Txirrindularitza

Froome zuzentzea ametsa dela baina izango duten presioa izugarria izango dela uste du Guerrerok

Guaixe 2020ko uzt. 17a, 11:00
Oscar Guerrero Burundako txirrindulariekin, klubaren aurtengo aurkezpen egunean.

Israel Start-Up Nation taldeko kirol zuzendari altsasuarrak Froomen fitxaketaz hitz egin zuen Burunda Txirrindularitza Taldearen aurkezpenean

Oscar Guerrero altsasuarra, Burunda Txirrindularitza Taldeko presidentea izateaz gain, Israel Start-Up Nation World Tour Team taldeko kirol zuzendaria da. Berriki jakin da egun Ineos taldeko liderra den Chris Froome 2021 denboraldian Israel Start-Up Nation taldean ariko dela, eta fitxaketa horri buruz galdetu zion Juanmari Guajardo speaker altsasuarrak Oscar Guerrerori Burunda Txirrindularitza Taldearen aurkezpenean. “Taldearendako fitxaketa bikaina da; izango dugun presioa sekulakoa izango da. Hilabete pare bateko lana eskatu du fitxaketa honek. Ez genuen argi 2021erako Froome gurera etorriko zen ala ez. Bere etorrerak taldea goitik behera aldatuko du; izan ere, txirrindulari laguntzaile onak beharko ditugu bere alboan egoteko eta itzuli handietan lehiatzeko” azaldu zuen Guerrerok. 

Froome munduko txirrindulari handietako bat dela nabarmendu zuen Isral Start-Up Nation taldeko kirol zuzendariak. “Punta puntako profesionala da. 5 Tour irabazi dituzten 4 txirrindularien ondotik dago, 4 garaipenekin, Armstrongekin batera. Contadorren arerio nagusia izan da, eta hala ere Espainian asko estimatzen dute. Puntako kirolaria da, jatorra. Vueltara joan da Tourra irabazi eta gero, askok egingo ez luketena. Taldearen ikuspuntutik asko emango digu eta niretzat, zuzendari gisa, ametsa da handietako bat zuzendu ahal izatea, jasango dugun presioa eta izan beharko dugun arduraz jakitun izan arren. Baina horretarako gaude, eta oso kontentu” azpimarratu zuen Guerrerok. 

Osasun pandemiaren geldialdiaren ondoren, uztailaren 28an hasiko dira txirrindularitza profesionalak lanean, Burgosko Itzulian. Bertan izango da ere Oscar Guerrero, eta lanean hasteko gogotsu dago. “Denok denok behar dugu itzulera: zaletuek, oso gustuko dutelako; gu, gure lanbidea delako; eta ikusleek, orokorrean” dio. Nolanahi ere, COVID-19 osasun pandemia dela eta, beldur handia dagoela aitortzen du. “Protokolo oso estuak ditugu, eta taldeak oso kontzientziatuta gaude gai honekin. Frantziako Tourra jokatzera arte itxarongo dugu, Tourrak babesleak eta esponsorrak urte osorako salbatzen baititu, baina Vuelta jokatu ahal izatea nahiko nuke, nire lehendabiziko Vuelta izango delako eta gogotsu nagoelako” aitortu zuen Guerrerok.