Argindar linea lurperatzeko lanak

Guaixe 2020ko uzt. 22a, 10:42

Lurpeko linea eta argindar dorrea lotuko diren tokia.

Txunkaiko azpiestaziotik Lastadi dermioan dagoen dorre batera arteko azpiegitura prestatu dute. Lanek hornidura bermatzea dute helburu.

Berriki despeditu dituzte Txunkai auzoan dagoen argindar transformaziorako azpiestazioa eta Altsasu-Etxarri I eta Altsasu-Etxarri II aireko linea lotzeko lanak. Iberdrola Distribucion Electrica SA enpresak sustatu ditu lan horiek. Txunkai auzoko azpiestazioa eta Lastadi dermioan dagoen argindar dorrea lur azpiko bigarren mailako bi linea elektrikoren bidez lotu dituzte, 30 kV-eko tentsioa dutenak. 

Honako helburuak lortu nahi ditu enpresak lan horrekin: Sakanan energia elektrikoaren hornidurarako baldintzak hobetzea, bezeroei hornidura bermatuz eta aukera emanez balizko hirigintza-garapenen edo industria-garapenen ondorioz areagotu litekeen energia elektrikoaren eskaria asetzeko. Berriki despeditu diren lanak maiatza aldera hasi ziren, eta, gutxi gorabehera, 3,1 kilometroko kanalizazioa egin dute.