Garapenerako lankidetza laguntzen deialdia egin du udalak

Guaixe 2020ko uzt. 30a, 11:37
Jendea azokan.

Eskaerak agorrilaren 31ra arte aurkeztu daitezke Altsasuko udaletxean. Udalak 6.000 euro bideratuko ditu lankidetza proiektuetara.

Nazioarteko lankidetza-programak edo garapenerako laguntzak bultzatzea helburu duen dirulaguntzen deialdia egin du Altsasuko Udalak. Programek eta laguntza-eskaerek atal bat izan beharko dute herritarrak sentsibilizatzeko zereginetarako, batetik, eta, bestetik, Altsasuko komunitatea eta elkarteek proiektuan parte hartzea sustatzen duten jardueretarako. 

Eskabideekin batera honako agiriak aurkeztu beharko dira: proiektuaren memoria, laburpena (kokapen geografikoa, proiektuaren testuinguru orokorra, aurreikusitako helburuak, garatu beharreko jarduerak eta tokiko bazkidearen aurkezpen laburra), erakunde eskatzailearen eta haren ordezkariaren nortasun juridikoa egiaztatzen duen dokumentazioa, estatutuak, Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan izena eman izanaren ziurtagiria, Identifikazio Fiskaleko Txartela eta erakundearen legezko ordezkariaren adierazpena eta egiaztagiria.

Baldintzak
Deialdira aurkeztu nahi duten erakunde, instituzio edo elkarteek hainbat baldintza bete beharko dituzte: legez eratutako eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziaren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribatutako pertsona juridikoak izatea, eta haien agiriak eguneratuta izatea; irabazi-asmorik ez izatea; beren estatutuen edo aurreko urteetako jardueren memorien arabera, helburu garbia izatea herrien arteko elkartasuna garatzeko eta sustatzeko lankidetzarekin zerikusia duten jarduerak egiteko dela.

Horrekin batera, eskatzen zaie egoitza soziala edo ordezkaritza iraunkor eta aktiboa Nafarroan izatea. Baita Nafarroan aktiboak izatea ere eskatuko zaie, lankidetzako eta laguntza humanitarioko programak kudeatzeari dagokionez, bai eta garapen bidean dauden herrialdeen egoerari buruzko sentsibilizazioa sustatzeari dagokionez ere. Aldi berean, deialdiak eskatzen die erakundeei egitura nahikoa izatea bere helburu sozialak betetzen direla bermatzeko. Baita proposatutako helburuak lortzeko beharrezkoak diren esperientzia eta gaitasun operatiboa egiaztatu ahal izatea ere. Azkenik, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea bete beharreko baldintza da.

Sentsibilizazioaz 
Egitasmoaren zati batek herritarren sentsibilizazio-jardueren proiektu bat izan behar du. Proiektu horrek herritarren hainbat sektoreri eta elkarteri zuzendutako lankidetza-proiektuetan oinarrituta egon beharko du. Eta zenbait irizpide bete beharko ditu. Batetik, jarrera eta portaeren aldaketa erraztea. Hau da, herrien arteko desoreka ekonomiko, sozial eta kulturalen arazoei eta horiek pertsonen bizi-baldintzetan eta biziraupenean dituzten ondorio larriei dagokien jarrera aldaketa bilatzea, betiere genero-ikuspegitik. Eta, bestetik, kontrastatutako informazio-elementu osagarriak eta klinikoak eskaintzea eta Iparraldean parte hartzea eta sentsibilizatzea, hegoaldeko herriek beren garapena egin dezaten.

Era berean, diru-laguntza hauen onuradun diren gobernuz kanpoko erakundeek, proiektuaren memoriarekin batera, Altsasuko udalerrian proiektuaren inguruan garatutako sentsibilizazio-jardueren beste memoria bat aurkeztu beharko dute. Memoria horren aurrekontua ez da inoiz diruz lagundutako guztiaren % 10 baino handiagoa izango, Osasun eta Gizarte Zerbitzuen Batzordeak hala eskatzen dionean.