Udako gau musikalak

Guaixe 2020ko uzt. 29a, 11:22

Haize Berriak bandak 'Munduko musika' kontzertua eskaini zuen, Altsasuko udako egitarauaren barruan. Ostiralean, uztailak 31, Fitoscopia taldearen kontzertua izanen da, 22:00etan, Iortia zabalgunean 

Iortia zabalgunea Altsasuko kultur plaza bihurtu da, eta espazioa mustutzen lehenengoak Haize Berriak banda izan da. Ostiral gauean bandak hainbat herrialdetako musikak ekarri zituen. Gainera, arratsaldean Altsasuko gaiteroek erronda egin zuten herriko kaleetatik, plazetatik eta terrazetatik. 

Ostiralean, hilak 31, 20:00etatik aurrera Txaranga Txorongo herrian zehar ibiliko da kaleak alaitzen. Ondoren, 22:00etan, Iortia zabalgunean Fitoscopia Fito&Fitipaldis taldearen tributuak kontzertua eskainiko du. Hamar urte baino gehiago daramatza taldeak Bilbokoen abesti mitikoenak eskaintzen. 

Haize Berriak-en saio bikoitza
Sakanako musika bandak emanaldi bikoitza egin zuen aurreko asteburuan. Ostiralean Altsasun egin zuten kontzertua, eta larunbatean Arbizuko plazan, herriko udako egitarauaren barruan.