Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioari segituz, Altsasuko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak erabaki du San Joan eguna ofizialki etetea. COVID-19 gaixotasunak sortutako osasun-krisiaren aurrean “neurri zuhurra eta arduratsua” dela uste du udalak. Altsasuarrendako San Joan bezpera eta eguna data bereziak direla jakinik, eta kalean afari-meriendak eginen direla jakinik, Altsasuko Udalak herritarrei eskatu die “osasun agintariek ezarritako prebentzio-neurriak uneoro kontuan har” ditzaten.
Horrekin batera, Altsasuko Udalak jakinarazi du bai herrian baita herriaren natur inguruan ere sua egitea debekatuta dagoela. Nafarroako Gobernuak suteak saihesteko suaren erabilera arautzen duen hilaren 16ko 222/2016 Foru Aginduan oinarritu da udala. Sua egiteko debeku horretatik kanpo daude barbakoak. Baina, udaletik gaztigatu dutenez, halakorik eginez gero “ingurua erabat garbi utzi behar da”.