LAB presoen eskubideen alde mobilizatu da

Guaixe 2020ko eka. 18a, 12:21
LABek bere aldarria azokara eraman zuen.

Sindikatuak aktibazioaren eta presio sozialaren alde egin du “euskal preso politiko guztiak etxera osasuntsu eta bizirik ekartzeko”.

LAB sindikatuak euskal preso politiko eta erbesteratu guztien etxeratzea eta kartzelatik ateratzea aldarrikatzeko atera zen kalera atzo. Altsasun azoka eguna zela baliatuz kultur-gune zabalgunetik Zumalakarregi plazarainoko joan-etorria egin zuten euskal presoak etxean eta bizirik nahi ditugu leloa zuen pankarta aldean zutela. 

Sakanako LABeko ordezkari Arantxa Ibargoienek nabarmendu zuenez, “presoen egoera bi aldiz larriagotu duen osasun-krisia dela eta, LABek presoak etxera osasuntsu eta onik itzultzeko beharra azpimarratu dugu”. Ibargoienen iritziz “Nafarroako Gobernua bulkatzen ari den Nafarroa Suspertu planak presoen eta erbesteratuen eskubideak errespetatzen dituzten neurriak jaso beharko dituela uste dugu”. LABek planari egindako ekarpenetan besteak beste honakoak sartu dituela jakinarazi zuen: sakabanaketaren akabera, gaixotasun larriak edota sendaezinak dituzten presoak askatzea eta zigorraren hiru laurdenak bete dituzten presoak askatzea.

Ibargoienek gaineratu zuenez, “gainerako preso politiko guztiak etxean ahalik eta azkarren egoteko beharrezko pausoak egiteko ibilbide-orri bat marraztea nahi dugu”. Aldi berean, Sarek larunbatean, 17:30ean, Iruñean deitu duen mobilizazioan parte hartzera deitu du. Sarasate pasealekutik Iruñeko kartzelara martxa eginen da.