Trafikoa arautzen duen Altsasuko udal-ordenantza 2012koa da. Baita pasabideetarako lizentziei eta espazio-erreserbei buruzko araudia ere. Denborarekin bi ordenantzak zaharkituta gelditu dira, batetik, gaur egun gertatzen diren trafiko egoera batzuk arautu gabe daudelako, bestetik, indarrean den udalez gaindiko araudia aldatu delako eta, azkenik, igarotzeko lizentziak eta espazio-erreserbak onartzeko beharrezkoak diren baldintzak argitzeko eta kasuan kasuko titularraren erantzukizunak argitzeko.
Horregatik, Altsasuko Udaleko Hirigintza Batzordeak ontzat eman du bi ordenantzak berritzea eta araudi bakar batean batzea. Hortaz, mugikortasunaren eta trafikoaren arloko ordenantza bakar batek arautuko ditu horrekin zuzenean erlazionatutako alderdi guztiak. Ordenantza berriak, besteak beste, gidarien bete beharrak zehaztu, hiri garraioa antolatu, oinezkoen, bizikleten, patinen, patineteen eta monopatinen erabilera eta zirkulazioa arautzen ditu. Baita hainbat espaziotako abiadura-mugak zehaztu ere.
Pasatzeko lizentziak emateko baldintzak zehaztu dira, baita seinaleztapena, erantzukizunak eta bestelakoak ere. Horrekin batera, familia bakarreko etxebizitzetako ibilgailuak gordetzeko lokaletan igarotzeko lizentzien arloko araudia gehitu da. Salgaien zamalanetarako erreserbatutako tokiak eta beste erreserba batzuk nola egin eta zein baldintzatan ere argitzen du. Gelditzea eta aparkatzeari buruzko araudia jasoa du ordenantzak, utzitako ibilgailuekin zer egin eta beste hainbat aspektu ere bai.