Zoramen handia izan da Zelandi kiroldegian osasun pandemiagatik eskatutako arauak bete ahal izatea?
Hasiera batean bai. Konfinamendua arintzeko 1. eta 2. fasean jarri zituzten eskakizunak betetzea ezinezkoa zen Zelandi bezalako instalazio txiki batendako eta 3. fasera arte itxaron behar izan dugu zabaltzeko. Bitartean instalazio guztiak behar bezala prestatu ditugu.
Elkarren arteko distantzia betetzea eta garbiketa izango dira funtsezko eskakizunak, ez?
Beno, enpresa garen aldetik eskakizun asko bete behar dira, baina Zelandi kiroldegira etortzen diren bezeroei dagokienez kontuan izan beharrekoak ondokoak dira: ahal izanez gero distantzia mantentzea eta maskara jantzita eramatea sarreran, pasilloetan eta aldageletan. Bestalde, eskuak garbitzea ezinbestekoa da eta horretarako gel hidroalkoholikoak daude, sarrera nagusian eta areto bakoitzeko sarreran. Eta gimnasioan erabilitako makinak garbitzeko desinfektatzaileak daude.
Gimnasioan aldaketarik egin duzue?
Spinning klaserako eta beste aktibitate batzuetarako genituen zonalde batera eraman ditugu gimnasioko makina asko, eta hortaz, makina guztietarako espazioa dugu. Guztira gaur egun 65 pertsona sartzen dira gimnasioan, sekulako kopurua. Distantzia mantenduta lasai ari daitezke gimnasioan.
Igerilekuetan zenbatekoa da aforoa?
Bi pertsona kaleko. Sei kale dira, beraz, 12 pertsona igerileku nagusian. Jacuzzia zabalik dago; Osasun agintariek esan ziguten kloro kopurua igotzeko, hala egin dugu eta 3 pertsona sar daitezke jacuzzian, distantziak mantentzeko. Bestalde, igerileku txikia ere zabalik dago. Igerileku txikian gehienez 18 pertsonako edukiera jarri dugu, hau da, ohikoaren %50, baina sartzen direnak familiako kideak ez badira, 2 metroko distantzia mantendu behar dute elkarren artean, eta distantzia hori ez bada errespetatzen, sorosleak aforoa murriztuko du. Familiako kideak badira, gertu egon daitezke. Bestalde, sauna eta halako instalazioen araudi edo erregulaziorik ez dute atera orain arte, eta nahiago izan dugu erregulatu arte itxita mantentzea.
Dutxak eta aldagelak erabilgarri daude?
Bai, aldagelak eta dutxak erabilgarri daude. Garbiketen aldetik egunero bi desinfekzio egitea eskatzen da, baina gurean normalean hirutan egiten dugu desinfekzioa, produktu berezi batekin. Produktu horrek ez du soilik desinfektatzen, ordu batzuetarako arrastoa uzten du. Beraz, gure instalazioak irekitzen direnetik isten direnera arte desinfektatuak daudela suposatzen da.
Hortaz, erabiltzaileak lasai hurbil daitezke kiroldegira. Hasi dira kirolariak gerturatzen?
Bai, poliki baina hasi da, eta eskatutako arauak behar bezala betetzen dituzte: guztiak maskara jantzita, distantziak mantenduz... oso kontentu gaude. Nolanahi ere, jendeak zalantza asko dauzkala sumatzen da. Pertsona asko etorri dira galdezka, komunak edo dutxak irekita dauden, maskara jartzea derrigorrezkoa ote den, bertan behera geratu ziren ikastaroekin zer gertatuko den eta halakoak galdetzera.
Uste duzu jendeak beldurra duela? Egoera arraroa da.
Egunerokotasunera bueltatzea zaila egiten ari zaio jendeari, baina Zelandira hurbiltzen badira, egoera uste baino normalagoa dela ikusiko dute, eta lasai-lasai etor daitezkeela, kirola egiteko ez dago inolako arazorik.
Udako atarian gauden honetan, akaso hau ez da kiroldegira joateko garairik onena.
Bai, hiru hilabete pasa ditugu etxean eta beste eremu itxi batera, gimnasiora pasatzea... hala ere jendea etortzen ari da, bai gimnasiora eta baita igeri egitera ere, eta gogotsu, gainera.
Mugimendua duzue Zelandiko atzeko zelaian.
Bai, Dantzalekuko udako igerilekuak ez direnez irekiko, Zelandi kiroldegiko atzeko zelaia prestatzen ari gara, erabiltzaileek bertan eguzkia hartzeko aukera izan dezaten. Igerileku estalietara sarbide zuzena izango dute, igerilekuetara sartu eta freskatzeko.