Nora Otamendi

"Zure lana estadioan ikustea ohore bat da"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko uzt. 3a, 12:23
Nora Otamendi Proerai enpresako zuzendaria.

Sadar eraberritzeko hainbat pieza Sakanako Proerai enpresan egiten ari dira. Nora Otamendi Proerai enpresako zuzendaria da. 

Sadar futbol zelai berriak Altsasuko piezak izanen ditu.

1. Zehazki zer egiten ari zarete?
Momentu honetan eskailerak, urratsak eta harmailak egiten ari gara. Egiteaz gain gurekin lan egiten duten muntatzaileak ere han daude, zati bat eraikitzen. Momentu honetan, eskailera guztiak muntatu dituzte eta harmailak enpresa berak muntatu ditu. Orain hasi dira hegoalde beheko zonaldea deitzen diotena muntatzen. Eskaileren zatia nahiko handia zen, eta harmailen gehiengoa gelditzen da oraindik. Zatitxo txiki bat egin dugu, azpiko zatitxo hori, eta gelditzen da azpiko beste alde guztia eta goialdeko guztia. Oraindik lan asko gelditzen da egiteko.

2. Nola sortu zen aukera?
Harmailak eta horrelako materialak behar dituztenentzako beti daude fabrikatzaile jakin batzuk. Gu Proerai bezala Lakuntzan geunden eta bere garaian Norten zena hartu genuen, eta, hemen Altsasun, Nortenen, betidanik harmailak egin izan dituzte. Norteneko harmailak oso ezagunak dira. Orduan, harmailak egin behar dituztenean beti ateratzen dira betiko prefabrikatzaileak. Nik uste enpresak tanteatu zituztela eta gu nafarrak garenez… beraiei gehien egokitzen zitzaiena gurea zela uste dut, eta horrela atera zen. Beti ateratzen diren moduan.

3. Ohore bat da, ezta?
Bai, noski. Azkenean, zure lana hor ikustea beti da ohore bat. Guk lan egiten dugu beste maileria batzuekin ere. Salamancan eta Tenerifen egiten ari gara. Horiek ez ditugu hain gertutik ikusten. Sadar hemen aldamenean daukagu.

4. Zenbat langile ari dira Sadarreko piezak egiten?
Sadarrerako bakarrik 15 edo 20 pertsona inguru ari dira. Baina egia da Sadarrekoak egiten ari garen bitartean beste harmaila batzuk egiten ari garela ere. Baina harmailak eta eskailerak egiten 15 edo 20 pertsona izango dira, gutxi gorabehera.

5. Motibatuak daude?
Langileek badakite Sadarra egiten ari garela. Baina egia da beraiek egiten duten momentuan ez dakitela Sadarrerako den edo ez den. Motibazioa badago. Sadarreko harmailak egitea beraientzako ohore bat da.

6. Sorpresa bat izan zen Osasunak esan zuenean piezak Altsasuko enpresa batean egiten zirela…
Hemen zegoela enpresa, bai. Guretzako normala zen. Sadar egin behar dugula edo Salamancakoa egin behar dugula. Reina Sofia egin behar duzue esaten digute, eta ondo; edo Tenerifekoa egin behar dugula. Hori bereziagoa da hona etortzen direlako itsasontzietan doazen edukiontzi handi horiek, hemen kargatzen ditugu eta gure harmailak itsasontziz Tenerifera doaz. Baina egia da oihartzun handia izan duela haiek prestatu zuten bideoak.

7. Noizko aurreikusten duzue bukatzea?
Fabrikazioa abuztura edo irailera joango zaigula aurreikusten dugu. Bertan, Sadarren, ez dakit noiz bukatuko duten zehazki. Liga hastera doa eta moldatu behar dugu. Orain ere jolasten ari dira eta egun horietan ezin dute lanik egin. Moldatu beharko gara, liga hasiera eta muntatze lanak. Covid19arekin zaleak ezin direnez sartu, ongi etorri zaigu.

8. Zenbat pieza egin behar dituzue?
Gutxi gorabehera, 6.200 bat metro lineal harmaila, 1.060 urrats eta eskailera ez dakit zenbat diren zehazki. Baina inguru horretan. Piezak badira.

9. Nolakoa izango da itxura berria?
Harmailek zerbait berezia izango dute? Proiektua nahiko definituta dago. Planoak dira eta momenturen batean zertxobait bereziago eskatu dezakete eta aukerak eskaintzen dizkiegu. Baina itxura arkitektoek egin dutena izango da. Harmailak betikoak direnez, imajinatzen dut antzekoak izango direla. Berrituta, hori bai; baina antzekoak. Ez dute ezer berezirik izango.

10. Mustutze ekitaldian gonbidatuta egongo zarete, ezta?
Espero dut baietz. Ez dakit, baina baietz pentsatu nahi dut. Ez litzateke gaizki egongo.

11. Sadarrekoa ez ezik, zer lan egiten dituzue?
Mailateriak egiteaz gain, ur deposituak eta hormak egiten ditugu. Eraikin normaletan eta parkinetan erabiltzen diren horma bikoitzak ere egiten ditugu. Lakuntzako lantokian gehien bat prelosak deitutakoak eta hormak egiten ditugu, eta hemen beste produktu guztiak. Produktu dezente ditugu.