Barandiaranek beste bidegile baten iruzkina egin du

Guaixe 2020ko eka. 18a, 15:52

Xole Erbiti Arbillaren biografia jaso du, Nafarroako Gobernuko lehen euskara teknikariarena, 'Bidegileak' bilduman. Erbiti 35 urtez aritu zen lanean Hezkuntza Departamentuan, 1972tik 2007ra.

Alberto Barandiaran Amillano kazetaria altsasuarrak Xole Erbiti Arbilla (1942-2009). Lehen euskara teknikaria liburuxkaren idatzi du Eusko Jaurlaritzaren Bidegileak bildumarako. Atzo aurkeztu zuten Erbitiren biografia jasotzen duen argitalpena. Illarregiko (Ultzama) Urrikenia etxean jaioa, 1972an eskuratu zuen euskara teknikari plaza (Nafarroako Gobernuak ateratako lehenengoa), eta bertan jardun zen lanean 2007an erretiroa hartu zuen arte.

Herrialdeko lehen euskara teknikaria izan zen eta ekarpen garrantzitsua egin zion euskararen normalizazioari Nafarroan. Magisteritzan eta Zuzenbidean lizentziaduna, Erbitik 1973an Nafarroan sortutako Euskara Atalaren euskara teknikari bilakatu zen. Erbiti 35 urtez aritu zen lanean Hezkuntza Departamentuan. Hezkuntzako Euskara Zerbitzuan eginiko lanen artean Nafarroako herrietako euskara maila ezagutzeko azterketak egin; bertsolaritza, idazmen, olerki, antzerki zein haur kantu txapelketak antolatu; Príncipe de Viana kultura aldizkarian euskal orria argitaratu; zein euskara sustatzeko kanpainak garatu zituen. 

Erbitik, bestetik, lan esanguratsua egin zuen irakasle moduan, ikastolen sorrera gogotik bultzatu zuen eta euskarazko kazetaritzaren aitzindarietako bat izan zen. Nafarroako Gobernuan lanean hasi aurretik irakasle izan zen Berueteko eskolan; izan ere, Julia Fernandez Zabaleta, Montessori pedagogiaren jarraitzaileak eta euskaltzale sutsuak piztu zion euskarekiko kontzientzia eta irakaskuntzarako joera. Irakaskuntza lanekin lotuta hezkuntzako euskara atalean irakasleendako ikastaroak antolatu zituen; horietan parte hartu zuten irakasleen artean ziren, besteak beste, Joxemiel Barandiaran, Manuel Lekuona, Damaso Intzakoa, Aingeru Irigarai, Martzelino Garde eta Santi Onaindia.

Barandiaranek bilduma bererako aurretik beste euskaltzale nafar baten iruzkina egina zuen. Pedro Diez de Ultzurruni buruzko liburuxka idatzi zuen 1996an.  

Bildumaz 
Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzuaren Bidegileak bildumaren helburua izan da euskalgintzan aitzindari izan diren pertsona eta taldeen pentsaera, bizitza eta lana ezagutzera ematea. Proiektua 1987an abian jarri zenetik, 272 euskaltzale eta talderen ibilbideak ezagutarazi dira. Tartean dira, besteak, beste Patxi Ondarra eta Jose Mari Satrustegi. Atzo aurkeztu zituzten lau bidegileekin despeditu da bilduma.