Abuztuaren 28an, ostiralarekin, 20:00etatik aurrera, Elektrokela elektrotxarangak bere mustutzea egingo du Altsasuko kaleetan. Bederatzi gaztek osatzen dute taldea: Irune Guinea (saxofoia), Hodei Alegre (perkusioa), Daniela Markes (perkusioa), Amaiur Goikoetxea eta Jesus Palop (abeslariak), Unai Manero (tronboia), Iñaki Cerezo (tronpeta), Luken Goikoetxea (baxua) eta Ekain Alegre (gitarra). Gazteak diren arren, eskarmentu handia dute musikaren munduan, izan ere, gehienak beste talde batzuetan ere aritzen dira.
Zergatik elektrotxaranga?
Aurreko urtean hasi genuen proiektua da. Hasieran, herri elektrotxaranga zen, herriko musikarien artean, zerbait jotzeko, festetan ongi pasatzeko. Hasieran, bost pertsona elkartu ginen, lehenago beste bi gehiago zeudelako, Patxi eta Adrian. Altsasuko Kuadrillen eguna antolatzen ari ziren, eta esan ziguten ea posible zen Altsasuko musikariak elkartzea. Hasieran, ez genekien elektrotxaranga moduan izango zen. Talde irekia zen. Instrumentuengatik elektrotxaranga moduan osatzea erabaki genuen. Ondoren, Gaztetxearen urteurrenean jo genuen herri elektrotxaranga bezala. Abenduan serioago hartzea erabaki genuen, eta izenak pentsatzen hasi ginen.
Zer desberdintasun daude elektrotxaranga baten eta ohiko txaranga baten artean?
Desberdintasun nabarmenena instrumentuak dira. Guk, adibidez, baxua eta gitarra bezalako instrumentuak ditugu. Instrumentu horiek ekipoa behar dute, anpliak eta. Txaranga haizezko instrumentuek eta perkusioak osatzen dute, gehienbat. Ez dute behar musika ekiporik. Elektrotxaranga batean bestelako kantak egin daitezke.
Hainbat taldetan ibiltzen zarete. Zer desberdintasun nabaritzen dituzue?
Elektrotxarangak aukera ematen digu banda edo txaranga batean jotzen ez ditugun abestiak jotzeko. Azkenean, talde horiek bere errepertorioak dituzte. Tabernetan entzuten diren abestiak jotzen ditugu elektrotxarangan, rock estilokoak eta abar. Txarangetan kalejirak dira gehienbat. Bandan beste estilo batzuetako kantak jotzen ditugu. Publikoa ere desberdina da. Elektrotxaranga gazteei bideratuta dago.
Zer nolako abestiak egiten dituzue?
Denetarik daukagu: rock, reggae, ska… tabernetan entzuten dena. Euskal Herrian ditugun taldeetatik hainbat abesti hartu ditugu, eta errepertorio bat osatu dugu. Gehienbat, jendea animatzeko abestiak dira.
Elektrokela izena nondik dator?
Zerrenda izugarri luzea geneukan, eta, azkenean, modu demokratikoan erabaki genuen. Gehienak txorradak ziren. Izen hau txorrada horietako bat da: Elektrokela.
Abuztuaren 28an Altsasun zehar erronda egingo duzue. Zer espero duzue?
Azken fnean, jendearekiko hurbiltasuna da desberdintzen gaituena. Nahiko sentsazio arraroa izango da abuztukoa, egoeragatik segurtasun tartea utzi behar delako. Baina jendeak ongi hartzen badu eta neurriak errespetatzen baditu, nik uste zerbait polita egin daitekeela. Hala ere, ez da gauza bera izango. Ea jotzen dugun, noski, hori beste kontu bat da. Gogoa badugu, baina jendea ezin denez dantzatzera hurbildu… gure helburua jendea animatzea da, eta gustura egotea. Orduan, hori terraza batean eserita egin badaiteke, primeran.
Abenduan elektrotxaranga sortu, eta martxoan konfnamendua. Nola pasa duzue?
Sentsazio oso arraroa izan da. Taldeetan entsegu pila bat izatetik, bat-batean, etxean bakarrik egotera eta bakarrik entseatzera pasa ginen. Berriz ere taldean jo nahi genuen. Proiektuekin aurrera jarraitzeko gogoa genuen.
Sare sozialetarako bideoak egin dituzue, ezta?
Bai. Talde horiek hor jarraitzen dutela esateko.
Nola ikusten duzue uda?
Uda arraro samarra izaten ari da. Beno, urtea orokorrean. Oraindik ez dakigu ateraldi asko izango ditugun… Datorren urtera begira ere ez dakigu nola egongo den egoera.
Zertan inspiratu zarete elektrotxaranga sortzeko orduan? Zein dira zuen erreferenteak?
Sanferminetan Iruñeko alde zaharrean ibiltzen diren elektrotxarangak ikustean pentsatu genuen geuk ere abesti horiek jo nahi genituela. Elektrotxarangek jende asko mugitzen dute, abestiak ezagunak baitira. Jendea animatzen da.