Jose Bergera Fernandez altsasuarrak 94 urte ditu, eta San Pedro ermitaren ermitaua da. 2020ko ekainaren 29an lehenengo aldiz ez du San Pedro eguna ospatuko. Ermita zaintzearen lana belaunaldiz belaunaldi iritsi zaio Bergerari. Familia ohitura bat da eta, orain, Maria Angeles Bergera Ijurko alaba eta, bereziki, Jesus Senar suhia arduratzen dira ermitaz.
Zer egin behar du San Pedro ermitako ermitauak?
Jose. Ermita garbitu, zaindu eta adi egon. Orain suhiak egiten du. Astero joaten da eta argizariak jartzen ditu.
Maria Angeles. Jendeak normalean San Pedro egunean argizariak eramaten ditu. Han uzten dituzte. Hona ere etortzen dira argizariekin. Astero edo bi astero nire aita joaten zen argizariak jartzera. Orain nire senarra doa eta argizariak jartzen ditu. Ongi jartzen ditu ezer ez gertatzeko.
Eta San Pedro egunean zerbait berezirik egin behar al duzue?
M. A. San Pedro bezperan bizitza osoan izan dugu joateko ohitura. Ermita ongi garbitzen dugu eta loreak eramaten ditugu. Normalean baratzeko loreak izan ohi dira; kalak eta horrelakoak. San Pedro guapo uzten dugu. San Pedro egunean nire aita Rafa apaizarekin igotzen da eta dirua jasotzeko kutxa jartzen du. Gero adi egon behar gara jendea sartzen denean eta ateratzen denean orden bat egoteko. Kutxako diru hori eguna amaitzean parrokiari ematen diogu.
J. Udalak bazkaltzera gonbidatzen nau.
Zergatik zara ermitaua?
M. A. Familia arduratzen da nire aitaren izeba batengatik. Hitzontzi deitzen zioten. Berak zuen ardura. Gero pasatu zitzaion nire aitaren amari, nire amonari, Hitzontziren alababitxia zela, eta nire amona arduratu zen. Gainera, nire amonak San Pedro egun guztia ermitan sartuta pasatzen zuen dirua eraman ez zezaten kontrolatzen. Nire aitak diruarentzako kutxa bat egin zuen. Berak eraman du ordutik eta urtero joaten da.
Bizitza osotik etorri zitzaion lan bat da.
J. Ermitaua nire izeba zen, eta bera ermitan egoten zen ere. Gu haurrak ginela, hiru edo lau anai berarekin egoten ginen. Zaintzen laguntzeko eramaten gintuen. Azken finean, bi ate irekita zeuden, jende asko pasatzen zen… Niri kutxa bat desagertu zitzaidan. Baina askoz errazagoa da kutxa egotea. Aurten hutsik geldituko da.
Baina San Pedro festa bertan behera gelditu den arren, jendeak dohaina eman nahiko du.
M. A. Gertatzen dena da ermita ez dela irekiko. Agian leihotik edo botako dute.
J. Fededun ez den jendea ere, holako gauzekin, etxe guztietan, arazoren bat dagoenean ermitauarengana etortzen da eta argizari bat jartzeko eskatzen digute.
San Pedro eguna ospatzera urtero igotzen zara?
J. Bizitza osoa. Gogoratzen naizenetik. Hasieran izebarekin joaten nintzen. Udalak berari janari ematen zion, Fondan hartzen genuen, eta ematen ziotenarekin guztiok jaten genuen.
San Pedro altsasuarrendako oso garrantzitsua da, baina zuendako are bereziagoa izanen da, ezta?
M. A. Guretako San Pedro ermita oso garrantzitsua da. Oso gurea bezala sentitzen dugu. Familia guztia. Nire alaba bertan ezkondu zen… oso berezia da, bai.
San Pedro eguna ospatu ez den beste urteren bat gogoratzen duzu?
J. Ez. Inoiz ez da horrelakorik gertatu. Eta espero dugu berriz ez gertatzea. Diotenez birus hau jende asko biltzen den tokietan areagotzen da eta horrelakoak saihestu behar dira. Orduan, inori ez zaio bertan behera utzi behar izatea gustatzen, baina ezin dugu ezer egin.
San Pedro egunean eguraldi txarra egiten duenean ermita irekitzen da?
M. A. Ermita ireki izan da beti. Agian eguraldi txarrarekin ireki izan dugu eta gero laster itxi izan dugu erabaki zelako jende gutxi zegoela… baina beti ireki izan dugu.
San Pedro erromeria asko bizi izan dituzu, asko aldatu da?
J. Ezer ez. Estilo berdina izan du beti. Meza, hamaiketakoa, bazkaria, purua, zortzikoa… ezin da dantza lotua egin. Bestela, mendiko festa bat da, bere plaza dauka eta instrumentua txistua da. Eguraldi ona egiten duenean meza kalean egiten da. Politagoa da. Baina euria egiten badu barruan egiten da. Urdiaingoek beti barruan egiten dute. Ez dago besterik. Bizitza osoan ezagutu dute horrela. Lehen deigarria zen altsasuar asko Amerikara joan zirelako lan faltagatik, eta urte batzuk zeramatenean oporretara herrira etortzen ziren, eta San Pedro egunerako etortzen ziren. San Pedron Ameriketako osabarekin argazkia egitea oso ohikoa zen. Bestela, San Pedroko purua bidaltzea eskatzen zuten.
M. A. Altsasuarrok San Pedro eguna barruan daramagu. Gertatzen zena da lehen etortzen zirenean nobedadea zela, zerbait ezohikoa. Emigratu zuen jende hori San Pedro egunean etortzen saiatzen zen, egun garrantzitsua zelako. Gaur egun ere jendea egun horretan jai hartzen saiatzen da, eta kanpoan bizi den jende asko etortzen da. Oso festa garrantzitsua da.
Familian ermitauaren ohiturarekin jarraituko duzue?
M. A. Ez dakigu nor izango den hurrengo ermitaua. Nire senarra da orain ermitara joaten dena nola dagoen ikustera eta argizariak jartzera. Gustatzen zaio. San Pedro eguna iritsi behar denean joaten gara eta garbitzen dugu. Gogoan dut nire amonarekin joaten ginela eta gero merienda hartzen genuela udalaren mahaian. Gaur San Pedro guapo jartzea tokatzen zaigu. Amona, ama, izebak… denak joaten ginen. Gereziak, bananak… garaiko fruta txokolatearekin jaten genuen. Orain batzuetan gelditzen gara eta beste batzuetan ez.
San Pedro festarik ez aurten eta, gainera, duela hilabete bat ermitaren aurrean zegoen haritza tximista batek jo eta erre zen. Zer sentitu zenuen?
J. Ez dut ikusi. Baina ondoan beste bat dago. San Pedro egun batean izan zen, ekaitza egon zen eta zuzenean zuhaitzean jo zuen. Hor dago oraindik zutik.
M. A. Argazkiak erakutsi dizkiogu, baina ez du ideiarik egiten. Disgustu handia izan da, bai.
Ermitaren egoera orain ez da hoberena.
MA. Hor guk ezin dugu ezer egin. Ermitauak nahi du ongi egotea, baina ez dago gure esku hori konpontzea. Egia esan nahiko gaizki dago, gehien bat tailatua. Duela pare bat garbitu zuten. Baina ez kontu horretan ez gara sartzen. Gu adi egoten gara eta giltza dugu. Ez dugu besterik egiten.