Altsasuko Zelandi kiroldegiak ekainaren 15ean zabalduko ditu ateak. Kiroldegia kudeatzen duen Atabo Altsasu S.L. enpresako presidente Idoia Ibañez de Opakuak sinatzen duen komunikatuan eman dute erabakiaren berri. Komunikatuan jasotzen denez, COVID-19 birusak sortutako osasun krisiak eragindako geldialdiaren ondoren, ekainaren 15ean zabalduko dira kirol instalazioak, ohiko ordutegian (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 22:00etara, larunbatetan 09:00etatik 20:00etara eta igandeetan 09:00etatik 14:00etara).
Egon daitezkeen kezka eta galdera guztiak argitzeko, aste honetan erabiltzaileek posta elektronikoz bidalitako kontsultak erantzungo dituzte Zelandi kiroldegiko zerbitzutik (harrera@ataboaltsasu.com), eta ekainaren 8tik aurrera, telefono deiei ere erantzungo zaie (948 56 27 86).
Segurtasun neurriak
Zelandin zerbitzu segurua eta arduratsua eskaintzeko, gimnasioko errutinak hiru gela desberdinetan garatuko dira, gomendatutako distantziak errespetatuz. Horrela, 1. aretoan indar eta kardio makinak egongo dira; 2 eta 3 aretoetan halterak edo pesak, barrak eta bankuak eta spinning aretoan, berriz, bizikletak eta arraunketa makinak egongo dira.
Igerilekuari dagokionez, Zelandiko langileek igerilekuen aforoa kontrolatuko dute etengabe, beharrezko distantziak bermatzeko. Aipatzekoa da ere harrerako langileek sarbidea mugatuko dutela, 3. faserako eta "normaltasun berrirako" adierazitako edukiera gaindituz gero. Bukatzeko, gimnasioan, igerilekuan eta aldageletan garbiketak eta desinfekzioak egiteko ordu tarte jakin batzuk erreserbatuta egongo dira.
Arbizun ez dago datarik
Arbizuko kiroldegiak ateak noiz zabalduko dituen galdetuta, oraindik noiz izanen den eta nola ez dakitela erantzun dute Arbizuko Udaleko ordezkariek. Egoera behar bezala aztertzen ari dira.