Udalak irabazi asmorik gabeko erakundeendako dirulaguntza deialdia egin du

Guaixe 2020ko uzt. 29a, 10:52
Jendea Gartzia Ximenez kalean.

Agorrilaren 30era arte aurkeztu daitezke eskaerak. 7.200 euroko diru-poltsa du deialdiak.

Altsasuko Udalak emanen dituen laguntzen helburua da bereziki beharra duten eta Altsasun eragina duten biztanleria-sektoreen bizi-baldintzak hobetzea ahalbidetuko duten ekimenak sustatzea eta dinamizatzea. Bereziki diruz lagunduko diren proiektu eta jardueren helburua izanen da integrazioaren, aukera-berdintasunaren, arrisku sozialeko egoeren prebentzioaren edo kalteberatasun, babesgabetasun, mendekotasun edo gizarte-bazterketako egoeren tratamenduaren alde egitea.

Dirulaguntza jasotzeko, erakunde edo elkarteek bete beharreko baldintzak dira: legez elkarte gisa eratutako eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribatutako pertsona juridikoak izatea, eta haien agiriak eguneratuak izatea, irabazi-asmorik ez izatea, beren estatutuen edo aurreko urteetako jardueren memorien arabera, honako helburu hau izatea berariaz: integrazioarekin, aukera-berdintasunarekin, arrisku sozialeko egoerei aurrea hartzearekin edo kalteberatasun-, babesgabetasun-, mendekotasun- edo bazterketa-egoerak tratatzearekin lotutako jarduerak egitea; Nafarroan aktiboa izatea, integrazioaren, aukera-berdintasunaren, gizarte-arriskuko egoeren prebentzioaren edo kalteberatasun, babesgabetasun, mendekotasun edo gizarte-bazterketako egoeren tratamenduaren sustapenari dagokionez; egitura nahikoa izatea bere helburu sozialak betetzen direla bermatzeko eta proposatutako helburuak lortzeko beharrezkoak diren esperientzia eta gaitasun operatiboa egiaztatu ahal izateko eta, azkenik, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

Eskabide orriarekin batera memoria, erakunde eskatzailearen eta haren ordezkariaren nortasun juridikoa egiaztatzen duen dokumentazioa, estatutuak, Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria, Identifikazio Fiskaleko Txartela eta Erakundearen legezko ordezkariaren adierazpena eta egiaztagiria aurkeztu beharko dira.