaizu bizitza?
Gehien aldatu zaidana etxetik lan egitea izan da. Azkenean, oso zaila izan da etxean zortzi ordu lan egiten pasatzea eta gero etxetik ezin atera ahal izatea. Behintzat, deskonexio tarte bat izatea beharrezkoa da. Arraroa izan da ere lagunekin pantaila baten bidez ikustea. Zorionez, teknologiaren bidez hiperkonektatuta gauden gizarte batean bizi gara; ez dakit nolakoa izango litzatekeen egoera hau duela 30 urte gertatu izan balitz.
Isabel Diaz Ayuso, Madrilgo presidentea, eta Jose Luis Martinez Almeida, alkatea, albistegietako protagonistak izan ohi dira. Zer moduzkoa izan da Madrilgo administrazioaren krisiaren kudeaketa?
Desastre hutsa izan da. Zoritxar handia izan dugu Ayuso eta Almeidaren kudeaketarekin. Biak izan dira egunero eta etengabe protagonistak hartu dituzten erabakiengatik eta kudeaketa txarragatik. Zirku bat bezala izan da. Beraien politikarekin ez diete hiritarrei lagundu, konfrontazio politikoa erabili dute, alternatibarik eman gabe, Espainiako gobernuaren aurka egiteko. Kutsatu ia guztiak M8ko manifestazioengatik izan zirela diote. Herritarren osasuna alde batera utzi dute. Interesatzen zitzaiena egunkariko lehen orrialdean ateratzea zen. Iruzur handiak ikusi dira: Ifemako ospitalearen kudeaketa, Ayusoren apartamentua eta abar.
Lehen fasera pasatzearekin ere gora eta behera aritu dira. Nola bizi izan duzue egoera?
Alde batetik, Ayusok lehen fasera pasatzea eskatzen zuen eta, bestetik, osasun zerbitzuetatik oraindik goiz zela esaten zuten. Ayusoren aldetik etortzen diren informazio guztiak kontraesankorrak izan dira. Argi zegoen Madrilgo erkidegoa ez zegoela azpiegituren aldetik lehen fasera igarotzeko prestatuta. Azken finean, Madrilen kontzentratu dira koronabirusagatik hildako eta kutsatu gehienak. Ayusok esaten zuenaren arabera, ZIUetako oheak libre zeuden, baina osasun etxeetako lehen arreta emateko arazo handiak zeuden. Beste aldetik, Ayusok lehen fasera ez pasatzea erabaki zuenean, bere alderdiko goi-kargu politikoek esaten zuten Espainiako gobernuak dekretatu zuen alarma egoera herritarron erabateko kontrola izateko erabiltzen ari zela; haiek esaten dutenaren arabera, diktadura estali bat bihurtu nahi dute. Tarte horretan, beraz, Ayusok iritzia aldatu zuen eta lehen fasera pasatzeko baimena eskatu zuen. Horrek Madrilgo Osasun publikoaren zuzendariaren dimisioa ekarri du. Oso larria izan da.
Gainera, azken astetan Salamanca auzoko manifestazioak izan ziren albiste. Nola bizi izan dituzue?
Lotsagarria izaten ari da. Pena handia ematen dit Madril bezalako hiri batean, aniztasun polita eta aurreratua dagoen hiri batean, hau gertatzea. Azkenean, albiste izaten ari da diruz gainezka bizi diren estatu mailako %0,2. Jende honen borroka, borroka deitu ahal bazaio, beraiek dituzten pribilegioak ez galtzea da, eta ez beraien eskubideak aldarrikatzea. Gorrotatzen dut. Ezin dugu utzi jende hau Madrilen bizi garen gizartearen irudi bihurtzea; bereziki momentu txarrak bizitzen ari diren pertsonak daudenean. Krisi uneak historikoki oso kritikoak izan dira eskuin muturreko alderdiek bere diskurtso suntsitzaile eta populistarekin pentsamendu kritiko laburra duten pertsonengana iristeko. Nolabait jende horri ez litzaioke publizitate gehiago eman beharko. Haien protesta guztiak meme-etarako gaia bihurtu dira. Hala ere, gertaera hauek beldurra ematen didate. Uste dut, Covid-19aren inguruan eman diren heriotzak alde batera utziz, gertaera hauek krisiaren alde kaltegarrienak eta negatiboenak izan direla.
Azkenean lehen fasera pasa zarete. Nola jaso duzue albistea?
Orain askatasun gehiago daukagula nabaritzen da. Jadanik konfinamendu osoa pasa dugu. Lehen fasera pasatu ahal izateak itxaropen apur bat ematen digu. Bi hilabetez ikusi ez duzun jendea ikustea oso zirraragarria da. Aldi berean, krisi mota honek bizitza gozatzeko eta maite duzun jendearekin partekatzeko dela konturatzeko eta balioesteko balio du.
Zer egin zenuen lehen faseko lehenengo egunetan?
Lehen faserako lagunekin egotea nahi dut. Taberna edo etxe batean, berdin zait. Garrantzitsuena beraiekin egotea da, elkarrekin egotea. Momentu honetan tabernetako terrazak ireki dituzte segurtasun neurriak errespetatuz, baita terrazak dituzten jatetxeak ere. Horretaz gain, uste dut museoak irekiko dituztela, behintzat edukieraren %30arekin. Aprobetxatuko dut Pradotik edo Reina Sofiatik bueltatxo bat emateko. Gainera, turistarik gabe!
Familia hemen eta zu han. Nola bizi izan dituzu hemendik iristen ziren albisteak?
Okerrena familiarengandik urrun egotea izan da. Luze samar egiten ari zait Altsasura ez joatea eta familia ezin ikustea. Ziurgabetasun momentu hauetan beraiekin ezin egoteak ezintasuna sortzen du. Altsasura joateko irrikitan nago.
Etortzeko asmorik ba al zenuen?
Bai. Aste Santuko oporrak Altsasun pasatzea espero nuen eta asteburu honetan ere nire aitaren urtebetetzea ospatzeko joan behar nintzen. Nire gurasoak Madrilera etortzea pentsatu zuten ere. Reina Sofia museoan Mondrian artistaren erakusketa mustu behar zuten eta aitzakia horrekin etorri behar ziren. Orain denak itxoin beharko du.
Eta orain noiz aurreikusten duzu etortzea?
Ideiarik ez. Birusaren araberakoa izango da. Hala ere, nik uste dut uztailaren lehenengo asterako egongo naizela.
Koronabirusaren ondoren, zer etorkizun espero duzu?
Zaila da jakitea. Jadanik atzerapen ekonomiko larrian murgilduta gaude. Ziurgabetasunezko egoera konplexua bizitzen ari gara. Hemen gizartean babesgabe dauden pertsonei lagundu beharko genieke. Uste dut lehen bizi genuen normaltasunera itzultzea oso zaila izango dela, baina egoera guztietara moldatu behar gara. Beldurgarria da pentsatzea eskuin muturreko alderdiak igoera bortitza izango duela, eta horrek esan nahi du gure askatasuna eta oinarrizko eskubideak mugatu ahalko dituztela. Baina momentu honetan baikorrak izatea beharrezkoa da. Balioan jarri behar ditugu bizitzak ematen dizkigun gauza onak: esaterako, bidaiatzea eta familiarekin eta lagunekin disfrutatu ahal izatea.