Normaltasun berriko doinuak

E. Carreño eta E. Ruiz 2020ko uzt. 23a, 12:40
Haize Berriak bandak San Joan egunean kalejira egin zuen.

Haize Berriak banda entseguetara eta kontzertuetara itzuli da. Musikariek segurtasun neurri guztiak hartzen dituzte, eta hilaren 24an eta 25ean Altsasun eta Arbizun kontzertuak eskainiko dituzte

Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, Haize Berriak bandaren kontzertu eta entsegu guztiak bertan behera gelditu ziren. Baina bandako musikariak "beti zerbait egiten" aritzen dira, eta etxean entseatzen aritu dira. "Aurretik bagenituen partiturak, eta, bestela, zuzendariak mail bidez bidaltzen zizkigun". Iosu Rubio Haize Berriak bandako kideak azaldu duenez, derrigorrezko etenaldiaren aurretik, kontzertu batzuk "erdi prest" zituzten; beste batzuk, aldiz, "ukitu gabe" zituzten, "urtean zehar egitea zen ideia".

San Joan egunean ezin izan zuten egin urtero Altsasuko Foru plazan egiten duten kontzertua, baina banda kalera atera zen. Datozen bi kontzertuak formatu berrian eginen dituzte: kalean. Bata, bihar, ostirala, 22:00etan, Altsasuko Iortia zabalgunean, eta bestea, etzi, larunbata, 19:30etan, Arbizuko plazan. Munduko musikak eskainiko ditu bandak.

Konfinamendua
Musika egiteko baliatu dute musikariek itxialdia. "Nork bere auzoan ikusten zuen giroaren arabera ateratzen ginen. Esan beharra dago nahiko aktibo egon garela". Balkoira musika jotzera atera ez ezik, bandako kideek etxean ere entseatu dute. Sare sozialetan elkarbanatzeko bideo bat prestatu zuten ere. Kalera ateratzen ere lehenengoak izan direla esan du Rubiok.

Haize Berriak banda 30 bat musikarik osatzen dute; "beti ez gara denok elkartzen". Entseguak duela hilabete inguru hasi zituzten, eta entseatzen zuten Nafarroako lehenengoak izan zirela esan du Rubiok. Artean, taldeak elkartzeko pertsona muga zegoen, eta "lehendabiziko entseguetan gehienez 20 elkartu gintezkeen. Hortaz, batzuk ezin izan ziren etorri". Ondorengo entseguetarako kopurua igo zutela azaldu du musikariak. Segurtasun neurriak betetzen dituztela esan du: "Ohituta gaude. Aurretik ere, entseatu ondoren, dena garbitzen genuen, Iortiako gela horretan talde askok entseatzen dutelako". Orain, behin bukatuta, aretoa garbitzen dute. Halaber, hainbat segurtasun neurri hartzen dituzte: aretoan maskara janzten dute, musikarien artean gutxienez metro bateko tartea utzi behar dute, eta eskuak hidrogelarekin garbitzen dituzte. Perkusio joleek, gainera, entseguan maskarak eta eskularruak jantzi behar dituzte. Zuzendariak ere maskara jantzi behar du.


Haize Berriak banda entseguetara itzuli da, segurtasun neurriak betez.

Aldaketak
Duela urte bat, 14 urtez Haize Berriak bandako zuzendaria izan zen Luis Orduñak banda uztea erabaki zuen. "Oso eroso geunden Luisekin; bandakide bat zen. Baina bere zikloa Altsasun beteta zegoen. Zuzendari bezala hazten ikusi dugu, hemen zegoela burutu zituen ikasketak … Bagenekien egunen batean joango zela". Iazko Altsasuko festetan hartu zuen Erriberriko David Sanchezek banda zuzentzeko batuta, lehendabiziko aldiz. "Aukeratzen ibili ginen, eta Davidi Luisen antza hartu genion: gaztea, zuzendaritzan ikasketak zituena, ausarta…". Haize Berriak banda bizia eta berritzailea da, eta Sanchezekin "asmatu" dutela uste du Rubiok. "Pozik gaude".

Bigarren aldaketa nagusia konfinamenduarekin etorri zen. Kalera berriz ateratzeko gogo handia zuten, eta San Joan egunean, nahiz eta ospakizunak bertan behera gelditu, kalejira egin zuten. "Oso polita, gainera. Jendeak eskertu zuen". Lehenago atera nahi zutela aitortu du Rubiok, "baina ezin zen. Formatu txikiagoetan egin zitekeen, baina banda bezala ez".

Dagoeneko, udarako zenbait hitzordu dituzte. Lehenengoak asteburuan izango dira, ostiralean eta larunbatean, Altsasuko Iortia zabalgunean eta Arbizuko plazan hurrenez hurren. "Aurretik geneukan egitaraua mantentzen saiatu gara. Altsasuko festetan Mielotxin taldearekin ariko gara". Udazkenerako Galiziako zirku talde batekin zerbait egitea pentsatuta dutela aurreikusi du Rubiok.

Munduari bira
Sakanatik atera gabe, munduko doinuak eskainiko ditu Haize Berriak bandak datozen kontzertuetan. “Zailtasuna konatuan hartuta, erdi mailako abestiak joko ditugu, baina estilo askotarikoak: vals-ak, martxak, polkak, tropikoko musika…” . Musikari laguntzeko zerbait berezia prestatzen ari da banda ere.

Erlazionatuak

"Musika kalera aterako dugu"

Beleixe Irratia 2020 uzt 16 Sakana