Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren Merkataritza Euskaraz kanpaina Altsasuko establezimenduen artean zabaltzea. Eginkizun hori du Idoia Granizo Uribarrenak garilean. Bera Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Graduko ikaslea da, eta ikasketetako praktiken barruan ari da Mank-en kanpainaren berri ematen. Hilabete osoa emanen du Altsasuko establezimenduak bisitatzen eta haien arduradunei Mank-ek eskaintzen dituen doako zerbitzuen berri ematen, baita eskaerak jaso eta bideratzen ere.
Euskara Zerbitzuaren Merkataritza Euskaraz kanpainaren helburua da Sakanako denda, zerbitzu, taberna eta jatetxeetan euskaren erabilera eta presentzia handitzea. Batez ere, hizkuntza paisaian eta komunikazioan eragin nahi du kanpaina horrek (errotuluak, kartelak, web orriak, sare sozialak…). Izaskun Errazkin Beltza teknikariak azaldu duenez, “azken hamarkadetan aurrerapauso handiak egin dira euskararen normalizazioan, batez ere, hezkuntzan eta administrazioan. Baina, euskarak aurrera eginen badu, ezinbestekoa da gizarte bizitzan euskararen erabilera handitzea. Horretarako, gizartean euskara erabiltzeko espazioak eta aukerak ugaldu behar dira. Hain zuzen, merkataritza eta ostalaritza establezimenduak gizarte bizitzako espazio garrantzitsuak dira”.
Kokatzeko
Sakana eta Altsasu Nafarroako eremu euskaldunean daude. Sakanako biztanleen % 40 euskaldunak dira. Altsasun, berriz, % 25 euskaldunak dira eta % 17,8 ia-euskaldunak (euskara ulertzen dute). Nolanahi ere, belaunaldi berrietan euskararen ezagutza gero eta handiagoa da: 25 urtetik beherako altsasuarren % 60 euskaldunak dira eta 15 urtetik beherakoen % 90.
Altsasu Sakanako herririk handiena da eta bertan daude Sakanako establezimendu gehienak. Establezimendu horiek altsasuarrei ez ezik, sakandar askori ere ematen diete zerbitzua. Beraz, bere eragin esparrua handia da. Inguruan badira euskaldun tasa % 60-70etik gora duten herriak (Arbizu, Etxarri Aranatz, Urdiain…).
Eskaintza
Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Merkataritza Euskaraz kanpainaren bidez doako produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dizkie eskualdeko establezimenduei, euskararen erabilera eta presentzia handitzeko. Alde batetik, hizkuntza paisaian eragiteko produktuak daude, esaterako: kartel edo errotulu estandarrak (ordutegia, irekita-itxita, erreklamazio orriak, merkealdia, maskara derrigorrezkoa…), hiztegi-orriak (fruta, okindegia, harategia…) edota inprimaki-takoak (fakturak, ordainagiriak…). Halakoak eskatu nahi dituenak euskara2@sakana-mank.eus helbideren edo 948 464 840 telefonoaren bidez egin dezake.
Horretaz aparte, Euskara Zerbitzuak doako Itzulpen eta Hizkuntza Aholkularitza Zerbitzua jarri du ibarreko establezimenduen eskura. Harekin harremanetan jartzeko itzulpenak@sakana-mank.eus e-postara idatzi edo 608 007 802 edota 948 464 840 telefonoetara hots egin daiteke. Bestalde, ibarreko erakundeak establezimenduei zuzendutako hainbat diru-laguntza ematen ditu, esaterako: errotuluak euskaraz jartzeko edota euskara ikasleendako dirulaguntza. Horiei buruzko informazioa euskara1@sakana-mank.eus e-postan edo 948 464 840 telefonoan jaso daiteke.