Mundura irekitzeko horma

Guaixe 2020ko eka. 22a, 13:32

Helena Santano eta Koldo Arnanz artista altsasuarrak Josefina Arregi klinikan egin duten muralaren aurrean.

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoan horma margo bat egin dute Koldo Arnanz eta Helena Santano artista altsasuarrek. Klinikaren zonalde honi bizitza eman diote margoaren bidez. Aurrerago klinikako pazienteek muralean parte hartuko dute

Horma zuri eta aseptiko bat munduari begiratzeko leiho bihurtu dute. Altsasuko Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoaren langile batek klinikaren horma bat margotzeko proposamena egin zuen, eta Koldo Arnanz eta Helena Santano artistak horma koloreztatzera animatu ziren. Hasiera batean itsasoaren hondoa islatzea pentsatu zuten, horman zeuden orbanak aprobetxatuz, baina testuingurutik kanpo gelditzen zela uste zuten. Beraz, atzean dagoen paisaia margotzea pentsatu zuten azkenean. Orain ezer esaten ez zuen horma hori munduari begiratzeko leiho ireki bat bihurtu da. Gainera, margolana bukatu gabe dago; psikogeriatrikoaren pazienteek eta herriko gazteek bertan parte hartuko dutela esan dute Arnanzek eta Santanok.

"Kanporantz zabaltzen den leiho bat". Arnanzek horrela deskribatu du Josefina Arregi klinikan bi artista altsasuarrek egin duten murala. "Metafora bat da. Hormak hautsi nahi izan ditugula esan nahi du. Klinikan dagoen jendea gizarteratzeko modu bat da". Bi artistek horma ikusi zuten lehenengo aldietan beste ideia bat izan zuten, eta horman zeuden orbanak aprobetxatuz "kobazulo bat edo itsasoaren azpiko mundua islatzeko aukera ematen zigula iruditu zitzaigun". Baina ongi pentsatuz, irudi hori "testuingurutik kanpo" gelditzen zela iruditu zitzaien, "urruti" gelditzen zen. Klinikatik ikusten dena margotzea erabaki zuten; horma "atzekoarekin lotzea". Emaitza margo "koloretsua eta naturala" da. Atzeko paisaiarekin bat eginez, berdea nagusitzen da.

Bizitza duen margoa
Hasiera batean "mantxa" batzuk izan behar zirela esan du Arnanzek: "Zerbait egitea eskatu ziguten, gero haiek gainean margotzen jarraitu ahal izateko". Azkenean, "gehiegi zehaztu" dutela adierazi du. "Baina beldurrik gabe margo dezakete gainean". Horretarako, margoaren goialdea, mendiak eta zerua irudikatzen duena, askoz landuagoa dago beheko aldea baino, larreak direnak. "Guk hau egiteko askatasuna izan dugu, eta haiek ere nahi dutena egiteko askatasuna dute".

Margolanean parte hartzea aurrera begira eginen duten proiektua da, izan ere, koronabirusak sortutako egoera berezi honek proiektua atzeratu du. Bi artistek ondoan dagoen eta libre gelditzen den horman ere margotzea proposatu dute: "Pentsatu genuen klinikaren erabiltzaileek margoa ikustean sentitzen dutena idatz zezaketela, eta hori gero oinarri baten gainean horman idatzi".

Laguntzeko prest
Margotutako horma langileak hamaiketakoa hartzera ateratzen diren txokoan dago, baita pazienteen autobusa iristen den sarrera ere. Langileek artistei esan dietenez, "aldaketa" nabaritu dute. "Orain koloretsuagoa dela esan dute, beste gauza bat dela". Pazienteek ere ikusten dutenean "harrituta" gelditzen direla esan du Arnanzek, baita "polita" dela ere aipatzen dute. "Beraien barnealdean edo izaeran zerbait mugitzen dela uste dut, positiboa dela uste dut".

Helena Santano artista arte terapian aditua da eta duela lau urte Josefina Arregi klinikan bertan saio batzuk egin zituen. Arteak gogoratzen laguntzen duela ziurtatu zuen, modu "xume" batean. Hortaz, arteak eta, ondorioz, egin berri duten muralak "zentzumenak esnatuko" dituela esan du. "Horrelako gauza batekin barneko zerbait kanpora ateratzen duzu. Oroitzapenak sustatuko dituen zerbait da, nahiez eta oroitzapen horiek presente ez izan". Horrelako arte ekimenak egitea "oso garrantzitsua" dela uste du artistak. "Sormena gure parte da, jaiotzen garenetik dugu".

"Pena da gauza hauek betelan bezala gelditzen direla. Artea eta arte hezkuntza denbora pasa bezala ikusten dira, eta guztiz kontrakoa izan beharko zen. Oinarria izan beharko zen". Arteak "adierazteko" modu desberdinak eskaintzen dituela azaldu du Santanok, eta, beraz, gehiago baloratu beharko zela.

Pandemia
Koronabirusaren ondorioz sortutako egoera “guztiendako arraroa” izan dela esan du Arnanzek. “Bat-batean iritsi zen eta akademia itxita izan dut”. Baina buruak “gauzak sortzen” jarraitzen duela esan du artistak: “Beste istorio batzuk egiteko aprobetxatu dut”. Sortzeko denbora eta lasaitasun gehiago izan du, eta “erabat aldatu” dela ikusi du: “Ez dakit egoeragatik izan den, baina margotzeko modua eta estiloa aldatu zaizkit. Gogoak neuzkan, eta momentu hau gauza desberdinak egiteko sortu zait”. Askoz koloretsuagoa dela esan du: “Kontrakoa izan behar zela dirudi. Zapaldu gaituztela ematen du, baina nik justu kontrakoa izan dut”. Barruan gauza guztiak “mamitzen” dira eta horiek kanpora atera ditu, eta “kolorea” atera zaio: “Baina estiloa, formak... bultzada positibo bat izan dut”.

Santanok konfinamendua “ongi” eraman duela esan du. Arlo artistikoan “zerbait” landu nahi du, baina orain “blokeatuta” bezala dago: “Nik ez dut margotzeagatik margotzen”. Hala ere, artistak badaki “hemendik zerbait desberdina” aterako dela. Urrian Altsasun antolatzen duten Arte Azokan “konfi”-aren inguruan zerbait egitea planteatu du: “Nola bizi izan dugun, nola ikusi dugu, nora eraman gaituen... Nik honi buruz hitz eginen dut, uste dut hitz egin behar dela”.

Erlazionatuak