Alkateak eskuin muturraren mehatxuak jaso ditu

Guaixe 2020ko abu. 31a, 15:47

Ospa egunaren kontura, sare sozialen bidez “mezu iraingarri ugari” jaso dituela gaztigatu du.

Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek sare sozialen bidez jakinarazi duenez, “Altsasuko alkate gisa, eskuin muturretik heldu diren mezu iraingarri ugari jaso ditut”. Ollok gaztigatu duenez, “gorrotoa demokratikoa ez den edozein ideologiaren oinarria da”. Eta halakoen aurrean elkarbizitzaren aldeko deia egin du. Ollori elkartasuna adierazi diote, besteak beste, Javier Remirezek (Nafarroako Gobernuko bozeramaileak), Javier Esparzak (UPNko presidenteak), Nafarroako Ahal Duguk, Jon Iñarrituk (EH Bilduko diputatua) edota Carlos Perez Nievasek (Nafarroako Ciudadanoseko bozeramailea). 

Ospa Egunaren kontura sortutako giroaren harira jaso ditu mezu horiek Altsasuko alkateak. Espainiako Auzitegi Nazionalak ostiralean jakinarazi zuen Ospa Eguna debekatzeko arrazoirik ez zegoela. Hala, fiskaltzaren iritzia kontuan hartuta, Guardia Civilaren Ofizialen Batasunak egindako eskaera atzera bota zuen. Epaitegiak, hala ere, “gorespen” ekitaldiak edo “biktimak umiliatzen” dituzten ekitaldiak saihesteko neurriak hartzeko eskatu zien Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuari, Guardia Civilari eta Foruzaingoari. 

Erreakzioak 
Ollok berak gogorarazi zuenez, “ekitaldi bat baimentzeko prozedura administratibo bat tramitatzeko garaian neutraltasun eta objektibotasun printzipioek gobernatu behar dute administrazioa”. Ospa Egunaz aritzean, alkateak gaineratu zuenez, “aldarrikapen legitimoak eta adierazpen askatasunerako eskubideak babesten dituenak dira”. 

Navarra Suma koalizioko alderdi nagusiak, UPNk, Ospa Egunaren kontra egin zuen. Javier Esparzak adierazi zuenez, “Nafarroako gizartearen gehiengoak sentitzen duenaren kontrakoa da, Guardia Civila eta Estatuko gainontzeko segurtasun indarrak Nafarroan askatasuna eta demokrazia defendatzen segitzea nahi baitute”. UPNko kidearen iritziz Ospa Eguna “adierazpen askatasuneko ekitaldia baino gehiago, beldurtzea, jazartzea eta bazterketa besterik ez du bilatzen”. Koalizioak Gobernu Ordezkaritzari eskatu zion “beharrezko neurriak har zitzala delituak eragozteko”. Navarra Sumak esker ona adierazi dio Guardia Civilari. 

PPk ekitaldia bertan behera uzteko eskaera egin zuen aurreko egunetan, “gorroto ekitaldia” zelako, eta “Estatuko segurtasun indarrak eta haien familiak umiliatzen dituelako”. Nafarroako PPko presidente eta PPko Antolakuntzako lehendakariorde Ana Beltranek onartezintzat jo zuen ekitaldian Guardia Civilak koronabirusarekin parekatzea. Beltranek adierazi zuenez, “Pedro Sanchezen inbestidura bazkideek, beste behin, Guardia Civila umiliatuko dute, eta bere indiferentziak konplize bihurtzen du”. PPko buruak jakinarazi zuen Fernando Grande Marlaska Barne ministroaren agerraldia eskatu duela Espainiako Kongresuan, “jakinaraz dezan bere ministerioak Nafarroan zein jarduera egin dituen guardia civilak ETAren aldekoen gorroto kanpainetatik babesteko. Halaber, eskatu du azaltzeko zergatik Espainiako Gobernuak ez dituen babestu guardia civilak eta bere familiak”. PPko buru Pablo Casadok Sanchezen gobernuari eskatu zion Altsasuko alkateari exijitzeko “familiekin batera erasoa jasan zuten guardia civilei errespetua. Bestela, udala biolentoekin konplize izateagatik Altsasuko Udala desegitea” eskatu zuen.

Ciudadanoseko bozeramaile Carlos Perez Nievasek adierazi zuenez, “isiltasuna eta permisibitatea Ospa Egunari darion gorrotoaren konplizitatearen pareko dira”. Perez Nievasek gaineratu zuenez, “demokrata guztiendako aberrazioa da Ospa Eguna ospatzea”. Udalari eskatu zion “bere gorrotoaz eta intolerantziaz gazte erradikal talde bat arbuiatzeko, guztiok estimatzen dugun herri bat zikintzen baitu”. Aldi berean, Gobernu Ordezkaritzari zuzenduz, esan zuen: “beharrezko tresna demokratiko nahiko ditu Guardia Civila eta Foruzaingoa ez iraintzeko eta ez mespretxatzeko. Nahikoa da erabili nahi izatea”. Azkenik, Ciudadanoseko bozeramaileak “Guardia Civilak eta Foruzaingoak egiten duten funtsezko lana estimua eta esker ona” azaldu zien. 

Voxeko buru Santiago Abascalek esan zuenez, “terroristak Altsasutik kanpora”. Eta gaineratu zuen: “kanpora guardiak eta haien familiak jazartzen dituzten politikari eta epaile konplizeak”. Voxek “Espainiako eta Askatasunaren etsaien kontra sendotasuna eta legearen ezarpena” eskatu zituen.