Udal igerilekuak berritzeko proiektua onartu du

Guaixe 2020ko uzt. 29a, 10:27
Dantzalekuko igerilekuak.

Dantzalekuko igerilekuko kanalizazioan dauden arazoak konpondu eta umeen igerilekua guztiz berritzea aurreikusten du udalak. 148.000 euro bideratuko ditu lanetara udalak. 

Udako igerilekuak Dantzalekun ditu Altsasuk, baina aurten ez daude zabalik udalak hainbat arazo antzeman baititu. Alde batetik, igerileku nagusira ura eramaten duen kanalizazioak ur ihesak dituela uste dute udal teknikariek. Handik ura ateratzeko kanalizazioan, ur kolektoreetan eta igerilekuko gainezkabideetan ere arazoak daude. Horren guztiaren ondorioz, saretik ur asko eman behar zaio igerilekuari, ezin baita ura birzirkulatu. Horren ondorioz egoten da igerilekuko ura hain hotza. 

Arazo horiek konpontzeko, Altsasuko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak igerilekuak erreformatzeko proiektua onartu zuen herenegun. 2021eko udarako igerilekuak prest nahi dituenez, udalak lanak aurten eginen ditu. Horiekin, antzemandako arazoak konpondu eta igerilekuen eraginkortasuna epe ertain eta luzera bermatu nahi du udalak. Onartutako proiektuaren arabera, igerileku handira ura bultzatzeko eta itzultzeko kanalizazioen eta igerilekuaren estalduraren erreformak eginen dira. Horrekin batera, umeendako igerilekua osorik eraberrituko da, konpentsazio-ontzia barne. Gainera, igerileku txiki horrendako bakarrik izanen den makina-gela berria eginen da, egungo makina-gela urrun baitago.