Saskibaloia

Naiara Diez altsasuarrak beste urte batez jarraituko du Lointek Gernikan

Guaixe 2020ko uzt. 24a, 12:23

Naiara Diez kapitainak beste urte batez jarraituko du taldearen bihotza izaten eta talde bizkaitarrean bere 8. denboraldia osatuko du

Naiara Diezek beste urte batez jarraituko du Lointek Gernika Bizkaia taldean, eta, bere berritzearekin, altsasuarrak 12 jokalariko taldea osatu du. Eskolta sakandarrak bere zortzigarren denboraldia beteko du elastiko granatea babesten eta 33 urterekin kapitaina izaten jarraituko du, hau da, klubaren bihotza izaten.

Naiara Diez 2013an iritsi zen Gernika Lointekera, eta, hortaz, altsasuarrak zortzigarren urtea osatuko du Malosten. Hirukoak, defentsa eta, batez ere, pasioa. Bere jokoa zenbakietatik harago doa. 

Denboraldi oso luzea eta gogorra espero du talde bizkaitarrak, Emakumezkoen Endesa Ligari EuroCupeko partaidetza gehitu behar baitzaio. Baina gogotsu daude Malostekoak. Naiara Diezen kontratu luzapenarekin Mario Lopez entrenatzaileak 12 jokalari izango ditu taldean, hau da, partidetan zehar aukera asko. Itziar Ariztimuño, Laura Cornelius, Roso Buch, Milica Ivanovic, Marta Alberdi, Angie Bjorklund, Naiara Diez, Belen Arrojo, Margaret Roundtree, Paula Ginzo, Nadia Colhado y Nogaye Lo jokalariek osatuko dute talde granatea. 

Naiara Diezek azaldu du “ohorea” dela beste urtebetez talde gernikarreko partaide izatea. “Nire bigarren etxean bezala sentitzen naiz bertan, 8 denboraldiren ondoren. Denboraldia hasteko ilusio handia daukat, eta, batez ere, gure joko erakargarriarekin marea granatea gozarazteko. Iazko lorpenekin maila oso altu dago, baina guk lehendabizi gure lana egin behar dugu, hau da, entrenamendu guztietan oso gogor lan egin”, adierazi du kapitainak.