Gaztegunea, atzera ere, zabalik

Guaixe 2020ko eka. 29a, 10:21
Gazteak Intxostiapuntan.

Udako ordutegia: astelehenetik ostiralera 18:00etatik. 20:00etara eta Gazte Informazio Gunea, berriz, astegunetan 07:30etik 15:00etara.  Aisialdi programei eta bestelakoei buruzko informazioa eskatzeko: Intxostiapunta@altsasu.net edo gazteria@altsasu.net  eta 948 564 785 eta 608 617 778 (18:00-20:00).

COVID-19 gaixotasunak eragindako osasun krisia dela eta Altsasuko Udalak itxi zituen zerbitzuen artean dago Intxostiapunta gazte gunea. Gaitzari aurre egiteko neurriak arindu ahala udal zerbitzuak martxan jarri dira eta astelehenean gazte gunearen txanda izan da. Blanki Torres gazteria teknikariak azaldu duenez, “osasun krisiagatik ekintzak moldatu behar izan genituen eta on-line dinamizatu beharrean izan genituen. Orain, errealitate berri honetan beharrezko segurtasun neurriak hartuta zabaldu dugu gazte gunea”.

Gazte altsasuarrendako udarako eskaintza prestu du Altsasuko Udaleko Gazteria Zerbitzuak. Alde batetik, UdaGazte aisialdi programa dago. 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta garilaren 6tik 17ra izanen da, 10:00etatik 13:00etara. Programak bere baitan aurten ez du kanpaldirik hartuko. Izen ematea Intxostiapunta gazte gunean egin daiteke, garilaren 3ra arte. Matrikula errenta aitorpenaren araberakoa izanen da, gehienez, 25,37 eurokoa izanen da errenta aitorpena aurkeztu nahi ez bada. 

Aurreko urteetan bezala, funtzio aniztasunak dituzten gazteendako Gu Geu Gazte aisialdi programa izanen da garilaren 6tik 31ra, 17:00etatik-20:00etara. Kasu horretan ere matrikula errentaren araberakoa izanen da. Azkenik Gazteria Zerbitzuak jakinarazi du garilaren 21ean Ur Festa Goxoa eginen dela. Aurtengo berezitasuna da uretako ekintzak egin beharrean lehorrekoak eginen dituztela plaza batean garilaren 21ean.