1986. urtean tximista batek San Pedroko haritz baten kontra jo zuen. Garai hartan kuadrilla bateko kideek bi musika talde osatu zituzten: bat heavyagoa zen eta bestea punkagoa. 1980ko hamarkada zen, eta musika erlijioa zen. Bi taldeetako kideak nahasten hasi ziren. Orduan, Juankar Aguilera Davilak gogoratzen duen moduan, Alonso eta Patxi elkarrekin entseatzen hasi ziren, eta pixkanaka beste taldekide batzuk elkartzen hasi ziren. Oinarrian dagoen estiloa jotzen zuten: Rock and Rolla. 1989. urtean bigarren tximista bat erori zen Altsasun, kasu honetan, inguruko, Euskal Herriko zein estatuko hainbat agertoki sutan jarri zituena: Los del Rayo taldea jaio zen. Taldearen izenak, aldiz, ez du meteorologia fenomenoarekin zerikusirik, eta historia ezaguna da Altsasun: Pablo el Rayo altsasuarrak bere lokala utzi zien entseatzeko.
1989. urtean, duela 31 urte, Los del Rayok lehenengo maketa kaleratu zuen: Gggrrroocanrrolll. Autoekoitzi zuten. Garai hartan musika lehiaketa batera aurkeztu ziren, eta Oihuka diskoetxekoei gustatu eta beraiekin diskoa grabatzeko proposatu zieten. Urte berean Por la cara… diskoa kaleratu zuten. "Gero, dena oso azkar joan zen; oso azkar pasatu zen". Los del Rayo oso "ezagunak" izan ziren, jaialdi eta festa askotan jotzen zuten, eta garaiko talde handienekin jotzen zuten ere: La Polla Records, S.A., Barricada… 1991. urtean Miedo al miedo diskoa kaleratu zuten Gor diskoetxearekin. "Musikatik bizitzea eskaini zieten ere". Baina dena hain azkar iritsi zenez eta gazteak zirenez, "gauza batengatik edo bestearengatik", azkenean 1994. urtean taldea utzi egin zuten. Duela 10 urtera arte.
Hala ere, bi hamarkada horietan Los del Rayoko kideek ez zuten musika alde batera utzi, Juankarrek kontatu duenez: "Josek eta Leok beti izan dute beste talde bat. Alonsok utzi zuen, eta bere kabuz zerbait egin zuen. Beste biak talde batean egon ziren, eta bertan Peio zegoen ere". Reventones taldea sortu zuten. "Oso ongi zegoen".
"Egun batean, ez dakit zergatik, taldea berriz elkar zitekeela pentsatu genuen. Jo, eta garai hobeak gogoratu". Altsasuko Gaztetxearen 20. urteurrena izan behar zen, duela 10 urte, eta "lagunekin" kontzertu bat egin zezaketela pentsatu zuten. "Lau lagun hasi ginen taldearekin abesten, lehengo abestiak. Kontzertua prestatu genuen. Primeran egon zen". "Berotu" ziren eta aurrera egitea erabaki zuten, baina abeslari bakar batekin gelditu behar ziren. Juankarrek prest zegoela esan zien. Gaztetan talderen batean aritua zen Juankar, "denbora pasatzeko eta ondo pasatzeko, inolako intentziorik gabe". Denbora faltagatik utzi zuen. Baina Los del Rayori oso lotuta egon da beti. "Oso erraza izan zen. Gaztetatik beraiekin ibili naiz. Abestea gustatzen zitzaidan, taldea gustatzen zitzaidan eta oso eroso sentitu nintzen". Hortaz, beraiekin geratu ziren, "gaur egun arte".
Bigarren garaia
Ia 20 urte pasa behar izan ziren Los del Rayo berriz agertokian ikusteko. Baina gogoz itzuli ziren. Hortaz, 24 urte geroago taldearen diskografiaren laugarren diskoa kaleratu zuten: Gggrroocanrrolll en dosis chikitas, lehenengo diskoari erreferentzia eginez. Bi urte geroago, 2016. urtean Sin alas para volar diskoa kaleratu zuten. Lau urte pasa dira, beraz, azken diskoa kaleratu zutenetik. "Abestiak sortzeko garaia zen, baina hasi ginen eta arazo pertsonalengatik dena stand by-an gelditu zen zenbait hilabetez. Serio hartu genuen berriz ere, baina koronabirusak harrapatu gintuen. Berriz gelditu behar izan genuen". Orain prozesuarekin hasi behar dira berriz, baina abestiak "nahiko landuak" dituztenez, diskoa grabatzea baino ez zaie gelditzen. Aurreko ostiralean Aguraingo taberna batean kontzertua eskaini zuten, eta abesti berriak jo zituzten: "Jendeari zerbait berria eskaini genion. Nahiko denbora generaman ezer atera gabe".
Diskoa grabatzeko data bilatu behar dute orain, "guztia nola dagoen ikusita, ez gara ausartzen data bat jartzera…". Hala ere, disko berria Gabonetarako izan nahi dute. Oraindik ez dute izenburua jarri, "normalean abesti baten zati bat bilatzen dut, baina oraintxe bertan ez dugu ezer buruan". Abuztuaren 21ean, ostirala, Los del Rayok kontzertua eskainiko du Altsasuko Iortia zabalgunean, 22:00etan. "Akustikoa izango da, baina abesti berriren bat sartuko dugu errepertorioan".
Lau urte hauetan diskoa grabatu ez duten arren, Los del Rayo ez da geldirik egon, eta Haize Berriak bandarekin, Erkudengo Ama abesbatzarekin eta herriko hainbat musikariren kolaborazioarekin batera, Los del Rayo Sinfonikoa kontzertua prestatu zuten. Emanaldiarekin DVDa kaleratu zuten ere. "Oso polita gelditu zen. Zerbait oso desberdina izan zen". Horrelako zerbait egiteko gogoa "aspaldi" zutela esan du Aguilerak: "Alonsoren ideia izan zen. Luis Orduñarekin, Haize Berriak bandako zuzendariarekin, noizbait hitz egin zuen zerbait egin behar genuela elkarrekin, eta azkenean lortu genuen. Oso pozik gelditu ginen".
Zuzenekoak
Los del Rayok, duela hamar urte inguru itzuli zenetik, kontzertu asko eman ditu. "Urtearen eta hilabetearen araberakoa da, baina hilabetean bat edo bi izan daitezke". Zorte handia izan dutela esan du abeslariak. "Hainbeste denbora geldirik egon ondoren", Arrikurock Antsoaingo jaialdian parte hartzeko aukera izan zuten. "Maila altuko jaialdia da bai publikoaren aldetik bai soinu aldetik". Kritikak oso onak izan ziren. "Ordu bateko musika emanaldi oso ona izan zen, eta oso gogoan dut". Tabernetako giroan murgiltzen da gustura Los del Rayo, eta hainbatetan oso kontzertu "onak" egin dituztela esan du Aguilerak. "Askotan ez dugu jo baldintza onak eskatzen ditugulako. Ezin gara edozein tokitara joan". Musika "bizitzen" duten tokietara joaten saiatzen dira. "Ez da diruagatik. Azkenean beti akordio batera iristen gara".
atera iristen gara". Sinfonikoa egin duten proiekturik "handiena" izan dela aitortu du: "Asko pentsatu gabe sartu ginela uste dut. Bandarekin kolaborazioa egingo genuela, besterik gabe. Baina barruan zaudenean handitasuna ikusten duzu. Lehenengo inpresioa izugarria izan zen: jendea eserita, areto bat… Abestia bukatzean, bat-batean, txaloak entzuten ziren, eta barruraino sartu zitzaiela sentitu genuen".
Erreferentziazko taldea
Altsasun eta Sakanan Los del Rayo talde ezaguna da. "Erreferentziazko taldea gara. Ez dakit horrelako talde gehiagorik egongo den". Barricada, La Polla, Su ta Gar, S.A. bezalako taldeekin birak egin zituen Altsasuko taldeak. "1990ko hamarkadan bi disko grabatu zituen, eta jendea oraindik gogoratzen da". Urte haietan talde gutxiago zeuden, "eta giroan zegoenak taldea entzuten zuen". Iruñean, esaterako, jendeak Los del Rayori buruz hitz egiten entzun duela esan du. "Itzultzean, jendea animatu da, kontzertuetara joan da eta diskoak erosi ditu". Denbora luzea pasa den arren, "zarata pixka bat egin" dutela eta jendeak bat egin duela esan du abeslariak.
Belaunaldi berriak harrapatzea zailagoa dela aitortu du Juankarrek. "Lehengo zenbait gauza faltan nabaritzen ditut, eta gaur egungo beste batzuk gustatzen zaizkit". Hala ere, taldea moldatuz joan da. "Lehen, jendeari musika zuzenean entzutea gustatzen zitzaion. 1990ko hamarkadan talde batek taberna batean zuzenean jotzen zuela esaten zuen, eta entzutera joaten ginen. Berdin zion ezagunak edo ezezagunak ziren, bertsioak edo abesti propioak egiten zituzten. Orain zailagoa da". Los del Rayok tabernetan kontzertu "izugarriak" prestatu izan ditu, "eta jende gutxi gerturatu da". Ez dakite zein izan daitekeen arrazoia: "Nik ikusi ditut Los del Rayoren kontzertuak taberna batean, eta ez zen jende gehiago sartzen. Taberna beteta zegoen. Doan zen, eta jendea joaten zen". Dena dela, haien zuzenekoak berdinak direla esan du. "Joaten dena gozatzera doa. Badaki zertara doan". Dena aldatu da, baita musika kontsumitzeko modua ere: "Musika gehiegi dagoela ere izan daiteke, ez du dena entzuteko denbora ematen".
Gazte horiek
"Nik berdin ikusten ditut, eta horrek harritzen nau; gustatzen zait eta laguntzen dit". Garai bateko gogoa eta energia mantentzen dituzte Alonsok (bateria), Josek (baxua), Leok eta Peiok (gitarra), baita Juankar abeslariak ere. "Zuzenekoetan ez dira konturatzen beti han egon direlako, baina nik denbora gutxiago daramat eta, ikusle moduan, energia eta jendearen sentsazioa sentitzen jarraitzen dut. Hasieratik hori zuten, 30 urte pasa dira eta agertokian hori egiten dute".
Los del Rayoren sekretua "denak batera" doazela izan daiteke: "Gure influentziak nahiko antzekoak dira eta, orduan, arazo gutxi izaten ditugu estilo kontuetan". Rock and rollaren barruan abesti melodikoagoak, punkagoak, popagoak edo indartsuagoak egiten dituzte. "Gorputzak eskatzen digunaren arabera egiten dugu". Oraingo etapan "pixka bat lasaiago" daudela dio Juankarrek; zuzenekoetan "indar" gehiago jartzen badiote ere. "Diskoak beti lasaiagoak izaten dira". Esperientzia gradu bat da, "noski. Azkenean, denborarekin abestiak egiteko modua hobetu dugu eta orain abesti zahar bat egiten dugunean nabaritzen da mila aldiz jo dugula". Inoiz ez dute uzteari buruz hitz egin: "Nik uste dut garrantzitsuena dela lagun kuadrilla bat garela. Familia batean bezala gertatzen da, noizbehinka eztabaidatu egiten dugu, haserretu egiten gara, baina hurrengo egunean aurrera jarraitzen dugu, ezer gertatuko ez balitz bezala".
Denetarik
Disko berriak aurrekoarekin "antzekotasunak" izango dituen arren, bi edo hiru abesti "indartsuagoak" izango direla aurreratu du Juankarrek. "Malaletxearekin harrapatu gaitu". Denetaz hitz egiten dute abestiek: "Badira abesti batzuk ez dutenak ezer kontatzen, nik esaten dudan bezala, maitasunari buruz hitz egiten dutenak edo gai serioagoei buruz hitz egiten dutenak. Ezerezetik gai oso serioetara". Diskoa grabatuta izatea "polita" dela esan du abeslariak, "bestetik jendeari abesti horiek betiko eskainiko dizkiogu". Baina Los del Rayo "bai lehen bai orain" zuzenekoengatik dira ezagunak. "Benetakoa da". Taldearen esentzia agertokien gainean dago: "Hasieratik izan da horrela. Oso erraza da, naturala entzuten da".
Garai berrietara egokitzen ari da taldea, eta kontzertuetan jendea eserita ikustera moldatu beharko dira. "Pentsatzen nuena baina erosoago sentitu nintzen. Uste nuen gogo edo motibazio gutxiagorekin egongo nintzela, baina ez". Jendearendako "arraroagoa" izango dela uste du: "Esku frenoa jarrita bezala izango da". Altsasuko kontzerturako akustikoa prestatzen ari dira: "Naturalagoa da jendea eserita egongo delako. Lasaiagoa da, gusturago".
Los del Rayokoei kolaborazioak egitea gustatzen zaie, eta itzuli zirenetik Aintzane eta Jaione abeslariak ondoan izan dituzte. "Ahots izugarria dute, eta taldeari asko ematen diote". Gitarran ere azken kontzertuetan Iñaki Gascok laguntzen die. "Diskoan parte hartuko du ere".
Los del Rayo luzerako dago: "Nik uste baietz. Anbizio gutxi dugunez, gauzak ongi egitearekin eta ongi pasatzearekin, aurrera".