San Joan bezperako eta eguneko ospakizunak bertan behera gelditu diren arren, “egun hauek bereziak izaten” jarraitzeko abardi lehiaketa antolatu du Altsasuko Udalak. Beraz, ekainaren 24ko egunsentian lizarrak eta makalak jartzera gonbidatu ditu altsasuarrak: lizarra estimatzen den pertsonari eta makala hainbeste maite ez den horri. Ondoren, abardiaren argazkia egitea eta iortia@altsasu.net helbidera bidaltzea eskatu du udalak. Parte hartzaileen artean Iortia kultur guneko zinemarako 8 sarrera zozketatuko dituzte. “Irudimena landuz, material birziklatuarekin abardiak” egin daitezkela jakinarazi dute udaletik. Gainera, etxeetako atarietan iratzeak jartzeko gonbita egin dute ere, “bertan bizi direnak babesteko”.
Elkartasun afaria
Bestetik, Altsasuko Gazte Asanbladak urtero egiten duen elkartasun afarian parte hartzeko deialdia egin du. Hala ere, aurtengoa berezia izanen da koronabirusak sortutako egoeraren aurrean seguratasun neurriak bermatuko direlako. Hortaz, afaria ekainaren 23an, San Joan bezperan, Altsasuko Gaztetxearen plazan izanen da. AGAk jakinarazi duenez kuadrilla bakoitzak mahaiak eta aulkiak eta afaria eraman beharko ditu.