Eskolako lanak eman ditu udalak

Guaixe 2020ko uzt. 30a, 10:50
Atezainaren etxe ohia eta ondoko eraikineko teilatua berrituko da.

Teilatuaren zati bat konponduko dute udan. Lanak Lacunza Hermanos, S.L. enpresak eginen ditu, 52.648,60 euroren truke (BEZa barne). Altsasuko Udalak inbertsioa egiteko Hezkuntza Departamentuaren %65eko dirulaguntza du (BEZ gabe).

Altsasuko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Zelandi eskola publikoan udan egin beharreko lanak eman zituen atzo. Ikastetxearen mendebaldeko zatiaren teilatua berrituko da, hainbat itajura baitaude. Horretarako teilazpiko isolatzailea eta teilak jarriko dituzte. Gainera, ikastetxeko eraikin nagusiaren eta mendebaldeko eranskinaren artean teilatu zati lau bat dago. Han lehendik dagoen iragazgaiztearen gainean lamina autobabestu bat jarriko da. Gainera, teilatuko ura biltzen duen erretena ere ordezkatuko da, toki batzuetan ihesak eta herdoila dituelako. 

Zelandi eskola publikoa 1977an eraiki zuten. Gerora, orain konponduko den zatia gehitu zioten mendebaldean. Ikastetxeak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak hartzen ditu. Eraikina Altsasuko Udalaren jabetza da, eta udalak urtero inbertsioak egiten ditu hura egoki mantentzeko. Altsasuko Udalaren iritziz, Hezkuntza Departamentuak hartu beharko lituzke bere gain ikastetxearen mantenu lanak, udala urtero dirulaguntza deialdietara aurkeztera behartu gabe. 

Azken urteetako lanak 
2016   Beheko eta lehen solairuko komunen zati bat berritu zen.
2017  Komunen berritzea bukatu zen. 
2019  Ate batzuk berritu ziren, eta beheko solairua margotu zen.