COVID-19 gaixotasunak sortutako pandemiak bertan behera utzi zuen Altsasuko azoka. Martxoaren 11koa egin zen azkena izan zen. Osasun egoera onera egin ahala azoka berriro zabaldu zuen udalak, apirilaren 29an izan zen eta jatekoak saltzen dituzten postuendako. Horiek Baratzeko Bide plazan eta kultur gune pareko zabalgunean daude, pandemiak eskatzen dituen osasun neurriak hartuta.
Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, bihartik aurrera elikagaiak saltzen ez duten postuak ere azokan izanen dira. Pertsonen arteko distantzia mantentzeko neurriak eta salmenta postuen artekoak ez dute uzten betiko kokapenean jartzen eta, horregatik, udalak 27 postu horiei Zumalakarregi plazan jartzea baimendu die. Osasun larrialdiko neurriak behar bezala bete daitezen Udaltzaingoak postu bakoitzaren kokapena zehaztu du.