Aita Barandiaran adinduen egoitzara ere arintze neurriak iritsi dira. COVID-19 gaixotasunak eragindako pandemia orain arte arrakastaz gainditu du, 42 adinekoetatik edo egoiliarretatik bat bera ere ez baitzen gaixotu. Osasun-larrialdiak behera egitearekin batera, adinen egoitzako neurriak ere arindu dira. Mª Eugenia Martinez de Goñi Perez gerenteak azaldu digunez, “pandemiagatik egoitza hirutan banatu genuenez, bakoitzean bisita gune bat prestatu dugu. Beraz, aldi berean hiru bisita egin daitezke. Gainera, zorionekoak gara, egoitzak ate bat baino gehiago dauzkalako”.
Joan den astean egoiliarrek espaloian zeuden senideekin eta lagunekin izan zituzten lehen aurrez aurrekoak. Bere txikian aldaketa handia izan zen, adineko batzuk telefonoarekin edo bideo deiekin ez baitira moldatzen. Egoitza barrura bisitak aste honetan hasi dira sartzen. Martinez de Goñik esan digunez, “egoiliar bakoitzeko pertsona bat hartu dugu aste honetan. Ordu erdiko bisitak izan dira”. Horretarako, bisitariek higiene neurri zorrotzak bete behar izan dituzte: sartzerakoan tenperatura hartu zaie, oinetakoak eta eskuak desinfektatu, maskara jarrita izan eta egoiliarrarekin bi metroko distantzia mantendu behar dute.
Bisitak 10:30ean, 11:15ean, 12:00etan, 17:00etan, 17:45ean eta 18:30ean dira. Kudeatzaileak jakinarazi digunez, heldu den astetik aurrera bisita ordutegietan toki hutsak badaude egoiliarreko astean bisita bat baino gehiago egiteko aukera legoke. Bitartean, egoitzan dauden adinduak ezin dira ez bakarrik ez senideekin kalera atera. Adinekoak lorategira eta terrazetara ateratzeko garaian langileek lagunduta egiten dute.