Asteartetik igandera bitartean 1. Mailako Areto Futbol Txapelketako titulua erabakitzeko Play-Offak jokatuko dira Malagan, formatu azkarrean. 8 taldek hartuko dute parte, tartean Osasuna Magna Xotak. Talde irurtzundarrarekin batera Movistar Inter, Barça, Viña Albali Valdepeñas, El Pozo Murcia, Jaen, Levante eta Palma Futsal taldeak ariko dira.
Osasuna Magna Xotak Viña Albali Valdepañasen kontra jokatuko du play-offetako final laurdena asteazkenean, ekainaren 24an, 15:00etan (GolTv, zuzenean). Gainontzeko final laurdenetan Movistar Interrek Jaen izango du arerio (asteartean), Barçak Levante (asteartean) eta El Pozo Murciak Palma Futsal (asteazkenean). Talde irabazleak hurrengo asteko larunbatean jokatuko diren finalerdietarako sailkatuko dira, eta final handia hurrengo igandean, ekainaren 28an erabakiko litzateke.
Guztira 85 egun taldekako entrenamendurik egin gabe egon ondoren, konfinamenduaren osteko lehen entrenamendua duela bi aste egin zuen talde berdeak, Anaitasunan. Egunero entrenatzen ibili dira ordutik. “Play-Offak ahalik eta hobekien prestatzen saiatuko gara, bizi dugun egoera ezohikoak sortu duen egoera kontuan hartuta” azaldu zuen orduan Imanol Arregi entrenatzaileak.
13 jokalari deitu ditu Imanolek
Talde berdeak gaur hartu du Malagarako bidea eta 13 jokalari eramango ditu Imanol Arregik: Asier, Mario Almagro, Dani Saldise, Araça, Juninho, Rafa Usin, Bynho, Roberto Martil, Mancuso, Iñigo Fernandez, Ion Cerviño, Eric Martel eta Alex Llamas. Atzo azken entrenamendua egin zuten Anaitasunan. Kontuan izan behar da 6 jokalarik taldea utziko dutela -Dani Saldise, Eric Martel, Rafa Usin, Araça, Alex Llamas eta Mario Almagro–, eta, horrengatik, entrenamendu berezia izan zen atzokoa, despedida eta agur kutsua izan zuena.