Mendia

Altsasuko Mendigoizaleak-ek agorrileko egutegia ezagutarazi du

Guaixe 2020ko uzt. 28a, 13:22
Altsasuko Mendigoizaleak taldeko kide batzuk. Argazkia: Artxiboa.

Mendia maite dutenak taldearen irteeretan parte hartzera gonbidatu dituzte. Irteera bakoitzaren berri zehatza www.altsasukomendigoizaleak.com web orrian emanen dute

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak astebururo irteera antolatzen du. Orain arte mendi taldeko Whatsapp taldearen bidez zehazten zuten astebururoko irteera. Baina, jakinik, taldekideez aparte mendizale gehiago daudela Altsasun eta inguruan, Altsasuko Mendigoizaleek erabaki dute euren mendi ibilbideen egutegia publiko egitea. Hileroko egutegiak osatzen hasi dira, eta dagoeneko agorrileko egutegia jakinarazi dute. Horrela, mendizaleek eskaintzaren berri izanen dute, eta beraien plangintza egin eta irteeretan parte hartzeko aukera izanen dute. Gainera, mendi irteera bakoitza taldeko kide baten ardura izanen du.

Mendizaletasuna sustatzeko hartutako erabaki horrekin batera, Altsasuko Mendigoizaleak taldeak hainbat baliabide jarriko ditu mendizaleen esku iragarritako ibilbideak egin ahal izateko. Esaterako, mendi taldeak www.altsasukomendizaleak.com web orrian ibilbideen berri emanen du track, wanpoints eta abarren bidez. Gainera, Wikiloc doako aplikazioan Altsasuko Mendigoizaleak-ek profila sortuko du. Hala ere, taldekideek GPSarekiko mendekotasuna kentzearen aldekoak dira, mendiaz gehiago gozatu ahal izateko eta mapa, orientazio eta halakoen bidez mendizaletasuna bizi ahal izateko.  

Altsasuko Mendizaleak taldeko kideek jakinarazi dutenez, mendi irteeren abiapuntura autoz joanen dira eta, beraz, sortutako gastuak autoaren jabeari ordainduko dizkiote. Bestetik, gaztigatu dutenez, mendi ibilaldian parte hartzen dutenek irteerako arduraduna babestu eta antolakuntza erraztu beharko diote. Mendian taldearen erritmoa mantendu beharko dute, despistatu gabe. Eta ibilaldia uzten badute edo bestelakorik gertatzen bada, hari jakinarazi beharko diote. 

Egutegia 
Eguna        Ordua       Ibilbidea                                                            Ezaugarria
Agorrilak 2 08:00       Arantzazu-Aloña-Urbia-Arantzazu.                 Egun erdiko ibilaldia. 
Agorrilak 9 08:00       Murua-Harrobia-Gorbea-Harrobia-Murua.    Egun erdiko ibilaldia. 
Agorrilak 16 06:00     Panticosa-Iboi urdina-Tebarray iboia-Marmolerako gaina. Egun osokoa. 
Agorrilak 23 06:00     Oza-Lenitoko gaina-Forcako gaina.               Egun osokoa. 
Agorrilak 30 06:00     Gaintza-Balerdi-Gaintza.                                  Egun erdiko ibilaldia.