Udalak aparkaleku berriko lanak eman ditu

Guaixe 2020ko eka. 9a, 11:40

Erkuden eta Bakea kaleen artean dagoen orubean eginen dute aparkalekua.

Erkuden eta Bakea kaleen artean dagoen etxartean eginen da. Udalak eta Altsasuko Dendarien Elkarteak ibilgailuek herrian aparkatzeko dituzten guneei buruzko informazio kanpaina eginen dute.

Altsasuko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak gaur egindako bilkuran bi lan ematea erabaki du. Alde batetik, Erkuden eta Bakea kaleen arteko orubean ibilgailuendako aparkaleku publiko berri bat egiteko lanak Lacunza Hermanos SM ematea erabaki du. Enpresak aparkalekua egiteko bi hilabete izanen ditu eta haien truke 110.783,75 euro (BEZ kanpo) jasoko ditu.Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi digunez, lanak laister hasiko dira. 

Aipatu partzelan 66 ibilgailuendako aparkaleku publikoa eta behar bereziak dituztenendako beste hiru plaza egokituko dira. Urbanizazio lan horietaz aparte, etxeen inguruan espaloi perimetral bat izanen da, oinezkoek sarbide segurua izateko. Gainera, eraikinetako argi-sare publikoak eta euri-urak biltzeko sareak espaloiaren azpitik pasaraziko dituzte, baita aparkalekuko euri-urak biltzeko sarea jartzeko ere.

Baso-lanak  
Tokiko Gobernu Batzarraren gaurko bileran erabaki da aurtengo baso-lanak Apezetxea Anaiak, S.L. enpresari ematea 43.864,40 euroren truke (BEZ kanpo). Udalak Nafarroako Gobernuaren 31.366,48 euroko dirulaguntza jasoko du. Aurreikusitako lanen artean daude, batetik,  Zezenagako pinuditik baso aprobetxamendua ateratzeko Azunzarten pista berria egitea, baso-lanetako enpresek Usolarraingo eta institutu edo ikastolako bideak ez erabiltzeko, ibilgailu eta oinezko asko baitabil bertan. Bestetik, Arkurutzetagainen bidearen zati bat konponduko da basora sarbide hobea izateko, handik urte baterako etxerako egur loteak ateratzeko aukera izanen baita (500 m3). 

Aldi berean, Balankalekuko eta Torretxikiko pistetan hobekuntzak eginen dira. Inguru horretan hurrengo bi urteetan pago baso aprobetxamenduak salduko dira eta salmenta egokia izan dadin bideak ongi egotea komeni da. Marmolazpi eta Torretxiki pistei dagokienez, etxeko egurretarako loteak 7 edo 8 urtez egiteko aukera dago bakanketen bidez, horretarako sarbidea erraztu behar zaie altsasuarrei.