KIROLDEGIAK

Zelandi kiroldegira maskara jantzita sartu beharko da, baina ez da aurretiazko hitzordua hartu beharko

Guaixe 2020ko eka. 9a, 10:35

Sakanako Igeriketa taldekoak Zelandin entrenatzen.

Altsasuko Zelandi Kirolguneak ekainaren 15ean irekiko ditu ateak eta bazkideei zerbitzuaren erabilera oharrak helarazi dizkie zuzendaritzak. Egon daitezkeen zalantzak telefono dei bidez erantzuten dituzte

COVID-19 birusak sortutako osasun krisiak eragindako geldialdiaren ondoren, astelehenean, ekainaren 15ean zabalduko ditu ateak Altsasuko Zelandi kiroldegiak, zerbitzu segurua eskaintzeko beharrezko diren segurtasun neurriak hartuta. Azpiegituren kudeaketaz arduratzen den Atabo S.L. enpresak bazkideei zerbitzuaren erabilera ohar berriak zeintzuk izango diren helarazi dizkie, baina hala ere, egon daitezkeen kezka eta galdera guztiak argitzeko, erabiltzaileen telefono deiak erantzungo dituzte Ataboko langileek, goizeko 09:00etatik 12:00etara (948 56 27 86).

Hartu diren neurriei dagokienez, Zelandi kiroldegira sartzeko maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, sarrera, pasabide eta eskaileretan. Horretaz gain, kirolgunera sartzean eskuak garbitzea derrigorrezkoa izango da. Kiroldegira sartzeko ez da aurretiko hitzordua hartu behar izango. Erabiltzaileek nahi dutenean erabili ahalko dute kirolgunea, betiere aforoa errespetatzen bada. Aforoaren kontrola izateko, erabiltzaileek txartela erabili beharko dute. 

Pandemia dela eta, arauetan zenbait aldaketa daude. Esaterako, hemendik aurrera 14 urtetik beherako erabiltzaileak laguntzaile batekin sartu beharko dira. Ordainketari dagokionez, nahiz eta zerbitzuengatik txartelarekin ordaintzeko gomendioa egin, eskuz ere ordaintzeko aukera izango dute erabiltzaileek. Bestalde, aipatzekoa da ere aurten abuztuan Zelandi kirolgunea ez dela itxiko. Orain arte itxita egon den tarte honetan normalean abuztuan egiten ziren mantenu lanak egin dira eta, hortaz, abuztuan zabalik egongo da Zelandi kiroldegia. 

Bazkideen kuotei dagokienez, zuzendaritzatik azaldu dutenez ezohiko tarte honetan hilabete bakoitzean –apirila, maiatza eta ekaina– 3,35 euro kobratu zaie bazkideei mantenu kuota bezala. Hala ere, ekainaren 15etik aurrera bazkideek kirolgunea erabili ahalko da nahiz eta soilik mantenu kuota ordaindu. Uztailaren 1etik aurrera betiko kuotak kobratuko dituzte. Eta galdutako klaseei dagokienez, kasu honetan harreran igerileku eta gimnasioko sarreren bale bat hartu ahal izango da, galdutako klase bakoitzaren truke sarrera bana izango dena. Balea transferigarria izango da eta ekainaren 30a baino lehen hartu beharko da. 

Dantzalekuko igerilekuak itxita
Bestalde, aurtengo udan Dantzalekuko igerilekuak ez dira irekiko. Uztailaren 1etik aurrera Zelandiko belardia erabili ahal izango da, udako igerilekuko belardi moduan.