COVID-19 birusaren eraginez sortutako osasun krisiaren ondorioz, ekainaren 29an "ezin izango dugu" San Pedro eguna "altsasuarrok egiten dugun moduan" ospatu. Altsasuko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak, beraz, San Pedro festa ofizialki bertan behera uztea erabaki du, "neurri zuhurrago eta arduratsuago gisa". Hala ere, alarma egoera indarrean "ez dagoenez" ezin dute debekatu San Pedro ermitaren inguruan bildu nahi izatea, "zirkulazio askatasuna mugatzea ez baita posible". Ondorioz, udalak arduraz jokatzea eskatu du.
San Pedro egunean, beraz, pertsonen edo pertsona taldeen arteko urruntze fisikorako neurriak eta prebentzio neurriak betetzea eskatu du Altsasuko Udalak. Bestetik, suak egitea "erabat" debekatuta dagoela jakinarazi du udalak, hala ere, "debeku horrek ez dio barbakoak egiteko aukerari eragiten". Barbakoak kontrolpean egon beharko dira uneoro eta ingurunea erabat garbi utzi beharko da.