Maiatzaren erdialdean koronabirusak sortutako egoeraren deskonfinamenduaren garaian tximista batek San Pedro zelaiko zuhaitz baten kontra jo eta barrutik erre zuen. Ez zen edozein zuhaitz, San Pedro zelaiko haritza zen, "txistularien haritza" Enrike Zelaia akordeoilari altsasuarrak deitu dion bezala. Haritzaren omenez, eta "altsasuarron esentzia, izaera eta sustraiak" bizirik mantentzeko akordeoilariak musika bideo bat aurkeztuko du astelehenean, San Pedro egunean, 12:00etan, bere Facebook profilean.
"Harrituko zaituzte". Zelaiak prestatu duen bideoak musika, irudiak eta testuak uztartuko ditu. Hortaz, bideoaren haria Zabalzako zortzikoa izanen da, Zelaiak 1977. urtean Nafarroa diskoan grabatu zuena. Irudiak jendearenak eta Internet bidez bilatutakoak dira, eta testuak proiekturako "espreski" sortu ditu Kike Fernandez de Garaialdek. Joseba Salegik "zinema ikuspuntua" jarri dio.