Amaia Telleria

"Amonaren gaztetako oroitzapenetatik abiatu naiz"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko uzt. 1a, 15:00

Amaia Telleria 'Haize-lekuak' liburua eskuan duela. ALBERDANIA

Mikela Altsasura iritsi da eta mundu berri bat ezagutzen du. 'Haize-lekuak' Amaia Telleria idazle idiazabaldarraren lehenengo eleberria da, eta Espainiako Gerra garaiko Altsasun kokatu du

Amaia Telleria idazleak Altsasun kokatu du bere lehenengo eleberria. Espainiako Gerra Zibilean kokatu du istorioa, eta ordutik herria asko aldatu den arren zenbait tokitan Altsasu antzeman daitekeela esan du idiazabaldarrak. Amonarekin hitz egiten lortu du garai hartako Altsasuren berri izateko.

Zergatik kokatu duzu istorioa Altsasun?
Amonaren gaztetako oroitzapenetatik abiatu nintzen. Amona bere garaian Altsasun izan zen. Idiazabalen bizi zenez inguruko zenbait gauza egitera herri handiagoetara joaten ziren askotan, eta Altsasuko azokara asko joaten ziren, sagarrak saltzera. Kasu honetan ere amona neskame joan zen gaztelania ikastera. Istorio hori interesatu zitzaidan, eta hortik abiatu nintzen. Fikzionatu egin dut, noski. Baina testuinguru hori aukeratzea erabaki nuen.

Nolakoa izan da dokumentazio lana?
Alde batetik, amonari galdetuz. Hartu eman handia izan dut. Egia da garai horretan bera nahiko umea zela, eta ez du zehaztasun handiarekin gogoratzen garai hartako panorama; edo ez du gogoratu nahi edo ez dakit. Baina gaur egun baliabide asko ditugu orduko bizimodua eta gertakizunak ikusteko. Kasu honetan, Altsasu Memoria webgunea asko saltseatu dut bertako kontakizunak eta gertakizunak ikusteko. Bertan kokatu ahal izateko. Garai hartako eleberri eta dokumentu dezente irakurri ditut.

Eta zergatik kokatu duzu istorioa Espainiako Gerraren garaian?
Oso interesgarria iruditzen zait. Batzuetan ahaztu egiten zaigu gure ingurukoek zenbat gauza bizi izan dituzten, oso urrutira joan gabe. Gure aiton-amonek bizi izan dute. Hain gauza gogorra bizita interesgarria iruditzen zitzaidan hor pixka bat arakatzea. Askotan iruditzen zait kanpoko historia gehiago ezagutzen dugula, bertan gertatu ziren gertakizun batzuk baino. Gerra oso gertu izan dugun zerbait da, eta gure arbaso gertuenekoek bizi izan duten zerbait denez, kontestua aztertzeko interesgarria iruditu zitzaidan.

Zer kontatzen da 'Haize-lekuak' eleberrian?
Gertatuko dena da 13 urteko neska bat bere ohiko kontestutik aterako dela. Altsasura iritsiko da eta berarentzat beste mundu bat izango da. Orduan, bere bizirauteko erronkaren kontakizuna izango da. Azken finean, berarentzako izugarrizko pausoa suposatuko du etxea utzi, hain gaztea dela, nerabea dela, bere kezkekin eta beldurrekin, eta emozioak pil-pilean dituela, hara iritsi eta gerra kontestu bat aurkitu. Bere biziraupen hori nolakoa izango den kontatzen du. Gerrako hainbat egoera oso latz ikusiko ditu, neskame izango da eta bere familia berria ezagutu beharko du… Esan daiteke ohiko pertsonen bizimoduaren kontaketa dela, baina ezohiko egoera bat bizi dutenean.

Nolakoak dira pertsonaiak? Altsasuarrak direla ikusi daiteke?
Altsasukoak izan zitezkeen, baina beste toki batekoak ere izan zitezkeen agian. Abizenak bai ingurukoak jartzen saiatu naizela, pixka bat kokatzeko. Izateko moduan Sakanako edo nafar izaera hori nabarituko den ez dakit. Agian detaileren batean edo hitz egiteko moduren batean. Mikelarentzako nabarmen izango den zerbait hizkuntzarena da. Berak Goierriko euskara besterik entzuten ez duen testuinguru batetik, bertan gaztelera eta euskara desberdin bat topatuko du; Altsasukoa eta Bakaikukoa. Gaztelania zertxobait jakingo du, eskolan oinarrizko hiztegia ikasi duelako. Orduan, berarentzat kontraste bat suposatuko du eta horren inguruan ere hausnartuko du edo egoera bereziren bat edo beste sortuko dizkio.

Euskalkiek orduan garrantzia handia dute?
Ez da etengabe aipatuko, baina hizkuntzak badu bere presentzia. Mikelaren erronka sentimental honetan hizkuntzak lagunduko dio kasu batzuetan pertsonekin konplizitatea garatzen eta beste batzuetan pertsonak urrun sentitzen. Hizkuntzak sortuko dizkio bizipen desberdinak. Beste kasu batzuetan barre egingo diote bere gaztelania traketsagatik, eta beste batzuetan bere euskara ederra mirestuko dute. Esperientzian garrantzia handia izango du.

Liburua idazteko, Altsasun egon zara?
Bai. Oso desberdina da zegoen Altsasu eta gaur egungoa. Saiatu naiz garaiko argazkiak ikusten hobeto kokatzeko, baina behin baino gehiagotan joan naiz bertako kale horietatik ibiltzen eta reparaztarren etxea izan zitekeenaren aurrean.

Eta etxe hori existitzen da?
Amonaren esperientzian oinarritu naiz, baina gero fikziora ekarri dut, orduan, gauza batzuk nik sortuak dira eta beste batzuk amonak eman dizkidan kontakizunetatik uztartu ditudan gauzak dira. Orduan, pertsonaia horiek bere horretan ez dira existitzen. Etxe hori ere ez da bere horretan existitzen. Gehixeago egin dudana izan da gertakizun desberdinak pertsona berdinengan lotu. Amonak kontatzen bazidan ez dakit zeini ez dakit zer gertatu zitzaiola eta beste bati beste hori gertatu zitzaiola, gertakizun horiek elkartu ditut eta nire pertsonaiak sortu ditut.

Amonarekin lan polita egin duzu, ezta?
Bai. Niretzako oso polita izan da. Oso esanahi handikoa izan da eta oso gertutik bizi izan dudana. Berarekin denbora asko pasa dut, bere kontakizuna ezagutu dut eta bere hiztegia entzun dut… Bera ere oso pozik, jakina. Gerturatu egin gaitu.

Zure lehenengo eleberria da. Zergatik egin duzu saltoa?
Beti egin nahi izan dudan zerbait da. Gehien irakurtzen dudana eleberria da eta helmuga edo erronka bezala nuen. Garai horretan idazle eskolan nenbilen eta bertan lan luze bat egitea proposatu ziguten. Eleberri baten hasiera egingo nuela pentsatu nuen, eta gero ikusiko nuen zer egiten nuen horrekin. Ideia gustatu zitzaidan eta azkenean hona ekarri nau haizeak.

Nolakoa izan da prozesua?
Hasieran nire bakardadean idatzi nuen. Zorionez prozesuan zehar lagundu nauen jende asko izan dut: gomendioak ematen, irakurtzen eta proposamenak egiten. Gero zerbait egina nuenean argitaletxeetara bidali nuen eta Aberdainiari interesgarria iruditu zitzaion eta beraiekin edizio lana hasi nuen.

Eta nola izan da liburua eskutan izatea?
Oso polita! Gauza bat da ordenagailu formatuan ikustea eta beste gauza bat liburu fisiko bat izatea ukitu eta usaindu egin dezakezuna. Izugarrizko ilusioa sentitu dut liburu dendaren batean ikusi dudanean. Pentsatzen dut lehenengo aldiaren xarma izango dela, baina egia da magia handiarekin bizitzen ari naizela.

Erlazionatuak