Triatloia

20 gaztetxo triatloian murgiltzen

Maider Betelu Ganboa 2020ko uzt. 24a, 11:05

Astelehenean hasi zen Sakanako Triatloi Campusa, eta uztailaren 31n despedituko da. Aurten ez da Sakanako Haur Triatloi Txapelketarik jokatuko

Sakanako Triatloi Campusak arrakasta handia izan du. COVID19-arengatik hartu beharreko segurtasun neurriak direla eta, 20 partaideren muga jarri behar izan zuen Sakanako Mankomunitateak, eta zeuden tokiak berehala betetzeaz gain, pare bat gaztetxo itxaron zerrendan geratu ziren. “Sakanako Triatloi Campusak erantzun ona izaten du, baina argi geratu da neska-mutikoek urte berezi honetan aktibitateren bat egiteko beharra dutela” azaldu du Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak. 

Maalen Beraza eta Oihan Satrustegi dira campuseko monitoreak. Goizeko 10:00etan Zelandi kiroldegian biltzen dira guztiak, eta, bizikleta hartuta Urdiaingo igerilekuetara joaten dira eguraldi ona badago, bertan igeriketa lantzera. Bestela, Zelandi igerilekuetan aritzen dira, baina segurtasun neurriak direla eta soilik bi kale erabili ahal dituzte. Distantziak kontuan hartuta, tarte gutxi dute ikasle guztiekin igeriketa lantzeko. Urdiainen, aldiz, igerileku ia guztia dute erabilgarri. Bidean bizikleta lantzen dute, eta Altsasu eta Urdiaingo parajeetan korrika egiteko tartea hartzen dute ere. Dantzalekuko pistan ere korrika aritzen dira, baina eguzkiak gogor jotzen badu inguruko bidexketan murgiltzen dira. 

“Izena eman dutenen artean adin desberdintasuna handia da, baina moldatzen gara. Eguerdira bitartean aritzen gara, gustura” azaldu digu Oihan Sotok. 

Urdiaingo igerilekuetako Sakanako Haur Triatloi Txapelketarik gabe
Sakanako Mankomunitateak Sakanako Haur Triatloi Txapelketa antolatu ohi du urtero Urdiaingo igerilekuetan, baina osasun pandemia dela eta, aurten ezingo da proba egin. “Pena da, baina ezin ditugu eskatutako neurriak bete eta, hortaz, aurten ezingo da proba antolatu” aipatu du Amaia Gerrikagoitiak. Sakanako Triatloi Campusean parte hartzen dutenendako pizgarria izaten da Sakanako Haur Triatloia, baina aurten pare bat astez campusean trebatzearekin konformatu beharko dute. Gauden egoeran egonda, ez da makala. 

Sakanako Triatloi Campuseko partaideak
Oihan Andueza Etxaiz, Leire Mendinueta Azpiroz, Unax Mazkiaran Dieguez, Oier Carabias Saez, Ane Beltran de Heredia Fernandez, Ane Mendinueta Azpiroz, Asier eta Eneko Razkin Andueza, Ekaitz Berdud Mazkiaran, Oinatz eta Eider Donazar Lizarraga, Iraide eta Mikel Arrizabalaga Garziandia, Aratz Mendoza Rodrigo, Libe San Roman Mariñelarena, Jon Ducar Gerrikagoitia, Garazi Gartzia Salegi, Joseba San Roman Mariñelarena, Janire Braña Velez eta Asier Fernandez Huarte. 

 

Erlazionatuak