Pentsiodunek kalean jarraituko dute

Guaixe 2020ko eka. 8a, 09:31

Pentsio duinak aldarrikatzen maskara jantzita.

Gaur kontzentrazioa tokiz aldatuko da eta Zumalakarregi plazan izanen da, 12:00etan. 

Nafarroako Gobernuak adinekoendako eta desgaitasuna duten pertsonendako egoitzen eredu berri bat ezartzeko proiektua aurkeztu zuen apirilaren 29an. Sakanako Erretiratuen eta Pentsiodunen Koordinakundeak egitasmoa begi onez ikusi du. Koordinakundeko kideen iritziz,  “adinekoei zor zaien errespetua aldarrikatzen eta exijitzen kalean daramagun hiru urte baino gehiagoren emaitza da hori, argi eta garbi”. Proiektua jendaurrean hilabete batez egonen dela eta proposamenak egiteko aukera dagoela gogorarazi zuten. Aldi berean, aurreko kontzentrazioan esandakoa gogorarazi zuten: “adineko pertsona guztiei zor zaien errespetua eskatzen diegu, haien mendekotasuna edozein dela ere, gure bizitzako azken etapa hau duintasunez bizi dezagun”.

Proiektuari ongi etorria eman badio ere, koordinakundetik “kalean jarraitu beharra” defendatu du, “kalera atera gintuzten aldarrikapenak lortu arte”. Eta haien aldarrikapen oinarrizkoenak gogorarazi dituzte: gutxieneko 1.080 euroko pentsioa (Nafarroako Gobernuak kopuru horretara iritsi arte parekatzea nahi dute), lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea, genero desberdintasunak gainditzea edota pentsioak Kontsumorako Prezioen Indizearekin batera eguneratzea.