Udalak etxeetako balkoiak eta terrazak ixteko ordenantza onartu du

Guaixe 2020ko uzt. 30a, 16:56
San Joan kalearen ikuspegia.

Araudi horrek segurtasun juridiko handiagoa bermatuko die administratuari eta dagokion obra-lizentzia emateko eskumena duen udalari.

Altsasuko Udaleko Hirigintza Batzordeak sustatuta, balkoiak eta terrazak ixteko ordenantza onartu zuen udal bilkurak atzo. Kontuan hartuta balkoien eta terrazen itxierek berekin dakartela etxebizitzan zenbatu gabeko azalera bat sartzea, eta, ondorioz, higiezinaren eraikuntza-aprobetxamendua handitzea, Altsasuko Udalaren irizpidea izan da orain arte itxitura horiek egiten ez uztea, aukera hori ez baita propio jaso udalaren araudian. Hirigintza-tresnaren bat izapidetu den kasuetan bakarrik baimendu dira. 

Balkoia edo terraza ixteko obra-lizentzia eskaerak jasotzen zituenez, udalak ordenantza onartu du, halako aurreikuspenik ezaren aurrean jarduera horiek arautu ahal izateko eta beharrezkotzat jo den errealitate bat hauteman duelako.

Hirigintza planaren aldaketa 
Hirigintza araudian aldaketa egin zuen eta 18 bis artikulua sartu zuen Altsasuko Udalak herenegun. Horren ondorioz,  apustu-establezimenduak, joko-aretoak eta bingoak non kokatu zehaztu du: kirol-, kultura-, hezkuntza- eta joko publikorako lokalen arteko gutxieneko distantzia 400 metrokoa izanen da. Beraz, joko-aretoen, apustu-etxeen eta bingoen kokapena arautzeko udal-plan orokorra aldatuta gelditu da. 

Udalak gogorarazi duenez, ilbeltzaren 24ko ohiko bilkuran erabaki zuen bertan behera uztea apustu-establezimenduen, joko-aretoen eta bingoen jardueretarako obra- eta irekiera-lizentzien tramitazioa, gehienez ere urtebeteko epean, era horretako jardueren kokapena Udal Plan Orokorraren aldaketa baten bidez arautzea.