Udako igerileku bihurtuta, Zelandi zabalik

Guaixe 2020ko uzt. 2a, 14:59

11:00etatik 20:00etara dago zabalik igerilekua. Kiroldegiko sarreratik eskolako berdegunera joateko aukera dago. Garileko aurreneko bi egunetan ez da uda girorik izan. 

Altsasuko udako igerileku sasoia atzo hasi zen eta agorrilaren 31ra arte iraunen du. Baina Dantzalekuko igerilekuetan izan beharrean, Zelandin izanen da. Horretarako, herriko kirol azpiegiturak kudeatzen dituen Atabo-Altsasu udal enpresak kiroldegiko igerileku estalia eta eskola publikoko berdegunea egokitu ditu. Erabiltzaileak kiroldegiko atetik sartu beharko dira. Sarrera-tornuen bidez bisitarien edukiera kontrolatuko da. 

Udal enpresak jakinarazi duenez, igerilekuko bi kale ohiko igeriketarako erreserbatuko dira eta igerilekuaren gainontzeko zati guztia aisialdi igerileku bezala erabiltzeko aukera izanen da. Dutxak kiroldegian eta berdegunean daude. Baina Atabo-Altsasu enpresak aldagelen edukiera murriztu egingo du, pertsonen arteko gutxieneko distantzia 1,5 metrokoa izan dadin. 

COVID-19 koronabirusak eragindako osasun-krisiak udal enpresa hainbat neurri hartzera behartu ditu. Batetik, pertsonen arteko segurtasun eta urruntze neurriak bermatzeko talde erabiltzaileendako eta banakakoendako lursailak markatu ditu berdegunean. Bestetik, gaixotasuna ez zabaltzeko hainbat desinfekzio lan eginen dituzte Atabo-Altsasuko langileek: igerilekua, kirol-pistak eta jolas-parkea goizero, eta egunean hirutan dutxak eta barandak. 

Berdegunean  izozkiak, edariak eta gozokiak erosteko aukera egonen da. Baita eguzkitakoak eskuratzeko aukera ere. Jakinarazi dutenez, haurrendako entretenimendu-jarduerak eta uretan puzgarriak egiteko saioak ere izanen dira. Zelandiko prezioei dagokienez, Dantzalekun zeudenak mantendu dira astegunetarako, eta asteburuetako Zelandiko sarrerak bere horretan utzi dira. 

Sarrerak 3 urtetik behera 3-15 15-65 65 urtetik gora
Astegunak 0 3 4,5 3,5
Asteburuak 0 3,5 5 4