“Premiazkoa da preso politikoen aldeko borroka berpiztea”

Guaixe 2020ko eka. 1a, 14:10

Hala adierazi zuten Patxi Ruizi elkartasuna adierazteko manifestazioaren akaberan, Altsasun larunbatean. 

Patxi Ruiz presoak gaur 22. gose greba eguna eginen du. Aurreko 12etan, gainera, egarri greba ere egin zuen. COVID-19aren aurrean neurriak eskatzeko kartzelan egindako protesten erantzule egin zuten funtzionarioen mehatxuak salatzeko ekin zion protestari presoak. Ruizek bere protestarekin kartzelako zuzendaritzari eskatu dio bere segurtasuna bermatu dezala, jarrera mehatxatzaileak, jipoiak eta irainak behingoz gelditzea eta bera eta euskal preso guztiak Euskal Herriratzea. 

Ruizi elkartasuna adierazteko 43 pertsonak egun bateko kanpaldia eta baraualdia hasi zuten Altsasuko Foru plazan ostiral arratsaldean. Hura despeditzeko larunbat arratsaldeak 150 bat pertsona elkartu zituen manifestazioa egin zen, Patxi borrokan, herria ere bai lelopean. Mobilizazioaren bukaeran adierazi zutenez, “beste behin argi geratu da presoen alde borrokatzea gu guztion erantzukizun zuzena dela. Estatuek ez dute haien eskubideak errespetatzeko inongo asmorik eta kartzelan hiltzen uzteko ere prest daude”. Gaineratu zutenez, “presoen askatasuna ez da estatuen borondatetik aterako”. Eta nabarmendu zutenez, “preso politikoen eskubideen aldeko borrokan ezinbestekoa da presoen izaera politikoa aldarrikatzea”. 

Aldi berean, “premiazkotzat” jo zuten “preso politikoen aldeko borroka berpiztea, Amnistiaren aldarria ozen entzutea”. Bukaeran nabarmendu zutenez, “”preso politikoen existentzia gu guztioi eragiten digun gatazka politikoari lotuta dagoen heinean, presoen askatasunaren aldeko borroka, gu guztion askatasunaren aldeko borroka delako. Finean, presoen askatasuna gu guztion ardura delako”. 

Mobilizazioak
Etxarri Aranatzen egunero 20:00etan plazan kontzentrazioa egiten segituko dute. Etxarri Aranazko Gazte Asanbladako kideek 48 orduko txandakako baraualdiak egin ditu eta horiek ostiralean bertan bera gelditu ziren. Altsasun ere txandakako baraualdia ere bertan behera gelditu zen ostiralean. Altsasun azken asteetako dinamikari akabera ematea erabaki dute eta bestelako maiztasun batekin ariko dira Patxi Ruizi elkartasuna adierazten.