Josema Urrestarazu Zabalo

"Eguneko erronka txikiek betetzen naute gehien"

Maider Betelu Ganboa 2020ko uzt. 17a, 13:01
Argazkiak: Mikel Zabalza.

Eskalatzaile altsasuarrak “Basapiztien eremua” 9a mailako bidea kateatu zuen Etxaurin San Joan bezperan, 51 urterekin. Iaz 8B+ mailatik gorako 14 bide egin zituen, ipar eskian Espainiako 3. beterano onena izan da azken denboraldian, eta makina bat erronka eta proiektu ditu motxilan

“Basapiztien eremua” 9a zailtasuneko bidea kateatu berri duzu Etxaurin. Gainontzekoei sekulakoa iruditzen zaiguna, nola ikusten duzu zuk?
Aspaldi daramat honetan eta niretzat hau beste bide bat da, besterik ez. Ez diot horrenbesteko garrantzirik ematen. Normalean helburu batzuk jartzen ditut, eta horiek betetzen saiatzen naiz, batez ere nire bizitza, helburu bati lotua badago, ezberdina sentitzen dudalako. Ez dakit, biziago edo... Eta erronka amaitzen denean, beste bat aurkitzen saiatzen naiz, eta kitto. Horrek ematen dit bizia eta gogoa, bai entrenatzeko, bai orekatuta jarraitzeko. 

“Basapiztien eremua “ zure bigarren 9a mailako bidea da; aurrekoa 2014an kateatu zenuen Eginoko Lezen, “Akelarre”. Zertan aritu zara 2014 urtetik 2020ra?
Tarte horretan bide oso gogorrak egin ditut, egin gabe zeuden zenbait proiektu, eginak gelditu direnak, ez dakit zein gradu zuten baina oso-oso gogorrak zirenak… Bestalde, askotan erronka ezberdinak jartzen ditut: bide oso gogor bat egin beharrean, pistoia pixka bat jaitsi eta pentsatzen dut: “10 bide egingo ditut 8b-tik gorakoak. Eta iaz 8b+-etik gorako 14 bide egitea lortu nuen, tartean bi 8c+. Hori, egia esan, 9a bat egitea baino erronka gogorragoa iruditzen zait, bide gehiago direlako eta ezin delako huts egin. Egin gabe dauden proiektuei dagokienez, normalean jendea ez da proiektu horietan sartzen; jendeari konfort gunean egotea gustatzen zaio, eta halako proiektu batean sartuz gero, denbora asko behar da, eta ez da jakiten bidea egitea lortuko den ala ez. Eta nik proiektu horietan denboraldiak ematen ditut; erakargarriak egiten zaizkit. Etxaurin egin gabe zeuden bi proiektu egin ditut. Ekaitz Maizenak ziren. Aspalditik ekipatuta zeuden, baina oso zailak zirenez jendea ez zen sartzen. Izenak, egia esan, ez ditut oroitzen...

Nabari da izenei eta palmaresari ere ez diezula aparteko garrantzirik ematen...
Esan dizudana, erronka batzuk jartzen dizkiot neure buruari. Saiatzen naiz haiek egiten, eta kitto. Horrek betetzen nau. Eskalatzen, korrika egiten, bizikletan, eskiatzen...

Kirolari todoterrenoa zara: eskalada, mendia, eskia, korrika, bizikleta… akaso horregatik zaude horren sasoitsu? Eskaladako prentsa espezializatuan asko nabarmendu da  9a+ bide bat 51 urterekin kateatu duzula... 
Komunikabideei estatistikak egitea gustatzen zaie, eta esaten dute munduan hiru eskalatzaile gaudela adin horrekin maila horretan gabiltzanak, ingeles bat, italiar bat eta ni... Beno, zerrendak egitea gustatzen zaie.

Baina aitortu behar da 51 urterekin 9a+ bat egiteak puntan zaudela erakusten duela.
Ordu asko sartzen ditut eta mantentzen naiz. Eskaladan ez dut sumatu beheraldi garrantzitsurik; akaso nabaritzen dut ez naizela lehen bezala errekuperatzen, baina egunero eskalatzen eta entrenatzen jarraitzen dut topera.

Eskia ere oso gustuko duzu.
Bai, azken urte hauetan neguan gutxiago eskalatu dugu, mendiko eskian lehiatzen garelako. Frantzian, Espainiako Txapelketan... lasterketa guztietan ibiltzen gara. Aurten, nire mailan, beteranoetan, 3. postuan sailkatu nintzen Espainiako Iraupen Eski Txapelketan. Diziplina batean baino gehiagotan goi mailan mantentzea ez da erraza; horrek ordu asko sartzea eskatzen du. Askotan, Etxauritik etorri eta jarraian mendira noa frontalarekin, eta gaueko hamarretan bukatzen dut, edo asteburuan Pirinioetan eskiatu eta igande arratsaldean Etxaurin eskalatu…

Aurretik Guaixen egindako elkarrizketa batean esan zenuen kirola zure bizitza dela eta %100ean hala izaten jarraitzen du. 
Bai, kirola nire lana eta nire bizitza da. Gorputz Hezkuntzako irakaslea naiz, eta aisialdian nire zaletasunetan aritzen naiz, kirolean. Oporretan normalean atzerrira joaten naiz eskalatzera eta korrika egitera. Iaz Hegoafrikan egon ginen eskalatzen eta trailak egiten. 

Bide bat kateatzearen atzean prestakuntza bat dago. Kontuan hartuta aurtengo egoera berezia, konfinamendua tartean, nola moldatu zara “Basapiztien eremua” bidearen kateaketa prestatzeko?
Berez, 2019ko iraila aldean hasi nintzen bidea probatzen. Azaroan bidea kateatzeko puntuan egon nintzen, baina euriak hasi, arroka busti zen, eta saiakerak eten egin ziren. Konfinamendua baino lehen, Etxaurira joaten hasi nintzen eta probatzen hasi nintzen, baina gero konfinamendua iritsi zen. 

Nola moldatu zara konfinamenduan?
Egia esan, ez naiz etxean guztiz itxita egon. Kontrabandistak bezala mendian barna muga batetik bestera ibili naiz. Arratsalde edo gau partean joaten nintzen, frontalarekin, eta Intxusburu, Balankaleku, Lizarrusti... alde horretan, mugetan ibili naiz, nire kabuz. 

Noiz ekin zenion berriro “Basapiztien eremua” egitasmoari?
Maiatza aldean hasi nintzen berriro. Eskalada horretan tenperatura oso garrantzitsua da; oso egun onak izan genituen, baina ekaitzak zirela eta, arrokak bustita jarraitzen zuen. Horregatik, pauso zehatz batean erori egiten nintzen behin eta berriro, bustia zegoelako. Bat-batean bizpahiru egunetan eguzkia atera zen, pixka bat lehortu zuen, eta pasatzea eta bide guztia egitea lortu nuen. 

90 metroko luzera du bide horrek. Hori oso luzea da...
Hori da bide honen gakoa. Luzera horren ondorioz, azala asko apurtzen da, eta gero hanketako mina handia da. Izan ere, nik oinetakoetan 43 zenbakia dut, baina katu oinetan 38 zenbakia erabiltzen dut. Ertz txiki-txikietan ibiltzeko prezisio handia behar da, eta, horregatik, katu oinek txikiak izan behar dute. “Basapiztien eremua” kateatzen ordu eta erdi inguru egon nintzen, eta horrenbeste denbora katu oin horiekin…kristoren mina nuen oinetan. Asko sufritu beharra zegoen. Bestalde, sokak pisua hartzen du hor goian, eta sokaren pisuarekin ibili beharrra dago. Pausoak oso finak dira... Dena den, horrek guztiak bide honi halako xarma ematen dio; altuera horretan, hor goian eskalatzeak ere motibatzen du. 

Bide hau “ikaragarria” dela, horrela definitu duzu.  
Etxauriko alde horri Canteroko iparreko horma deitzen zaio. 90 metroko murru bat da, eta “Basapiztien eremua” bidea behetik goraino joaten da, ibilbide edo marra oso zuzenean. Bide oso ona da. Murru guztia lerro zuzen batean zeharkatzen du, eta halako bide bat egitea polita eta erakargarria da. Bide guztia naturala da, eta Ekaitz Maizek sekulako bista izan zuen bide hori egiten. Ekaitz lagun mina dut; eskalada munduan Ekaitz bisionario hutsa da niretako; prestatu dituen bide gehienak sekulakoak dira eta kristoren lana egiten du. Berak badaki zer dudan gustuko eta esaten dit: “probatu bide hori”. Jakina, nik kasu egiten diot. Badakit berak ekipatzen dituen ia bide guztiak pedigri hutsak direla. 

Zer sentitu zenuen bidea kateatzea lortu zenuenean?
Batez ere lasaitasuna. Jakitun nintzen aurki udako beroa etorriko zela eta beroarekin ezin da bide hori egin, irristatzen zarelako. Oso ertz txikiak dira, eta arrokak tenperatura hartzen badu ezin da hortik pasatu. Urduri nengoen, eguraldi iragarpenekin bueltaka. Halako bideak egiteko astro guztiak lerrokatuta egon behar dira (kar, kar). Goiko zatia oso bertikala da, eta oso ongi sentitu behar dira behatz lodiak, eta nik erabat lehertuta nituen. Okerrena hanken mina izan zen. Momentu batean uste nuen goiko zatian eroriko nintzela, erori izan bainaiz, 15 eta 12 metroko hegaldiak eman ditut, baina jarraitu nuen eta bidea osatzea lortu nuen. Ordu eta erdiko lana izan zen. 

Behean, zu segurtatzen, Adrian Legarra zenuen. Horrek konfiantza emango dizu.
Jakina! Adrian babes handia da; elkarrekin ibiltzen gara eskalatzen, askotan eskian bikoteka lehiatzen gara, taldekako probetan... Konfiantza handia dugu. 

Eskaladan alderdi psikologikoa ezinbestekoa da, ezta?
Bai, hemen burugogorra izan beharra dago. Hau oposizio bat ateratzea bezala da. Erresistentzia proba bat da, eta egun onak eta txarrak jasaten jakin behar da. 

Mundu zabalean ibili zara eskalatzen. Zein toki duzu gustukoen? 
Niretzat, Etxauri paradisu bat da; oso eskola ona da eta bertan dugu. AEBetan Red River oso ona iruditzen zait, eta Australian eta Frantzia aldean ere kristoren eskolak daude. 

Erronken bidez mugitzen zara. Zein dira hurrengoak?
Orain eskola batetik bestera nabil, entrenatzen. Gaur Ataurin harrapatu nauzu. Kanpora joango naiz, bistaz eskalatzera, hau da, entseatu gabe aritzera. Asko gustatzen zait bistaz eskalatzea, baina hemen ezin dut, bide gehienak eginak ditudalako. Horregatik, kanpora atera beharra dut, eta Pirinioetara joan nahi dut, Bielsako eskolara, eta gero Frantziara, Suitzara, Italiara eta igual Alemanian bukatzen dut. Birusa dela eta, oporrak aldatu ditut. Kanpora joatea pentsatua nuen, baina ez naiz fio. Pentsa, urrutira joan eta berrogeialdian 15 egun geldirik egon behar izatea. Hori ekiditeko furgoneta hartu eta Europa aldera joango naiz. Jostailu guztiak eramanen ditut: bizikleta, kranpoiak, sokak eta dena eta joaten naizen tokietan aktibitateak egingo ditut. Alpeetan mendi batzuk egingo ditut, bizikletan ibiliko naiz eta eskalatuko dut. Denetik pixkat. 

Orain arte zerk bete zaitu gehien? 
Oso zaila egiten zait aukeratzea. Egiten ditudan erronkak kontatzen baditut… Behin saiatu nintzen Urbasako portua korrika, patinetan eta bizikletan igotzen bi ordu baino gutxiagoan. Bazuen berea, baina lortu nuen. Finean, gauza txiki hauek betetzen naute. Halako txikikeriek bizia ematen didate. 

Badago guztiaren gainetik egin nahiko zenukeen zerbait?
Ezer berezirik ez, horrela jarraitzea. Osasuna izatea, horrelako gauzak egiten jarraitzeko. Etxaurin proiektu bat egitea dut buruan, baina orain oporretara joango naiz, bistaz eskalatzera, bizikletan ibiltzera eta halako gauzak egitera. Himalayan egona naiz. Aspaldi joan ginen eta ia 7.000 metroko mendi batean bide bat ireki genuen. Indian eta Perun ere egona naiz. Patagoniara joateko ideia dugu, neguren batean... Behintzat ilusioa izatea, hori da garrantzitsuena; buruan ideiak daudenean, egunen batean edo bestean bideratuko ditugu edo behintzat saiatuko gara.